«Ez dago inolako deliturik; beraz, absolbitzea ebatzi beharra dago»

2009, azaroak 26

Egunkaria auziko bost auzipetuen defentsak ez du zalantza izpirik: auzipetuei dagozkien gertaeretan ez dago inolako deliturik eta, ondorioz, absoluzioa ebatzi beharra dago. Hori da Felix Cañada, Jose Mari Elosua, Iñigo Iruin eta Ignacio Pelaez abokatuek aurkeztutako defentsa idatziaren ondorio nagusia.

Akusazioen oinarririk eta zentzurik eza argudiatu baino lehen, aldez aurretiko gai bat aurkeztu diote abokatuek epaimahaiari. Defentsa idatziaren arabera, batetik, Egunkaria auzia «kausa orokor bat» da, lehenik Elkar argitaletxearen kontra abiatu zena eta gero Euskaldunon Egunkaria-ren kontra bilakatu zena, hori ere «ikerketa edo inkisizio orokor gisa». Prozesu guztiaren abiapuntua Guardia Zibilaren 09/2001 txostena da, eta, bost auzipetuen defentsaren ustez, txosten horrek aurreiritzi bat, intuizio batzuk edota susmo polizial batzuk baino ez ditu oinarri. «Ikerketa, salaketa aurkezten denean, ez du agertzen delitu zantzurik, baizik eta intuizio polizial bat».

Horrez gain, txostenaren egileei legeak eskatzen dien objektibotasunaz eta alderdikeriarik ezaz ez jardutea egotzi die defentsak. Aipatutako bi argudioengatik, instrukzioko ebazpen judizial ugari baliogabetzeko eskatu du defentsak. Besteak beste, entzuketa telefonikoak ahalbidetu zituzten autoak, atxiloketak eta miaketak baimendu zituzten autoak eta badaezpadako neurri gisa Euskaldunon Egunkaria behin-behinean ixtea agindu zuen autoa erabat baliogabetzat jotzeko eskatu dute abokatuek.

Akusazioen ezeztapena

Aldez aurretiko gaiak azaldu ondoren, AVT eta Dignidad y Justizia elkarteek aurkeztutako akusazioak ezeztatu egin ditu bost auzipetuen defentsak, urrian aurkeztutako idatzian. Batetik, akusazioek egindako kontakizuna ezeztatu du defentsak, gezurrezkotzat joz. Bestetik, Egunkaria ETArekin lotzeko asmoz akusazioek aurkeztutako agirien balioa ezeztatu egin du defentsak. Azkenik, auzipetu bakoitzari dagozkion akusazioak arbuiatu ditu defentsak, banan-banan.

Egunkaria-ren eta ETAren artean loturarik izan dela ukatu egin du defentsak. «Ez ETAk, ez kanpoko erakunde batek ere ez du inoiz Egunkaria kontrolatu. ETAk ez du inongo esku-hartzerik izan, ez Egunkaria-ren sorreran, ezta bilakaeran ere». Defentsaren ustez, Guardia Zibilak erabilitako dokumentuek ez dute balio herri akusazioen tesiei eusteko. Argudioak ugariak dira: dokumentu gehienak ezin zaizkio ETAri egotzi, ezta ETAko kide batzuen esku atzemandakoak ere, egiletza zehaztu gabe dagoelako; dokumentu guztietan Egunkaria-ri buruzko aipamenak «kanpotik eta distantziatik» eginak dira; dokumentu guztiak ezagunak ziren eta eztabaida politikoaren iturri izan ziren; ikerketa hasi baino askoz lehenago Poliziak eta epaitegiek ezagutzen zituzten dokumentu horiek…

Azkenik, defentsak ezeztatu egin ditu herri akusazioek auzipetu bakoitzari egotzitako gertaera deliktiboak. Adibidez, Joan Mari Torrealdairen kasuan, defentsak nabarmentzen dute ETArekin lotzeko saioek ez dutela inolako oinarririk. Guardia Zibilaren txostenetan «gertaeren interpretazio kriminalizatzaileak, eta nahita okerrak» egiten dira, defentsaren ustez. Horrez gain, guardia zibilek eta epaile instruktoreak ETAren atentatuen arbuioa adierazten duten bi ohar «isildu» dutela gogoratu du defentsak. PPko bi zinegotziren hilketen harira idatzitako oharrak dira, 1995ean eta 1997an idatziak. Gainerako akusatuei dagokienez, defentsak ukatu egin du edozein loturarik dutela ETArekin eta KASekin; baita ETAk eta KASek zerikusirik ukan izana akusatuek Egunkaria-n izandako karguen izendapenarekin eta haien ibilbide profesionalarekin.

Defentsak 70 pertsonaren lekukotasuna eskatu du ahozko epaiketarako, eta hainbat lekuko-periturena. Aurki espero da epaimahaiak jakinaraztea zein den onartutako froga.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>