«Elkar ikusiko dugu Bilbon»

2009, abenduak 15

Madrilen dira, baina itzuliko dira. Hala adierazi zuten atzo bost auzipetuek, senideekin batera, autobusera igo aurretik egindako agurrean. Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga izango dira gaur eta bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen; eta larunbatean, Bilbon, Egunkaria libre! lelopean egingo den manifestazioan. Gabonak etxean igaroko dituzte, eta, urtarrilean, Madrilera itzuliko dira. Gaur hasiko da epaiketa, baina noiz amaituko den ezin jakin oraindik.

Duela ia zazpi urte bezala, hotz zen atzo ere; elur pixka bat egin zuen Andoainen. Martin Ugalde kultur parkeko 50 bat langile bildu ziren auzipetuei agur esateko. Haien musu, besarkada eta txaloen artean hartu zuten Madrilerako bidea.

Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dituen autobusa hartu aurretik, eta senideak alboan zituztela, agerraldia egin zuten auzipetuek. Epaiketak har dezakeen bidea dela eta, kezkatuta azaldu ziren. Baina baita itxaropentsu ere, beren aurkako akusazioak «oinarririk ez» duelako.

2003ko otsailaren 20a eta ondorengo egunak izan zituzten gogoan irakurritako adierazpenean; burua makurrarazita guardia zibilek atxilo eraman eta inkomunikatuta eduki zituzten egunak, alegia. Orain ere «behartuta» eta «gogoz kontra», baina «burua gora» doazela nabarmendu zuten.

Egunkaria itxi zutenetik igaro diren ia zazpi urteetan jasotako elkartasun keinuek lagundu diete bide horretan, eta «bihotzez» eskertu dute hori. «Burua goian daramagula goaz, gu geu eta gure familia eta lagunak (…) euskal jendarte zabalaren babes sendoa eta irmoa, gure aldetik jada ordainezina bihurtu zaiguna, daukagulako». Gaur ere jasoko dute babes hori, euskal gizarteko, sindikalismoko, alderdietako eta instituzioetako ordezkariak izango baitira Madrilen.

Prentsaurrekoan bi mezu helarazi zituzten auzipetuek. Batetik, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatu zioten euskal gizarteari. Egunkaria-ren ixtea salatzeko Donostian eginiko manifestazioa izan zuten gogoan. «Orduko oritzapenaren izenean ozen dei egiten diogu euskal gizarteari, orduan bezala erantzun dezan. Orduko erasoak bere horretan jarraitzen duelako, bihar [gaur] hasiko den epaiketa ordukoaren hari luzea delako». Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da manifestazioa, larunbatean, 17:00etan. «Elkar ikusiko dugu Bilbon», esan zuen Torrealdaik, irakurritako agirian tarte bat eginda.

Bestetik, epaiketa bera izan zuten hizpide auzipetuek. Bertatik espero duten «emaitza baikor bakarra» absoluzioa dela adierazi zuten. «Absoluzioa gutariko bakoitzarentzat eta denontzat, absoluzioa Egunkaria-rentzat. Ez dugu beste emaitzarik ontzat emango».

12 eta 14 urteko espetxe zigorrei egin beharko diete aurre bost auzipetuek. ETAko kide izatea, diruz lagundu edo erakunde armatuaren dirua zuritzea leporatzen diete. Dignidad y Justicia eta AVT elkarteen akusazioa da hori, Fiskaltzak artxibatzeko eskatu baitzuen iazko uztailean. Epaitegiak, baina, ahozko epaiketa egitea erabaki zuen.

Auzipetuek nabarmendu dutenez, beraiena bezalako akusazio oinarria izan duten auzietan fiskalak ez du inoiz artxibatzeko eskatu. Horrek, baina, ez ditu lasaitzen. «Emaitza baikorrik iragartzen al du egoera aparta honek? Auziaren garapenean fiskalaren jarrerak epaileen aldetik atzerapausorik ez eragin izanak ezer aurreratzen digu emaitzari buruz? Horra hor gure kezka nagusiak. Horra hor gure zalantzaren gako nagusiak».

Oztopoz beteriko bidea

Euren aurkako frogarik eza dute defentsa onena bost auzipetuek, baina epaiketa non jokatzen den ikusita, babesgabetasunaren beldur dira. Asteak eman dituzte euren defentsa prestatzen. Argi daukate euren delitu bakarra «euskararen alde, euskal kazetaritzaren alde, euskal kulturaren alde eta Euskal Herriaren alde» lan egitea izan dela. «Hala ere, batek jakin oraindik zerk espero digun oztopoz beteriko izan den ibilbide honetan».

Auzipetuek argi daukate kaltea eginda dagoela. Euskararen eta euskalgintzaren aurka eginiko hamaika erasoren «Liburu Beltzean» kokatu dute Egunkaria ixtea. «Historia egin dute, historia beltzaren orrialderik nabarmenenak egiten ari dira egoera horretara eraman gaituztenak». Nabarmendu dutenez, zazpi urte «luze» hauetan akusatuen aulkian egon dira eserita; «saminean bezala, irainean» mantendu dituzte atxikita.

Bide horri amaiera jartzen saiatuko dira gaurtik aurrera: «Aurpegia emango» dute «epailearen eta akusatzaileen aurrean»; «inoiz izan behar ez zuen epaiketa» batean.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>