Sortatxoa, zoritxarraren aurrean

2008, martxoak 3

Horrela zioen Andres Urrutiak otsailaren 12an Bilbon egin genuen ekitaldi sozialean: «Aita batek bildu zituen sei semeak, eta gazteenari abar bat eskuratuz esan zion: ‘Hautsiko al duk abartxo hau?’. Eta gaztetxoak, klik batez, bi zati egin zuen. ‘Orain bildu sutarako daudenen artean lodiera bereko sei -esan zion berriz-, eta eman anaia nagusiari… Ea hik, Joxe, sortatxoa eskuz hausteko kemenik baduan’. Seme zaharrenak egin zituen ahaleginak, eta alferrik. ‘Hauxe diotsuet -hitz egin zien aitak-, sakabanaturik bizi zareten anaiak banan-banan arerioaren eskuetan jostailu zarete, baina elkar egiten baduzue, ez zaituzte inork menderatuko’».

Kontakizun horixe zen gure Martin Ugalde maitearen gogokoena, zoritxarraren aurreko batasunaren premia adierazi nahi zuenean. Euskaltzainburuak euskalgintzaren gizarte sektorearen izenean egindako hitzaldirako berreskuratu zuen, Egunkaria auziko auzipetuekiko elkartasun-ekitaldi horretan.

Esperientziaz dakigu zer zaila den borondateak batzea, nahiz eta banan-banan bereizita, denak funtsean norabide berean agertu. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurreko asteazkenean, otsailak 27, egunkari honetan argitaratutako artikulua horren froga ezin hobea da. Egun batzuk lehenago, Jaurlaritzak, bozeramaile ofizialaren bidez, sailburuordearen artikuluaren oso bestelako komunikatua igorri zuen, edukiari dagokionez. Bi adierazpenak, Egunkaria-ren aurkako lehen operazioaren bosgarren urteurrenaren kariaz.

Idazki horretako hainbat eta hainbat alderdik merezi dute, aipamenengatik, gure erantzun legitimoa. Baina horietatik guztietatik gutxi batzuk baizik ez ditugu jorratuko, erabat saihestezinak direlako, eta berriro ere lehenbailehen gaur egun garrantzitsuentzat jotzen dugunari begira jartzeko asmoz, hau da, Martin Ugalderen kontakizunaren espiritua sendotze aldera.

Xede horri begira, utz dezagun alde batera artikulu horrek guri zein gure familiei eragin digun min sakona, ekar diezazkigukeen ondorio larri eta bidegabeengatik.
Lehenik, esango dugu kritikak ez digula batere beldurrik ematen, ezta kritika publikoak ere. Erraz sinetsi daiteke hori gure ibilbidea ikusita. Nahiz eta bagenukeen sailburuordeari zer aurpegiraturik, modu honetan egiteagatik, beste mota bateko ekimenen beharrean aurkitzen garenean.

Auzitegi Nazionalari, ordea, beldur handia diogu. Eta han hainbat jende kondenatu da artikulu horretan azaltzen diren antzerako edukiak baliatuta. Hauxe da gure aurpegiratzearen muina, bi oharpen gehituta. Bat, asko gehiago esan dezakegula honetaz, baina ez salbuespenezko epaimahai horren aurrean geure kaltetan aritzeko arriskurik gabe. Errealitatea zatikatu, partzializatu eta bihurrituaz, egozpenak multzoari eta era orokorrean eginaz, sailburuordeak egiten dituen bezala, ez da joko-zelai erraza guretzat, egoera honetan.

Beretzat bai, erraza da lumaje osoa zabaltzea, badakienean esku eta hankak lotuta ditugula publikoan erantzuteko. Berak ez du ezer jokoan. Guk, urte luzeetako kartzelatzea.

Eta bi, artikulugilea agian ez zen ohartzen bere idatziak zuen eragin honetaz. Gure galdera da hain goi mailako ardura eta erantzukizuna daukanari barka dakiokeen halako hutsunerik.

Aitzitik, uste dugu artikulugilearen funtsezko xedea gure aldeko bere babesaren meritua azpimarratzea dela, desadostasunetik sortua izanagatik eta ez Egunkaria-ren informazio-ildoarekiko atxikimendutik.

Harira, bere desadostasunaren erakustaldia ez da batere originala aniztasuna zalantzan jartzen ez zaion olatu sozialaren aurrean. Jakina da, baina errepika dezagun hala ere, auziak gizartean eragin duen erantzuna ez du informazio-ildo jakin bati eskaintzen zaion atxikimenduak sortu, baizik eta auziak berak gorpuzten duen bidegabekeriaren aurrean agertu den elkartasunezko jarrera zibikoak. Ez dugu inoiz besterik bilatu.

Geuretzat gordetzen dugu zein iritzi merezi digun gobernu bateko kide bat komunikabide baten independentzia publikoki baldintzatzeko jardun izanak. Inork ez luke ulertuko kultura demokratiko handiagoa legokeen gizartean, ezta ere gatazka gutxiagokoan, dena esan behar bada.

Baztarrika jaunaren artikuluaren karietara, beharrezkoa egiten zen Egunkaria kasuko auzipetuen agerraldia. Horixe da idatzi honen funtsa. Lehen eta azken aldia gure aldetik gai honen inguruan, bide batez esanda, honekin itxitzat ematen baitugu.

Helburu zehatzarekin batera esango dugu ez dakigula auziaren ebazpenean zer eragin izango duen euskal gizartearen kontzientzia kritikoak antolatutako mobilizazioak. Eta ez horrek bakarrik, baita gure mugetatik kanpokoak ere, alor zibiko zein instituzionalean. Ez ditugu errepikatu nahi aski ezagunak diren xehetasunak.

Euskal gizartearen arreta erne dagoela erakutsi digu Egunkaria-ren auzi ebatzigabearen bosgarren urteurrenak.

Aldiz, gure etorkizunari buruz ez gara oso baikor. Auzitegi Nazionalak izan ditu bost urte hauetan auzia itxi eta «bidezko soluzioa» emateko aukera -«sobreseimendua eta artxibatzea» besterik ez, gure Babes Taldeko kideen hitzetan-. Fiskalak berak ere horixe eskatzen du. Eta horrek kualitatiboki bermatzen du gure sinesgarritasuna. Izan ere, denok dakigu hori ez dela ohikoena auzitegi horretan.

Auzia Auzitegi Nazionalean mantentzen bada, herri akusazioa deituriko horren bitartez, kasua epaiketaraino arrastaka eramanez, hura abiarazi zuen bultzada politikoak hor dirauen seinalea da. Horrek irautekotan, zigor-epai motaren bat baizik ezin dugu itxaron.

18/98ren aurrekariak edo Atutxa/Bilbao/Knörr auziko Gorenaren epaiak ere ez digute bestelako itxaropenik suspertzen, ezta Ibarretxe auziak ere, dagoeneko erabakita baitago lehendakaria aulkian eseraraziko duen zigorra, epaiketa eta gaitasungabetze eskandalagarrien mehatxuarekin batera. Hiru horiek, gainera, euskal gizartea estutu, oxigeno demokratikorik gabe utzi eta etsipenez makurtu nahi duen epai-agenda etengabearen lagina besterik ez dira.

Badira, ezbairik gabe, hiru dimentsioko gauzen egoera honetan eragiten duten beste hainbat alderdi ere. Geure esperientziatik beretik, ezin esan horiekiko axolagabeak garenik, ezta alor pertsonalean sortzen duten minarekiko ere. Gaur, hala ere, geure errealitatetik beretik geuri dagokiguna adierazteko eskubidea aldarrikatzen dugu, beste batzuei ere, konpromiso edo gogoeta globalik eskatu gabe, beraienetik berea adieraztea uzten zaien bezalaxe.

Joan Mari Torrealdai, Egunkaria-ko auzipetuen izenean

[ BERRIA, 2008-03-02 ]

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>