Martxelo Otamendi: «Euskarazko egunkari bat egiten genuen; hori bakarrik eta hori dena»

2009, abenduak 16


Hamar urte egin zituen Martxelo Otamendik Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari: 1993tik 2003ra arte, Guardia Zibilak itxi zuen arte. Denbora horretan gidatzen zuen taldearekin eta Administrazio Kontseiluarekin batera euskarazko egunkari bat egiten zutela azpimarratu zion Otamendik epaimahaiari: «Hori bakarrik eta hori dena».

Iñaki Uriak eta Joan Mari Torrealdaik bazkari batean proposatu zioten zuzendari kargua hartzeko, Uria kontseilari ordezkari izatera igaroko zelako. Otamendi ETBn ari zen orduan, eta, pentsatzeko denboratxoa hartu bazuen ere, gustuko zuen proiektua eta aurrera egitea erabaki zuen. Iñigo Iruinen galderari erantzunez epaimahaiari azaldu zionez, gustura hartu zuen erronka, nahiz eta egunkari batean lanean inoiz ez aritu. «Oso irakasle onak izan nituen, diru gutxikoak, baina oso onak», esan zuen euskarazko kazeta batean lan egiteak ekonomikoki ekarpen handirik ez duela egiten adieraziz.

Zuzendari lanetan aritu zen denboran inork ez ziola ildo ideologikoari buruzko agindurik eman azpimarratu zuen, «erabateko askatasuna» izan zuela, eta akusazioek dioten bezala Egunkaria-ren proiektua ETArena izango balitz, berak ez zukeen «inoiz» lan hori onartuko. Lan egiterako orduan 11 printzipioetan oinarritzen zirela berretsi zuen Otamendik ere, eta bere helburuetako bat izan zela egunkari estandar bat egitea. Euskaraz irakurtzeko erabakia hartzen zuenak behar zuen guztia egunkari horretan topa zezan lan egin zuten. Ez zuten Egunkaria bigarren kazeta bat izaterik nahi, eta horregatik beti Uriari diru eske aritzen zela azaldu zion epaimahaiari, Olinpiar Jokoetara edo AEBetako hauteskundeak jarraitzera jendea bidali ahal izateko, adibidez. Ildo politiko jakin bat jarraitzea Egunkaria-ren kalterako izango zela uste du Otamendik ere: «Euskaraz irakurri nahi zuen oro gurekin egotea nahi genuen, gurekin eroso sentitzea. Hori zen jarraitzen genuen ildoa». Horretan oso zorrotzak izan zirela azaldu zuen, eta kolaboratzaile eta kazetariei ere idazterakoan tentuz aritzea exijitzen zietela.

Estilo liburuaren garrantzia ere goratu zuen Otamendik. Liburu hori euskaraz egindako aurrena zela esan zuen, eta kazetarientzat ez ezik, Euskaltzaindiarentzat, idazleentzat eta abarrentzat ere erreferentzia zela jakinarazi zuen.

Atxiloketako miaketan bere bulegoan topatu zituzten Zutabe aldizkariei buruz ere galdetu zion Iruinek. Mahai gainean zeuzkan Otamendik Zutabe haiek. «Zutabeak edukitzea delitua zela pentsatu banu, nonbait ondo ezkutatuta edukiko nituen eta ez bulegoko mahai gainean».

Beste hainbat komunikabidetara bezala, Egunkaria-ra ere ETAren Zutabe aldizkariak iristen zirela azaldu zuen zuzendari izandakoak. Zutabe horiek ez ziren maiztasun logiko batekin iristen eta batzuetan argitaratzeko moduko zerbait izaten zuten arren, ez zela beti hala izaten esan zuen. Haiekin batera, akusazioak «sinatutako eskutitz» gisa definitutako bi orri ere baziren. Otamendik azaldu zuen Zutabe-ekin batera iristen zirela batzuetan, eta aldizkarian zetorrenaren inguruko prentsa ohar gisako batzuk zirela. Gainera, «ETAren prentsa gabinetea» firma zutela ere azaldu zuen, haiek eskutitz pertsonalak ez zirela argi utziz.

ETAren agiriak 95a baino lehen argitaratzen ez bazituzten, «ez zirelako iristen» izan zen. 95etik aurrera Egunkaria-ra ez ezik ETBra, Egin-era eta Deia-ra ere iristen ziren agiri horiek, eta Otamendik gogora ekarri zuen komunikabide guztiek argitaratzen zituztela. Zuzenean jasotzen ez zituztenek ere haien berri ematen zutela azpimarratu zuen, hurrengo egunean izan arren.

Hotzikarazko testigantza

Otamendiren ahots sendoak ere egin zuen dardar atzo, inkomunikazio aldian jasan zituen torturei buruzko testigantza ematen hasi zenean. Une oro burua estalita eduki zuten, zutik, argia piztuta eta gehienetan biluzik. Lurrera erortzeraino eginarazi zizkioten ariketa fisikoak… Iritsi orduko ohartarazi zioten han «guztiek» hitz egiten zutela, bigarren eguna aurrena baino okerrago izango zela, hirugarrena okerrago… Zenbat eta lehenago «hitz egin» hobe izango zela guztientzat. Gauza bigun batekin ukitu zuten, postura sexual jakinetan jarrarazita. Klik bat entzun zuen pistola garondoan sentituz, eta bi segundutara arma bat ukitu arazi zioten.

Epaimahaiari azaldu zion Auzitegi Nazionalari buruz ere gaizki esaka egundokoak esanez jardun zirela guardia zibilak. ETArekin egindako elkarrizketei buruz galdetu eta Otamendik sekretu profesionalari erreferantzia egiten zionean haserretu egiten zirela. Baltasar Garzon epaileak ere ETArekin izandako elkarrizketengatik deklaratzera deitu zuela esan zuen Otamendik, eta sekretu profesionalaren argudioa onartzen ziola hark. Poliziek ezin zuten hura jasan, Otamendiren esanetan.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>