‘Egunkaria auziko’ auzipetuei elkartasun zabala azaldu diete Iruñean

2009, urriak 31

3139076.jpg

Egunkaria libre! deiadarra entzun zen atzo eguerdian Iruñeko udaletxe plazan. Udazkeneko egun sargorian, elkartasuna agertu zieten Egunkaria aferako bost auzipetuei han bildutako Nafarroako politika, gizarte eta kultur arloko eragileek zein herritar soilek. Auzipetuen izenean, Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria izan ziren Iruñean. «Auzipetuei elkartasuna erakustera etorri gara hona, eta gure protesta adieraztera horrelako desmasia bat egiteagatik. Adierazi nahi dugu, gainera, gaur egun oraindik hemen nola dauden adierazpen askatasuna eta oro har gure askatasunak», laburbildu zuen Xabier Letona Argia-ko zuzendariak.

Ordezkari politiko ugari bertaratu ziren. Han ziren Nafarroa Baiko Maiorga Ramirez, Aritz Romeo eta Itziar Gomez Iruñeko zinegotziak, Patxi Telletxea, Paula Casares, Aitor Etxarri, Maria Luisa Mangado NaBaiko parlamentariak eta Xabier Lasa Berriozarko alkatea. Marine Pueyo eta Mikel Gastesi ezker abertzaleko Iruñeko zinegotziak eta Shanti Kiroga Uharteko hautetsia ere han ziren, baita Jose Luis Mendoza Udalbidekoa ere.

Euskalgintzako hainbat ordezkari ere bertaratu zen: hala nola Iñaki Lasa Kontseilukoa, Oskar Zapata Topagunekoa, Paul Bilbao Behatokikoa, Nestor Martinez Sortzen-Ikasbatuaz-ekoa, Sagrario Aleman Ika euskaltegikoa eta Helios Santos AEK-koa. Horiez gain, elkarretaratzean izan ziren, besteak beste, Joseba Santamaria Diario de Noticias-eko zuzendaria, Aingeru Epaltza idazlea, Xabier Barber ESK-koa, Sabino Cuadra eta Expe Iriarte LABekoak, Josu Txueka historialaria eta Bixente Serrano Izko idazlea.

«Demokrata garenok eta gizarte demokratiko batean sinesten dugunok adierazpen askatasunaren aurkako eraso guztiak gogor salatu behar ditugu eta horregatik gaude hemen», arrazoitu du Ramirezek. «Estatu espainiarrak herri honen aurka duen estrategia gure eskubideen urraketa sakon bat da, eta horren adierazgarri da Egunkaria auzia».

Shanti Kirogak gogoan izan du Egunkaria auzia-z gain badirela auzibide gehiago: Batasuna, Udalbiltza… Haren iritziz, auziotan guztiotan bakoitzean «aitzakia bat» eman badituzte ere, guztien atzean izaera politikoa dagoela uste du, bai euskararen aurkakoa bai Euskal Herria bere osoan ulertzen dutenen aurkakoa. «Guk uste dugu Euskal Herritik badagoela erantzun bat ematea. Horrelako ekitaldiak oso aukera ona dira hori adierazteko».

Xabier Barber ESK-koaren arabera, epaiketaren aurrean auzipetuei elkartasuna adieraztea da asmo nagusia: «Jasanezina da gure lurrean zegoen egunkari euskaldun bakarra ixtea. Gero gai izan ginen Berria berreraikitzeko, baina jasanezina da itxiera sasidemokrazia honetan».

Sagrario Aleman euskaltzainak eta IKAren Arturo Kanpion euskaltegiko zuzendariak auzipetuei elkartasuna adierazteaz gain, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren bidegabekeria gaitzetsi du. «Noiznahi garaia badute hori egin zutenek barkazioa eskatu eta behingoz afera hau ixteko, eta esanen nuke ordainsariak ere itzultzeko garaia badutela». Gizarteari «erne egoteko» eta elkartasuna adierazteko eskatu dio.

Aingeru Epaltza idazlearen arabera, «bidegabekeria hutsa» izan zen ixtea eta auzi osoa: «Guk badakigu, ederki jakin ere, auzipetu guztiak errugabeak direla eta egin zaien akusazioa faltsua dela. Akusazioa egin dutenek beraiek badakite hori».

Egunkaria auziko epaiketa laster egitekoa dela eta, mobilizazioak ugaritzen ari dira. Baita Euskal Herritik kanpo ere. Herenegun, Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalean (UNAM) auziaren inguruko hitzaldia eman zuten.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>