Agiri zahar eta ezagunak

2009, abenduak 9

(Imanol Murua Uria (Berria) Bost lagun datorren asteartean akusatuen aulkian eseri eta 10 eta 14 urte arteko kartzela zigorrera akusatzeko oinarri nagusia 1990 eta 1993 arteko agiri batzuk dira. Egunkaria-rekin loturarik ez zuten pertsonek idatzitako testu anonimoak dira, ustez ETAko eta KASeko kideek idatziak.

Txelisi atzemandakoak

Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko kideari atzemandako bi txostenetan, 1990ekoak biak, egoera politikoari buruzko analisia egiten da, eta, Leizarango autobidearen aurkako mugimenduari buruz eta drogen aurkako borrokari buruz bezala, Egunkaria-ri buruzko aipamenak ere egiten dituzte agiri horiek.

Gisasolari eta Aizpuruari atzemandakoak

Abuztuak 8, Urriak 26 eta Azaroak 12 izeneko agiriak, Carmen Gisasolari eta Txomin Aizpuruari atzemandakoak ustez. Egunkaria-ren sorreraren garaiko aipamenak dira: zuzendariaren izendapenaz, diru bilketaz eta sorrera dataz. Agiriak idatzi zituenak edo zituztenek Egunkaria-ri buruzko hainbat informazio bazituztela nabari da idazkeran, baina, aldi berean, baita Egunkaria-tik kanpo ari zirela ere.

Udaletxe proiektuaz

Reunión de Responsables de Proyectos Udaletxe izeneko agiria, 1992koa. Guardia Zibilaren arabera, ETAren enpresa sarea osatzen omen dutenen zerrenda da. Baina zerrenda horretan dator, adibidez, AEK dela sare horretako «enpresa handia», eta Auzitegi Nazionalak aspaldi erabaki zuen, epai bidez, akusazio horrek oinarririk ez duela, eta AEKren aurkako auzia itxi zuen. Normal-normal funtzionatzen duten beste hainbat hedabide ere ageri dira zerrenda horretan, haien kontrako inolako auzibiderik ez da zabaldu.

Zutabe 74

ETAren aldizkariaren 74. zenbakian aipatu zuten Egunkaria, baina, hain zuzen ere, diru laguntzak jasoz gero «otzantzeko» arriskua zegoela ohartarazteko; eta Egunkaria-k sorreratik eskatu zituen diru laguntzak, eta Egunkaria Sortzen-en 11 printzipioen artean zegoen «diruz lagundua» izan behar lukeela.

Dorronsorori atzemandakoak

Kodigo Berriak/93, Garikoitz eta Hontza artxiboak dira, Jose Maria Dorronsorori 1993an atzemandakoak. KASen eta ETAren arteko komunikazioak dira nonbait. Berriro, Egunkaria-ri buruzko hainbat gorabehera dituzte hizpide, besteak beste, zuzendari berriaren izendapena, baina betiere Egunkaria-ren kanpotik idazten dutela nabari da idazkeran. Idazten dutenek Egunkaria-n gertatzen denaz interesa daukatela ondoriozta daiteke, baina inolaz ere ez erabakimena dutenik».

1. Fiskalak agiriei buruz

Akusazioak frogatzat dituen agiriek ezer ez dutela frogatzen ondorioztatu zuen Angel Carballo fiskalak 2006ko abenduko idatzian.

Interesa, auzipetuek jakin gabe. Guardia Zibilak frogatzat aurkeztu dituzten agiriek, izatekotan, ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela -eta, akaso, kontrolpean eduki nahi zuela-, besterik ez dute adierazten. Baina auzipetuak interes horren jakinaren gainean zeudela edo asmo horrekin ados zeudela egiaztatzen duen ezer ez dago.

Errezeloak. «Argi eta garbi ondorioztatzen da egunkariko arduradunek errezeloak zituztela ustez ETArengandik zetozen proposamenen gainean».

Erabakimenik ez. «ETAk ez du inposatzen, Egunkaria-ko inork ez auzipetuetako inork ETAri baimenik ez dio eskatzen, eta ETAk ez du inor izendatzen, edo agiri horiek behintzat ez dute hori egiaztatzen».

Interpretazio okerra. «Agiri hauen azterketak nabarmen uzten du Guardia Zibilak egindako interpretazioak sendotasunik ez duela, eta auzipetuen aldeko interpretazio arrazoizkoagorik badela».

Ondorioa. «Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman».

2. Defentsak agiriei buruz

Argudio hauek eman dituzte defentsako abokatuek, aurkeztu berri duten idatzian, akusazioaren agiriei buruz.

Kanpotik. «Egunkaria-ri eta akusatutako pertsonei buruzko aipamen guztiak Egunkaria-ren kanpotik, distantziatik, egindakoak dira. Beste batzuenak diren egitasmoez ari dira.

Ezagunak. Agiri horietako datu guztiak ezagunak ziren, eta kasu batzuetan eztabaidagai publiko ere izan ziren. Agiriak beraiek ere ezagunak ziren bai Poliziarentzat baita auzitegientzat ere, ikerketa hasi baino urte asko lehenagotik.

Erabakimenik ez. Agirietako bakarrean ere ez da ageri agirien egileek inolako erabakirik hartu zutenik Egunkaria-ri buruzko ezertan.

Sorrera ondorengoak. Agiri guztiak hamar urte baino gehiago zituzten Egunkaria itxi zuten unean, baina guztiak ere Egunkaria sortu ondorengoak dira.

‘Egunkaria’-koei agiririk ez. Egunkaria-rekin zerikusia duen inori ez zaio atzeman ETAren esku-hartzeari buruzko aipamenik egiten duen agiri bakar ere.

ETAtik agiririk ez. ETAk Egunkaria-ren sustatzaileei egindako batere agiririk ez da aurkitu.

Interesa baino ez. Agiriotan oinarrituta, gehienez ere ondoriozta daiteke ETAk interesa zuela, eta informazioa ere bai, Egunkaria-ren sorrerari buruz, baina inolaz ere ez kontrola.

Beste interpretazio batzuk. Agiri horiei buruz Guardia Zibilak egiten dituen interpretazioek ez dute sendotasunik, eta beste interpretazio batzuk, askoz arrazoizkoagoak eta akusatuen aldekoagoak, egin daitezke.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>