Rio Frio

2009, abenduak 9

Marian Uria (Iñaki Uria auzipetuaren arreba). (Oroiminak, Berria).

Egunkaria auzia dela eta, epaitua izango den baten senide naizen aldetik, gertakari haien unean zer sentitu edota nola bizi izan genituen azaltzeko eskatu didate erredakziokoek. Eta, egia esatea nahi baduzue, ezin dut lehenaldian kontatu, gurea, beste askorena bezalaxe, oraindik ere present delako.

Bota beltzak jantzita, armak eskuan zituztela etorri ziren gauaren ilunean, gaizkileen modura, eta armarik gabekoak eraman, talde armatuko partaide zirelako akusaziopean. Halaxe itxi zuten Egunkaria, indarrez, giltzarrapo ziztrin bat ipiniaz, inork trabarik jarri ez ziela. Ondoren, bestelako jazarpena etorri zen; telefono entzuketak, etxe atariko pintaketak, ordu txikitako deiak, gupidarik gabeko dispertsioa… Geroztik, Albert Camusen L’ètranger eleberriko protagonistaren modura, gurpil zoro batean sartuta bezala bizi garela iruditzen zait; dena absurdoa izango balitz bezala. Seguru aski, mundu normal batean gertaezinezko gertaerak direlako. Onartu beharra daukagu maite ditugun pertsonen bizimodua -blokeatuta dituzten ondasunak, proiektuak, ilusioa…etorkizuna azken finean- beste batzuen erabakiaren menpe dagoela, eta nire sentsazioa da, herri akusazioari eman zaion boterearekin, edozein unetan, domino piezak izango balira bezala, eroraraz dezaketela urteetan zehar antolatutako lana. Kostatako lana, bestalde; hainbeste ordutako dedikazioaren ondorioa. Epaituak, berriz, domino joko horren pieza bilakatuta, erori zain, erortzeko beldurrez. Bestalde, garai batean, soldata barregarri baten truke enpresaren ardura eta kudeaketa eraman izana susmagarri eta delitu bihurtu dute orain; horrela, hain erraz! Inguruan ikertzeko iruzurrik ez balego bezala, euskalgintzan mugitzen direnekin daude tematuta, inork oztoporik jarri gabe. Zergatik ote? Dena ote dute zilegi?

Atzera begiratuz, Madrilgo egonaldia dut gogoan, inkomunikazioak zirauen bitartean senide talde izugarri hark Rio Frio kafetegian igarotako ordu luzeak zein aspergarriak, bakoitzak bere urduritasuna ahal zuen modura disimulatuz. Kuriosoa Genova kalea, ezagutzen al duzue? Kabaret antzeko baten gainean dago Rio Frio kafetegi ezaguna; auzitegira doazenen artean ezaguna bederen. Gorago, Auzitegi Nazionala bera dago, eta parean PPren egoitza. Hantxe ibiltzen dira batetik bestera, senideei erreparatu gabe, epaileak. Rio Frion, Luis Goia zenaren emaztea dut gogoan, oso urduri, artean jakin gabe gerora bere senarra negarrez irtengo zela Sotoko espetxetik gau hotz hartan. Euripean dardarka, beldurrak eragindako dardara. Martxeloren begiradak eta haren ahotik irten zirenak entzuteak eragindako beldurra. Irten ez zen eta tratu txarrak jaso zituen anaiaren egoera nolakoa ote zen ez jakiteak eragindakoa. Ospitalean giro arrotz batean, geratu zen Pelloren emaztearena… Hurrengo egunetan telefonoaren bestaldean amaren negarra entzuteak sortzen duen samina, eta neu, isilik, jakinda ez ginela bakarrak telefonoan. Berehala etorri ziren poltsa prestatu eta Madrilerako joan-etorriak, lokutorio nazkagarri haietako bisita laburrak bezain kaotikoak! Eta nekea! Neke izugarria!

Bizitzen duzun jazarpena inork gutxik ulertzen du, errealitate demokratiko batean onartezina izateaz gain, ulertezina ere badelako, eta ondorioz, paranoikotzat tratatzen zaituzte gainontzeko guztiek. Jakina da besteek ezin dutela zurea bizi eta bizipen hauek kontatzen ere zailak direla. Nori, bestalde? Egoera ezagutzen duenari? Hortik pasatu denari? Berak nahikoa du berearekin! Ezjakinak, berriz, entzungor jarraitzen du; beraz, denborarekin barruan korapilatzen zaizun bakarrizketa bihurtzen da.

Datorren astean Rio Frion elkartuko gara berriro. Oraingoan, duela zazpi urte baino gutxiago. Zorionekoa zu, Pello! Pozten nau libre ikusteak, eta halaxe nahi ditut besteak ere, LIBRE. Egunkaria bezalaxe!

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>