Benetan

2009, abenduak 10

Pilar Mendibil (‘Egunkaria’-ko langile ohia). (Oroiminak, Berria)

Sakelakoari begira gogoratzen dut neure burua otsailaren 20ko gau hartan. Sakelakoari begira, deia benetakoa zen ala amesgaiztoa. Benetan. Ezin sinisturik, film bateko pertsonaia bihurtua, zer egin genezakeen galdezka.

Telebistako pelikulek kalte handia egiten dute. Prentsan dihardugunon lana desitxuratzen dute etengabe. Ez da hain liluragarria, ezta kazetariak ez garen beste sailetakoentzat ere. Presioa, ordea, handia da. Ordulariaren kontrako eguneroko borrokan, kazetariekiko etengabeko borrokan, garaiz iristeko berme bihurtzen gaitu egunerokoak. Kate luze oso batek lan egin behar du, eta baliabideak eskura izan behar ditu egunekoa ondo buka dadin.

Gau hartan gauza pila kendu ziguten. Pare bat aipatzeagatik -periodiko osoa beharko nuke bestela-: lehena, ziurrenik, inozentzia. Umetatik, garrantzitsuena lana ondo eta zintzo egitea dela esan ohi digutelako. Guk hamahiru urte generamatzan horrela, jo eta ke, gure txikian baina, zergatik ez esan, gure handian ere, horrelako proiektu batek eskain ditzakeen baldintzetan. Eta sinistu: horrek ez zirudien, gau hartan behintzat, ezer positibo. Are gehiago, sekulako urakanak eramana zen. Eta, gainera, ondo eta zintzo aritutako gutako batzuk eramanak zituzten. Horrek dakarren inpotentziak -zerbait esatearren- sortzen duen shockak jota geunden guztiak. Benetan.

Kendutako bigarren gauza, segurtasuna. Urteetan nekez lortutako guztia ez da, jada, zurea. Hurrengo egunekoa egiteko esku-hutsik zaude derrepente. Urteetan gordetako informazioa, baliabideak -lokala, ordenagailuak, maketak…- ez dauzkazu. Kale gorrian zara.

Baina, era berean, izugarria da ematen dizuna ere: urakanaren kontra laguntzen zaituen elkartasun uholde batek eraman egiten zaitu. Eta urte horietan guztietan egindakoak buelta daukala ikusten duzu, sentitzen duzu. Eta lana ondo eta zintzo egitea garrantzitsua dela sinisten duzu berriro. Eta, halako batean, eguneroko hori egiten segitzeko behar duzun lokala eskaintzen dizute, musutruk -zorretan betiko, Antton-, eta jendeak ekarritako ordenagailuak nola martxan jarri da zure beste kezka. Eta mahaia duzu, hori ere debalde, eta… eta konturatzerako, lo gutxi eginda, etxea hautsak janda, egunerokoa egiteko behar duzuna martxan jarria da… denak gara martxan, eta horrek guztiak ematen dizun indarra ezin da kontatu, ezta eskertu ere, eta duzun inpotentziari eransten diozu, eta… ez sinistekoa, benetan…

Eta 2009ko abenduko honetan, hainbeste denbora pasatuta, hainbeste sufrituta, indar eta inpotentzia horiek lagun oraindik, ezin ulertu duzu nolatan jarraitzen dugun honela, nolatan dauden ataka honetan guretik eraman zituzten haiek, eta geroago eramandakoak ere bai, eta gu guztiok haiekin. Eta berriro ere, ondo eta zintzo egindako lanean sinistu nahi duzu, sinisten uztea nahi duzu, benetan.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>