Merezia duzue zigorra

2008, martxoak 3

Imajina ezazue [abokatuak aholkatu dit artikuluon garbi uztea hau guztia fikzio hutsa dela; beraz hala bedi], imajina ezazue, nioen, aurrekaririk gabeko bonbaldi baten ondorioz, Vocento taldeko egunkarietako azpiegitura osoa suntsitua izan dela, erredakzio eta administrazioko lokalak oro deuseztuak, errotatibak hautsetan. Inork irudikatu al lezake, balizko kasu horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako goi kargu baten artikulua, zeinaren %50a litzatekeen egunkari horien ildo editorialarekiko desadostasunei buruzkoa? Ez? Aldatu biktimen eta egileen izenak, eta horixe bera da gertatu berri dena. Horren neurrikoa izan baitzen, nire iritzian, pasa den asteburuan Patxi Baztarrikak eginikoa, bere Con vosotros desde la discrepancia / Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin artikuluarekin.

Hamabi pertsona kartzelara joateko zorian dauden honetan, eztabaida «intelektuala» planteatu nahi digu sailburuorde jaunak. Oso gai zerrenda interesgarria proposatu ere: euskaltzale batzuek egiten duten euskararen bahiketa politikoa, zintzotasunik gabeko elkartasunaren balio eza, hizkuntzak bere baitan biltzen dituen mundu ugariak… Baina halakoa da nire moztasuna, nik ezin dut, ez naiz intelektualki aski heldua, une honetan barrenak ez dit eztabaida horretarako tarterik uzten.

Esango nuke detailetxo batek erretratatzen ahal duela ongien Patxi Baztarrikaren artikuluaren izpiritua: duela bost urteko otsailaren 23ko manifestazioa «erresumin demokratiko» bezala definitu izana. Edo ni erabat autista naiz, edo iruditzen zait elkarretaratze hartan bildutakoetatik oso gutxiri bururatuko litzaiokeela demokratiko adjektiboa hura definitzeko. Zertara dator demokratiko hori? Ez dugu nonbait irakasgaia aski barneratua: estatuak bere armak ditu (gobernuak, epaileak eta poliziak), eta herritarrek eurenak (manifestazioak). Bakoitza berean eta legezko neurriak zorrotz zainduta. Orduko manifestazioan zaborrontzi bat irauli balitz, orduan ez, demokratikoa izateari utziko ziokeen, interpretatzen dut. Hahor demokraziaren legeak… eta boteretsuek maite ez dituztenak umiliatu beharra, iraina eta adar jotzea.

Baztarrikaren artikuluan behin bakarrik aipatzen da biktima hitza. Jakina, ETAk sortutakoez ari da. Egunkaria, erran gabe doa, ez da biktima. Are gutxiago duela bost urteko sarekadan torturatuak izan zirenak. «Barrabaskeria» baten nozitzaileak besterik ez dira. Eta nago ez dela bakarrik El Correo-k eta El Diario Vasco-k argitaratzeko moduko artikulua izan behar zuelako. Jarrera etiko baten adierazgarri garbia ere bada.

Del Olmo epaileak Joan Mari Torrealdairi: «Zeuk ez badakizu ere, ETAkoa zara». Baztarrika sailburuordeak Egunkaria-ko auzipetuei: zuek ez badakizue ere, ETArekiko akritizismoaren konplizeak zarete. Batentzat delitua dena, bestearentzat akats larria. Bi-biak, barkaezinak eta larrutik ordaindu beharrekoak. Kobratzaileak, bakoitza bere estiloan.

Egunkaria-ko auzipetuok: kartzelara joango zarete, eta merezia daukazue. Hori ez du Baztarrikak esan. Hori nik esaten dut. Zuetako batzuk ezagutzen zaituztet. Ezagutzen zaituztedanen artean, gehiengoa zarete ETA eta haren ekintzak kritikatu eta gaitzetsi izan dituzuenak. Huts galanta kometitu zenuten, aldiz: erakunde armatuarekin «akritikoak» garenokin elkartu zineten, eta gizarte honek agintzen ei du huts horiek deliturik larrienaren pare kitatu beharra. Gure erruagatik jasoko duzue zigorra. Konpainia hobea aukeratzea zenuten. Baztarrikaren artikuluak erruduntasuna kutsatu dit, hori ezin izan dut saihestu: ni eta ni bezalako batzuen erruagatik jasoko duzue zigorra. Inoiz barkatuko didazuelakoan, hona nire aitorpen publikoa.

Kartzelara joango zarete, baina lasai egon, Baztarrika jauna zuekin dago, beti babestuko zaituzte, ahal izango duen moduan (beti ere, espetxeetako araudiak baimentzen duenaren mugetan) zuekin eztabaidatu nahi izango du euskararen orainaz eta etorkizunaz. Eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak emango dizkiete zuen senideei bisitan joan dakizkizuen. PPkoen presioek ez dute lortuko giza eskubideen aldeko jokabide horretan atzera egin dezaten.

Eusko Legebiltzarreko mahaikideen inhabilitazio kiloa oso garesti dago, izugarri egin du gora azken hilabeteetan. Terrorismo akusaziopekoen kartzela kiloa, aldiz, izugarri merke dago, barregarri baxu, eta beheititzen ari. Horixe da merkatuaren legea, eskari-eskaintza arauek markatzen dutena. Zuei zatirik txarrena tokatu zaizue, baina hori omen da gizarte honetan arrakasta eta porrota bereizten dituen marra mikroskopikoa: behar den tokian, behar den unean eta, orain gehitu beharko dugu, behar den konpainian egoten jakitea.

Badakit EAJn gehienak ez direla Baztarrikaren estilo mendekuzale eta herradunekoak. Hala ere, kasualitatea zer den, euskalgintzako interlokutore bezala horrelakoak gehiegitan tokatu zaizkigu. Batzuetan kontrakoa iruditu bazaigu ere, Joseba Arregiren izpirituak bizirik dirau jeltzaleen baitan, iritsi berrien baitan behintzat. Martin Ugalderi mamu gehiago kabitzen ez zitzaizkioneko hartatik gauza asko aldatu dira, begien bistakoa denez. Baina beste gauza batzuk ez dira batere aldatu.

Josu Landa, Egunkaria Sortzen-eko kidea

[ BERRIA, 2008-03-01 ]

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>