«Gehiegikerien» aurka «erreakzionatu» beharraz ohartarazi du Arzalluzek

2009, abenduak 11

a3.jpg

«Dagoeneko ez dago euskaldunik, ala?». Gogor mintzatu da Xabier Arzalluz EAJko buruzagi ohia eta Egunkaria-ko Babes Taldeko kidea asteartean hastekoa den epaiketaren kontrako hitzaldian. Beti bezain zorrotz hitz egin du, nahiz eta aitortu ez duela gehiegi esan nahi.

«Gauza hain da garbia…», hasi du hizketaldia Arzalluzek, egoerak ez duela bestelako azalpenik behar sinetsita edo. «Gehiegikeria da. Handia. Jende honen, euskararen, kulturaren eta herriaren kontrako gehiegikeria». Egunkaria-ren kontrako auzia eta antzeko beste hainbat «bidegabekeria» azaltzea bera, Estatuari egin ahal zaion «akusaziorik handiena» dela dio, Espainian demokraziarik ez dagoela erakusten duten frogak direlako. Espainiaren eraso «bidegabe» horiek baino horien aurka behar bezalako erantzunik ez ikusteak gehiago kezkatzen duela eman du aditzera. «Egiten ari diren guztiak eginda ere, ez dugu erreakzionatzen».

«Egoera ez dugu behar bezala barneratu, bestela, beste modu batean erantzungo genukeelako». Egunkaria auziari buruz ari da, baina beste auzi askori buruz ere bai: «Gazteak 18 urterako espetxeratzen dituzte autobus bat erretzeaz akusatuta! Izugarria da». «… eta ez dugu erreakzionatzen! Espero dut kalera atera eta erantzuteko gai izango garela egunen batean». Ezinegonak eragindako hausnarketarekin jarraitu du: «Herri honek erreakzionatzeko eskola bat sortu beharko du edo».

«Begiak irekitzeko premia» nabarmendu du, halako erasoak ez direla berez gutxitzen ohartarazita. «Beti doaz gora». Hortaz, «nola erresistitu» pentsatu beharra dagoela azaldu du, bestela zereginik ez dagoelakoan. «Eta erantzunik onena ez da gauzak erretzea edo tiroak botatzea. Herri erresistentzia da balio duena».

Babes eske

Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria izateagatik ETAren buruzagitzako kide izatea leporatuta asteartetik aurrera beste lau kiderekin epaituko duten Iñaki Uriak ere «halakoak» ez direla bukatu ohartarazi du, elkartasuna eta lan handiagoa eskatzeko.

Uriak hasi du hitzaldia, auziaren nondik norakoak azalduta egoeraren larritasunaz ohartarazteko. Dignidad y Justiciak akusazioak egiteko darabilen tesiaren arabera, «ETAk beti eman dio garrantzia euskarari». Hortaz, euskararen alde gobernuz kanpo lan egiten duen edonor ETAren menpe ari dela ondorioztatzen du. «Hori sententzia batean jasota geratzea oso arriskutsua litzateke», azaldu du Uriak.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>