Uniformeen jauregian

2009, abenduak 17

Mikel Elorza (Begiradak, Berria)

Eraikin arrunt baten sarrera dauka Auzitegi Nazionalak. Ezkaratz arrunt modukoa, gela txikiak, estuak; ez du justizia jauregi baten dotoreziarik, duintasunik. Duintasuna eta Justizia, hain zuzen, barruan dauden batzuek osatzen dute. Egunkaria auziko inputatuen senitarteko eta lagunek zain egon behar izan dute, luze, metal detektagailuak eta identifikazio kontrolak gainditzeko. Uniformedun batek paso eman arte. Uniformedunen jauregia baita hau: zibil, polizia edo magistratu uniformeak daramatzate, baina gorputza bertsua dute. Duintasuna eta Justiziakoak eta AVTkoak barruan daude. Plastikozkoak izango dituzte arimak, metal detektagailuak ez die piii egin.

Aulki asko bete dituzte eta, aretoa handia ez izanik, senitarteko eta lagunentzat toki gutxi. Txandak egin dituzte Egunkaria-ren lagunek, atsedenaldi parea profitatuz, beste lagun batzuei tokia uzteko. Ikusleria geografikoki ere banatuta dago, eskuinaldean AVT eta DyJkoak; Egunkaria-koak ezkerrean. Kasualitatea?

Gomez Bermudez jaunak –ilustrísimo señor presidente, du ohorea- nagusitasunez gaur -beste batzuetan nagusikeriaz- zuzendu du ekitaldia. Eskuzabal jardun du, apenas moztuz abokatuen jarduna, arretatsu inputatuen mugimenduekin. Galderak mozteko ahotsa altxatu behar izan gabeko «no ha lugar»-ak erabili ditu eta eroso ibili da. Hori seinale ona den? Batek daki, esaera egoki dator etxe honetan: non fida, hemen Gal.

Fiskalak ez du galderarik egin (ordenagailuan egunkariren bat kontsultatzen ibili ote den iruditu zait). Herri salaketako abokatuek ere ez dute lan handirik izan. Ordenagailurik gabe, apunteekin soilik moldatuko direla dirudi. Guardia zibilen txostenak nahikoa dituzte, nonbait.

Bidelagun jardun dute abokatuek, itzaltzen zitzaizkien mikrofonoekin lehian, inoiz ere itzali ez den inputatuen ahotsa ekarriz, egia handi batzuk plazaratuz, gezur handiago batzuk gezurtatuz.

Ongi erantzun dute inputatuek… nola inputatuek? Iñakik, Xabierrek, Martxelok, Joan Marik eta Txemak. Euskaldunon Egunkaria nola sortu zen, nola eraiki zen, nolakoa zen, zer jende biltzen zuen -buruzagitza, ingurua, babesleak eta, hauena bereziki gogoratu behar da: langileak, gau itsusi batean, ez naiz ez ahaztuko, lanik eta proiekturik gabe gelditu zen langile taldea-. Hori kontatu dute -Martxelok esana: hori bakarrik eta hori dena-, entzun dugu, gogoratu dugu historia eder bat eta pasarte lazgarri batzuk.

Zortzi orduren ondoren, «ondo joan da» komentatu espaloian, eta urrutiratu gara erakin madarikatutik. Ni, eztarrian traba handia neukala, hala ere. Bai, ondo kontatu dute, baina, zertan arraio ari gara hori auzitegi batean kontatzen? Nolatan aritu behar Egunkaria egin izana ez zela delitua argudiatzen? Zer egiten dute Iñakik, Xabierrek, Martxelok, Joan Marik eta Txemak inputatuta? Amorrua ematen du, amorru latza. Sarrerako metal-detektagailuak ezintasuna eta amorrua atzemango balitu, ezingo genuke sartu, lehertu egingo litzateke.

Hotz handia egiten du Madrilen. Noiz arte?

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>