Estatuaren zulo beltza

2009, abenduak 17

Pello Urzelai (Berria)

Lehen saioaren amaieran Txema Auzmendik atxilotuek jasandako tratuari buruz esandako hitzen oihartzuna entzun zitekeen biharamunean ere epaigelan: «Ze zuzenbide estatu mota da halako tratu anker eta umiliagarria onartzen duena? Nola daiteke epaile batek bidegabekeria hau gertatzen uztea?». Del Olmo epaile instruktoreari Txema Auzmendik esandako galdera-ihardespenak dira, lehen saioaren amaieran errepikatu zituenak, epaitu behar dituzten hiru epaileen aurrean. Lehen saioan, auzipetuek atxiloaldian pairatu zuten tratuari buruzko testigantzak Espainiako Estatuaren estolden zati bat erakutsi zuen. Atzoko saioan lekuko gisa aritu ziren bi guardia zibilen deklarazioak zulo beltz horren beste alde bat azaleratu zuen, indar polizialen jardun ahaltsuarekin eta zigorgabetasunarekin lotua.

Auzi honetan auzipetuek eta euren defentsak askotan salatu dute Guardia Zibilak eraikitako sumarioa zela. Auzian Guardia Zibilaren instruktore izan zen agenteak onartu zuen atzoko saioan. Berak eskatu zion Del Olmo epaileari Euskaldunon Egunkaria ixteko, 2003ko otsailaren 17an sinatutako txosten batean. Epaileari dagokion erabaki esparrua bereganatu zuen Guardia Zibilak, 2003an, Egunkaria-ren kasuan. Ez zen mugatu balizko zantzuak aurkeztera eta atxiloketak eskatzera, ez, Euskaldunon Egunkaria ixteko eskaera helarazi zion epaileari, gutxienez fiskalaren tokia hartuta. Egunkaria ixtearekin batera, Egunkaria SA eta haren egoitzak eta Egunkaria Sortzen SL ixteko eskaerak egin zituen guardia zibil berak. Iñigo Iruin abokatuak horretaz galdetu zionean, hasiera batean zalantzan jarri zuen horrelakorik eska zezakeen: «Ez dakit eska dezakedan itxiera, hori epailearen kontua da». Baina berak sinatutako txostenaren akta erakutsi ziotenean, onartu behar izan zuen: «Hor agertzen bada, egiazkoa izango da». Epaiketa honen gakoetako bat Guardia Zibilaren itzal luzearekin lotua dago: auziaren hasieran botere juridikoaren gainetik izan bazen, noraino iritsiko da egun kasu honetan bere itzala?

Estatuaren zulo beltzaren beste atala zigorgabetasun espazioen iraupenari dagokiona da. Uria, Oleaga, Torrealdai eta Auzmendiren atxiloaldiaren arduradunek —guardia zibil instruktoreak eta idazkariak— deklaratu zuten inkomunikazio pean izandako bost egun haietaz. Haiek diligentziak egiteko uneetan bakarrik ikusi zituzten atxilotuak. Gainerako denboran ziegen zaintzaz arduratzen ziren agenteen esku zeuden, eta denbora horretan «ez zen ezer gertatu» atxilotuekin, zaintzen ari zirenek ez zietelako ezer jakinarazi. Horrela ixten dute zirkulua: inork ez badu gertakaririk jakinarazi ez da egon. Horrela argudiatu zuen instruktoreak Uriaren kasuan: «Orkatilaren bihurketa besterik ez zait jakinarazi». Eta kontraesanetan sartzeko arriskua ikusten dutenean, memoria galtzen dute. Ea Uria errenka ibiltzen ikusi ote zuen galdetu zionean Elosua abokatuak, «ez dut gogoratzen» erantzun zuen guardia zibilak. Eta Uriaren atxiloaldiaren amaieran ea jota eta arnasteko zailtasunekin ikusi ote zuen galdetu zionean, «normal» ikusi zuela esan zuen, «egoera honetan dagoen pertsona batean kasuan normala dena». Ikuspegi kontua. Zulo beltzeko normaltasuna.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>