«Euskalgintza osoaren aurkako epaiketa da hau»

2009, abenduak 20


Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolak)

«Hau ez da bakarrik Egunkaria-ren aurkako epaiketa, baizik eta euskalgintza osoaren aurkakoa, eta euskalgintza osoak egon behar du hemen. Lehen egunetan inputatuek sendo eta argi deklaratu dute; itxaropentsu egon behar dugu».

Iñaki Lasa (Kontseilua)

«Euskara normalizatu nahi dugunon kontrako epaiketa den neurrian, denok sentitzen gara inputatuta. Fiskaltzak galderarik egin ez izanak leporatzen dutenaren ahulezia islatzen du, baina ez dago jakiterik zer gertatuko den».

Mertxe Mujika (AEK)

«Etorri garen guztiok adierazi nahi dugu bidegabekeria honi amaiera eman behar zaiola, sekula ez zelako martxan jarri behar. Gure eta haien delitu bakarra euskararen alde lan egitea da, eta guk dakigula, hori ez da inongo legedian agertzen».

Jon Irazabal (Gerediaga Elkartea)

«Estatutik lagunduta egon beharko lukeen egunkariaren aurkako kanpaina nahikoa dela adierazi behar dugu, zentzugabekeria honi stop esan. Gazteleraz ehunka egunkari izanda, euskaraz genuen bakarrari eraso egitea ezin da onartu».

Iñaki Murua (Bertsozale Elkartea)

«Jende asko bildu eta indarra egin dugu, zentzugabekeria honen kontra, auzipetuen alde, eta euskarazko egunkari bakarra genuen haren defentsan. Eta euskara, euskal kultura eta herritik sortzen denaren aurkako auzibideak amai daitezen».

Hasier Etxeberria (idazle eta kazetaria)

«Egunkaria Sortzen taldean egon nintzen, eta prozesua ezagututa, badakit esaten dutena asmakeria hutsa dela. Oso gai gogorra da, baina niri eramanezin egiten zait intelektual espainiar eta frantziarrak isilik egotea».

Laura Mintegi (Euskal PEN Kluba)

«Hemen dauden askok ez dute inoiz Egunkaria irakurri, euskaraz ez dakitelako, baina Egunkaria-z haratago doa gaur adierazten ari garena. Nazio baten adierazpena da: bagara nor, eta nekatuta gaude herri honen identitatea ez onartzeaz».

Kirmen Uribe (idazlea)

«Egunkaria-n zutabeak idazten hasi nintzen, nire ibilbidea ez litzateke bera zutabe haiek gabe. Autoan nentorrela, ikusi dut eguzkiak izpi berezi bat sortzen zuela izotzean; auzi honetan ere, nahiko nuke izotzaren ondoren eguzkia ateratzea».

Gontzal Mendibil (musikaria)

«Bildutako jende guztia ikusita, etorkizunerako irakasgai ederra izan beharko luke gaurkoak, injustizia bati aurre egiteko herri guztia dagoelako hemen. Nik uste dut itxaropena izan behar dugula; aldarri hau entzungo dute, seguru».

Xabier Eizagirre (‘Jakin’ aldizkaria)

«Egunkaria proiektu garrantzitsua zen euskaldun guztiontzat, eta hura, kanpoko agintariek interes politikoengatik zapaltzea, halako zigorgabetasun eta biolentziarekin, gure belaunaldiko euskaldunok sufritu dugun umiliaziorik handiena izan zen».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>