‘Egunkaria’ ixteko inolako oinarririk ez zegoela erakutsi du zortzi urteko auzibideak

2009, abenduak 8

(Imanol Murua Uria) Berria Euskaldunon Egunkaria duela sei urte eta hamar hilabete itxi zuten, baina zortzi urte eta erdi egin behar da atzera, euskarazko egunerokoaren aurkako auziaren jatorriarekin topo egiteko. 2001eko ekainaren 6an, euskalgintzako hogeitik gora enpresari buruzko txostena iritsi zen Juan del Olmo epailearen eskuetara. Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuen txostena zen, eta enpresa haien eta ETAren artean omen zeuden lotura ekonomikoak zituen ikergai: alegia, enpresa horiek ETAren dirurik jasotzen ote zuten, edo ETAren dirua zuritzeko erabiltzen ote ziren. 

Txosten horretan oinarrituta, enpresa horien edo horiekin zerikusia zuten pertsona ugariren aurkako salbuespen neurriak agindu zituen Del Olmok, Espainiako Auzitegi Nazionaleko seigarren instrukzio epaitegiko jujeak: diru kontuen ikuskatzeak, telefono entzuketak, Gizarte Segurantzako eta Ogasuneko datuen eskuratzea… Dena isilpean noski, eginbideak guztiz sekretuak baitziren artean. 

Enpresa guztiei buruzko ikerketa zehatza egin zuten. Sumarioaren lehenengo 10.000 orrialdeak garai hartako ikerketari buruzkoak dira. Baina ez zuten bilatzen zutenik aurkitu: ETAren eta enpresa haien arteko diru harremanik ez zuten atzeman, inork ETAren aldetik pezeta bakar bat jaso zuenik ez zuten egiaztatu, ezta inork ETAren pezeta bakar bat zuritu zuenik ere. 

Orduan, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako ikerlariek beste bide bat hartu zuten: 1990. eta 1993. urteen artean ETAko kideren batzuei ustez atzemandako agiri zahar batzuk kaxoiren batetik atera, hautsa kendu, eta ikertzen aritu ziren enpresa guztien artetik bakarrean jarri zuten arreta: Egunkaria SA, Egunkaria-ren argitaratzailea. 

Agiriak ezagunak ziren. 1990eko hamarkadan prentsak eman zuen haien berri. Funtsean, idatzi anonimo horien egileak Egunkaria-ri buruzko hainbat konturen informazioa zuela eta hango gorabeherei buruzko interesa zutela erakusten zuten, ez besterik. Besteak beste, Egunkaria-ko zuzendaria izendatzeko hautagai posible batzuk aipatzen zituen eta, kasu batzuetan, haiei buruzko iritziak eman. Poliziaren arabera, KASenak eta ETArenak ziren paper horiek. 

Agiri horiek hedabideetan oihartzuna izan zuten bere garaian, eztabaida politikoa ere eragin zuten, baita Legebiltzarrean ere, baina ez zuten ondorio juridikorik izan. Jakina da Baltasar Garzon epaileak berak ere aztertu zituela, baina ez zuela inor auzibidean jartzeko oinarririk ikusi. 

Handik urte askora, baina, agiri horiek beraiek Auzitegi Nazionaleko beste bulego batera iritsi zirenean, auzibidea irekitzeko ez ezik egunkari bat ixteko oinarria zegoela erabaki zuen beste epaile horrek, Del Olmok, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuen Buruzagitzak bultzatuta. 

Paper zahar horiek, besterik ez zuten Del Olmok eta Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20anEgunkaria betiko itxi zutenean. 

Loturaren bila 

Egunkaria itxi baino lehenagoko ikerketan ez zuten ETAren eta Egunkaria-ren arteko ustezko lotura ekonomikoa egiaztatzeko zantzu bakar bat ere atzeman, baina alderantzizko bidea egin asmo zuten orain: frogak aurkitu zituztelako itxi beharrean, frogak aurkitu ahal izateko itxi zuten eta, ixtearekin batera, salbuespenezko neurri guztiak hartu. 

Hamar lagun atxilotu eta inkomunikatu zituzten otsailaren 20ko operazioan; Guardia Zibilak bost egunez inkomunikazio egoeran galdekatu zituen, gogor torturatuz kasu gehienetan; deklarazio poliziala hartu zieten guztiei; epailearen aurrean deklaratu zuten ondoren, inkomunikazio egoeran; egoitza guztiak miatu zituzten, Baionakoa izan ezik. Miatutakoak zigilatu egin zituzten, eta milaka agiri eraman, urte guztietako kontabilitatea barne; atxilotuen beste hainbat lantokitan ere miaketak egin eta ordenagailuak eta dokumentazio ugari eraman zituzten, hala nola Argia-tik, Jakin-etik, Herri Irratitik, Plazagunetik eta Partaide ikastolen elkartetik. 

Hurrengo pausoa urte bereko urriaren 17an egin zuten: Egunkaria SAren taldeko hainbat enpresatako eta Martin Ugalde kultur parkean Egunkaria-rekin zerikusia zuten beste hainbat enpresatako bederatzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, berriro inkomunikatu, berriro galdekatu -oraingoan torturarik gabe-, berriro miaketak, berriro ordenagailu ugari eta milaka agiri eraman. 

Handik hilabete eta erdira, Guardia Zibilaren patrolak berriro Martin Ugalde parkeko sarreran ziren: Del Olmoren aginduz, Egunkaria-ren egoitza zena berriro miatu zuten, epailea bera bertan zela, eta berriro agiri ugari eraman zituzten. 

Helburua argia zen: jatorrizko susmoa zena egiaztatzeko frogak eta zantzuak atzematea: hau da,Egunkaria-k eta bere inguruko enpresek ETAren dirua jasotzen zutela, edo, bestela, ETAren dirua zuritzen zutela. 

Baina urteak joan dira, eta zantzu bakar bat ere ez dute topatu, pezeta edo euro bakar baten mugimenduen zantzurik txikiena ere ez, ez ETAra, ez ETAtik. 

Aurkitu nahi zituzten zantzu edo frogak beharrean, baina, auzitegi arrunten eremukoak diren ustezko irregulartasunak atzeman zituzten ikerlariek: izatekotan, sorreratik arazoak dituen enpresa defizitario batek iraun ahal izateko egindakoak diruditen irregulartasunak, Ogasunarekin, diru laguntzekin eta kontabilitatearekin zerikusia duten gorabeherak. 

Eta horiek guztiak ikertzeko, sumario bereizi bat zabaldu zuen epaileak, baina Auzitegi Nazionalean ikertzekoa, ustezko irregulartasun arrunt horiek guztiak ETAren mesederako egin zituztelakoan. 2003ko udazkenetik, beraz, bi sumario izan ditu Egunkaria auziak: jatorrizko sumarioa, ETArekiko lotura ikertzen duena, eta sumario ekonomikoa, ustezko irregulartasun ekonomikoak ikertzen dituena. 

Ikerketaren porrota 

Sei urte eta hamar hilabete joan dira Egunkaria itxi zutenetik, eta lehengoan gaude. 1990 eta 1993 arteko agiria zaharrak baino ez dituzte, eta Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako ikerlariek paper horiei buruz eta Egunkaria-ri buruz egindako interpretazioak, Del Olmo epaileak hitzez hitz bere egindakoak. 

ETAren eta Egunkaria-ren arteko ustezko harremanaren zantzurik txikiena ere ez dute atzeman, eta bestelako loturak egiteari ekin zioten ikerlariek, horretarako arrazoibiderik bitxienak eta harrigarrienak baliatu behar izan badituzte ere. 

Adibidez: ETAk ezker abertzalearen proiektuetarako «ENAMeko jarraitzaileen kapital ekarpenak» jasotzea proposatzen omen zuenez, eta Egunkaria-k «hain zuzen ere herri kuestazioa erabiltzen duenez», euskarazko egunerokoa «ETAren funtsekin» finantzatu zela ondoriozta daitekeela, «zati batean bederen»; Egunkaria-k sorrerako kanpainan eta ondorengo kapital hedatzean lortutako 591 milioi pezetak akzionista txikien ekarpenekin lortzea ez omen denez sinesgarria, «diru horren benetako jatorria ezkutatzeko prozedura» izan daitekeela dirua biltzeko modu hori; Egunkaria-k Euskal Herriari buruz zuen ikuspegi nazionalak «ETAk Euskal Herritzat daukanarekin erabateko adostasuna» duela; Martin Ugalde parkea sortuta ETAren helburuak bultzatu zituela Egunkaria-k, erakunde armatuak «euskararen sostengurako sarea ehuntzea» proposatzen baitu, eta kultur parkea «euskararen alde lan egiten duten enpresak biltzeko sortua baita»; Egunkaria-ren 11 oinarri aldarrikatuetako bat militante izaera dela eta ETAk ere «militante kontzeptua» erabiltzen duela bere egituretan. 

Ez dira asmakizunak: instrukzio epaileak urteotan plazaratu dituen auto ugarietan datoz argudio horiek, eta gehiago. 

Fiskalak, atzera 

2006ko abendura arte Fiskaltzaren sostenguarekin aritu ziren Del Olmo eta Guardia Zibila. Baina 2006ko abenduaren 14an, akusazioak frogarik ez zuela aitortu zuen Angel Carballo fiskalak Zigor Salari aurkeztutako idatzian: «Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman». Eta aurrerago: «[Egin beharreko] Galdera nabarmena da:Egunkaria ez bada finantza iturri, ezta terrorismotik datozen diruak zuritzeko tresna ere, etaEgunkaria-k ETAren terrorismoari sostengua ematen ez badio, ez zuzenean ez zeharka, indarkeria sustatzen edo legitimatzen ez badu, zertan laguntzen dio edo lagundu zion Egunkaria-ren jardunak ETAren helburuei?». 

Eta galderaren ondoren, ondorioa: «Egunkaria ETA finantzatzeko edo haren diruak zuritzeko erabilia izan dela egiaztatu ez denez; ikusita Egunkaria eta auzipetuak ez direla ETA erakunde terroristaren helburuen alde aritu; ikusita auzipetuek ez dituztela legitimatu ekintza terroristak (…); ikusita auzipetuek terrorismoarekin kolaboratzeko inolako laguntza zehatz eta orokorrik ez dutela eman, bidegabea da ahozko epaiketa irekitzea. Ondorioz (…), behin-behinean auzia ixtearen alde dago fiskala». 

Handik bi urte eta erdira, gainera, behin betiko ixteko eskatu zuen fiskalak. 

Epaiketa, hala ere 

Epaiketa egiteko arrazoirik ez zegoen, beraz, ez defentsaren ikuspegitik ezta akusazio publikoaren ikuspegitik ere. AVT eta Dignidad y Justicia akusazioak bakarrik gelditzen ziren. Guardia Zibilaren tesien defendatzaile bakar bihurtu dira. 

Fiskalaren jarrera aldaketaren ondoren, epaiketa ez egiteko beste arrazoi bat ere bazegoen: herri akusazioa baino ez zuen auziak. Auzitegi Nazionalak ezarritako aurrekarien arabera, herri akusazioarekin bakarrik ahozko epaiketa ez zegoela egiterik argudiatu zuen defentsak, besteak beste Auzitegi Nazionalak Botin auzi ezagunean horixe erabaki zuenez. 

Baina epaimahaiak, orduan Manuela Fernandez Pradok, Nicolas Povedak eta Ramon Saez Valcarcelek osatua, epaiketa egin egitea erabaki zuen, bi orrialdeko auto laburrean, 2007ko maiatzean. Eta aurtengo uztailaren 30ean, berretsi egin zuen erabakia epaiketa egingo duen epaimahaiak berak: Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek osatzen dute. 

Akusatuen aulkian 

2009ko abenduaren 15ean hasiko da epaiketa. Akusatuen aulkian bost gizon eseriko dira: Joan Mari Torrealdai, Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko presidentea, Jakin aldizkariko zuzendaria, euskaltzain osoa; Iñaki Uria, Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria, Hamaika telebistako zuzendari nagusia; Txema Auzmendi, Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria, urteetan Herri Irratian jarduna, jesulaguna; Martxelo Otamendi, Egunkaria-ko zuzendaria, BERRIAko zuzendaria; eta Xabier Oleaga, Egunkaria-ko erredaktoreburu bi urtez, Ikastolen Elkarteko komunikazio aholkularia. Hamalauna urteko espetxe zigorra eskatu dute akusazioek bostentzat, ETAko kide direla leporatuta.

2003ko otsailaren 20an atxilotu zituzten beste bost lagunak kargurik gabe auzitik kanpo daude. Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goia zena -2006ko irailean hil zen- ez zituzten auzipetu. Xabier Alegria eta Pello Zubiria auzipetuta egin dituzte sei urtetik gora, baina joan den uztailean haien auzipetzea bertan behera utzi zuen epaimahaiak, Alegria kargu berengatik epaitu dutelako jada 18/98 auzian, eta Zubiria, aldiz, bere aurkako akusazioa iraungita dagoelako dagoeneko. 

Orain epaituko dituzten bost lagunetatik hiru, Torrealdai, Uria eta Auzmendi, berriro ere epaituko dituzte gero, auzi ekonomikoan: bakoitzari 26 urte eta 4 hilabeteko espetxe zigorra, eta 32 milioi eurotik gorako isuna ezartzeko eskatu dute AVTk eta Dignidad y Justicia. 

Horiekin batera epaituko dituzte Joxe Mari Sors (zigor eskaera bera), Ainhoa Albisu (eskaera bera), Mikel Sorozabal (21 urte eta 9 hilabete, 27 milioi euro), Begoña Zubelzu (17 urte eta 2 hilabete, 21 milioi euro) eta Fernando Furundarena (13 urte eta 3 hilabete, 21 milioi euro). 

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>