Elkartasun kantuak eta ufadak Donostian

2009, azaroak 23

«Hiltzaile bat bezala / hemen naramate; / bi eskuak loturik, / mundutik aparte; / errurik ez dudala / azaldu nahi nuke. / Egia nahi dunantzat / emana dut merke». Julen Lekuonaren kantua ez dago hilero-hilero Donostian Kantu Jira egiten dutenen ohiko errepertorioan. Larunbatean, ordea, bai. Kantu jira Euskaldunon Egunkaria itxi izana salatu eta auzipetuei babesa emateko baliatu baitzuten, Egunkaria libre! lelopean.

Donostiako Kantu Jirak lotura estua du Euskaldunon Egunkaria itxi izanarekin. Euskarazko berripapera itxi aurretik -2003ko otsailaren 20an-, kantuz kantuko kalejira egiten zuten Donostiako auzoren batean. Egunkaria itxi ostean, ordea, ekimen hori hiritar guztiei zabaltzea eta Kantu Jiraren bitartez itxiera salatzea erabaki zuten. Geroztik, hileroko hirugarren larunbatean biltzen dira, Parte Zaharrean kantari aritzeko.

Urteotan Kantu Jirak bere bidea egin du. Atzoko saioa berezia izan zen. Egunkaria itxi eta sei urte eta bederatzi hilabetera, sumario nagusiaren epaiketaren atarian, Egunkaria izan zuten berriro gogoan.

Ehunka lagun bildu ziren Trinitate plazan, ohiko Kantu Jiretan baino gehiago, haizearen ufadei aurre eginez. Guztiak kantuen letren liburuxka eskuetan. Tartean ziren Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi eta Mikel Sorozabal auzipetuak. Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari, zuzendari eta kudeatzaile izandakoak, hurrenez hurren.

Hasteko, Bagare abestu zuten. «Bagarelako», nabarmendu zuen Joxerra Belokik, Kantu Jiraren antolatzaileetako batek. Ondoren, Torrealdaik hitz egin zuen, auzipetuen izenean. Bi hitz aipatu zituen. Bi aditz. Eskertu eta eskatu. Eskertu: sei urte eta bederatzi hilabetean jasotako laguntza, elkartasuna eta sostengua. «Jaso dugun laguntzak mantendu gaitu zutik eta duintasunez», esan zuen. «Gure herriak erakutsi digun elkartasunaz harro gaude».

Baina Egunkaria auzia ez da amaitu. Abendurako espero dute sumario nagusiaren epaiketa, eta «kalbarioaren amaieran ere» auzipetuei laguntzen jarraitzeko eskatu zien Torrealdaik herritarrei.

«Bukaera arrakastatsu bat» nahi dutela esan zien, bukaera arrakastatsu bat garrantzitsua dela: «Guretzat, auzipetuontzat, noski. Baina baita euskararentzat, euskalgintzarentzat eta euskalgintzan diharduten guztientzat ere. Euskara ulertzeko eta euskararen alde lan egiteko modu bat adierazten baitute, eta gu zigortuz hori guztia ere zigortuko baitute».

Hernaniko dultzaineroek fandango bat eta arin-arin bat jo zituzten, eta herritar asko animatu ziren dantza egitera. Ondoren, Kantu Jira Parte Zaharreko kaleetan sartu zen, Ipar Euskal Herriko musikari talde baten doinuekin. Valle Lersundi plazan aurrena, Sarriegi plazan gero eta Bulebarreko kioskoan bukaeran. Andoni Egañak Egunkaria-ren itxieraren harira egindako bertsoekin amaitu zuten.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>