Elkartasun olde zabala

2009, abenduak 20

Euskal alderdi politiko eta sindikatu gehienek babestu dute Egunkaria libre! aldarrikapena Bilbon eginiko mobilizazioan. Aho batez salatu dute auzia zentzugabekeria dela, eta epaituen absoluzioa eskatu dute.

Markel Olano (Gipuzkoako ahaldun nagusia)

«Gipuzkoako diputatu nagusi bezala etorri naiz, gipuzkoarren parte handi batek uste baitugu bidegabekeria handia izan zela Egunkaria ixtea eta orain epaiketa egitea. Ez dugu uste errudun direnik; aitzitik, jakin badakigu errugabeak direla, eta berehala etxean libre ikustea beste nahirik ez dugu. Hori da gure desioa eta eskaera ere».

Iñigo Urkullu (EAJko EBBko lehendakaria)

«Auzia zazpi urtez luzatzeak konpondu ezin diren kalteak eragin ditu. EAJ alderdiak argi eta garbi esan du behin baino gehiagotan: dena ez da ETA. Honakoan, esaterako, euskarazko hedabide baten aurka egin zuten. Halakorik ezin da berriz ere gertatu. Adierazpen eta iritzi askatasuna errespetatu egin behar dira, eta auzipetuek libre eta kargurik gabe geratu behar dute. Epaiak hori guztia kontuan hartzea espero dugu. Gustatuko litzaiguke PSE-EE ere hemen egon izana».

Jone Goirizelaia (ezker abertzaleko kidea)

«Euskaldunon Egunkaria-ko auzipetuei gure elkartasuna adieraztera etorri gara. Demokraziarik ez dago herri honetan, eta horren ondorioz gertaturiko erasoa izan zen Egunkaria-ren itxiera. Hemen bilduriko alderdi eta gizarte eragileei eskatzen diegu herri honetan dagoen gatazkaren konponbiderako pausoak eman ditzaten, sekula ez dadin errepikatu honen moduko bidegabekeriarik. Bien bitartean, behar-beharrezkoak izango dira salaketa manifestazioak eta elkartasun keinuak».

Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileordea)

«Epaiketa honek ez zuen sekula gertatu behar, bertan behera behar zuen hasi aurretik. Eta, beraz, auzipetuei elkartasuna agertu beharrean gaude. Guardia Zibilak bultzaturiko operazioa izan zen, inongo oinarri juridikorik gabea, arrazoi politiko hutsetan oinarritua. Eta hori ezin du inolaz ere onartu ustez demokratikoa den estatu batek. Horregatik eskatzen dugu gutxienez auzipetuak libre geratzea, ikusirik bestelako kalteak konponezinak direla jada».

Pello Urizar (EAko idazkari nagusia)

«Agerian geratu da euskal gizarteak pentsatzen duena, alegia, Egunkaria auzia erabat politikoa dela. Euskara eta euskal kulturaren aurkako erasoa izan zen Euskaldunon Egunkaria ixtea; halaxe uste du euskal gizartearen gehiengoak. Eskaera argia egiten dugu hortaz: bertan behera gera dadila epaiketa eta kargurik gabe libre utz ditzatela auzipetuak».

Mikel Arana (Ezker Batuko koordinatzailea)

«Duela zazpi urteko manifestazioan izan ginen Donostian, eta oraingoan ere garrantzitsua iruditu zaigu hemen egotea. Bidegabekeria galanta izan zen Egunkaria ixtea. Mina jada egina dago. Hori argi dago, baina orain auzipetuak absolbitzea beste irtenbiderik ez dago. Barkamena ere eskatu beharko lieke Espainiako Auzitegi Nazionalak, egindakoa oso larria da eta atzera bueltarik ez du. Adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin nahi dugu gaur [atzo] hemen egonda».

Oscar Matute (Alternatiba Eraikitzen-eko bozeramailea)

«Gizartearen gehiengoak bezala, epaiketa bertan behera uzteko eskatu nahi dugu. Fartsa izan baita hasieratik. Estatuko aparatu eta botere jakin batzuetatik bultzaturiko operazio bati erantzuten dio epaiketak. ‘ETAren aurka denak balio du’ doktrinapean deseroso zaizkien hedabideen aurka egin dute. Eta ez hori bakarrik: euskararen eta euskal kulturaren kontrako eraso zuzena izan zen Egunkaria ixtea. Behin baino gehiagotan esan dut: halako jokabideek Amineatu Haidar gogorarazi eta Espainia Marokoren pareko dela erakusten dute. Hemen egotea justiziaren alde egotea da».

Iñaki Galdos (Hamaikabateko presidentea)

«Euskal Herriaren aldarria entzun da Bilboko kaleetan. Egunkaria-ren itxiera adierazpen askatasunaren aurkako erasoa baino gehiago izan zen. Eta orain adi egon behar dugu epaiketarekin, Estatua Euskal Herriaren aurka edozer gauza egiteko prest baitago».

Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia)

«Elkartasuna adieraztera etorri gara Euskaldunon Egunkaria-ko auzipetuei, baita tankera honetako epaiketatan izan diren pertsona guztiei ere. Salatu nahi dugu euskal herritarrak beharturik gaudela gure lan politiko, sozial eta kulturalari buruzko azalpenak ematera Madrilen. Hain zuzen, lan hori geldiarazi nahi dute halako epaiketak eginda. Eta manifestazioak lan horretan jarraitzeko indarra dira. Lan hori zilegia izateaz gainere, beharrezkoa ere badela erakusten dute gisa honetako mobilizazioek. Jendeari noranzko horretan lanean segitzeko deia egin diogu hemendik».

Adolfo Muñoz (ELAko idazkari nagusia)

«Auzipetuei gure babes eta elkartasun osoa adieraztera etorri gara manifestaziora. Eskuin muturraren eraso bortitza da Euskaldunon Egunkaria-ren aurkakoa, onartezina eta arbuiagarria. Auzipetuak zigortzen badituzte, areago ilunduko da herri honen egoera politikoa. Beraz, ezin da halakorik gertatu. Guardia Zibilak abiarazitako operazioa izan zen, asteon inoizko argien geratu denez. Epaiak gauza bakarra jaso behar du: auzipetuak errugabeak dira».

Unai Sordo (CCOO Euskadiko idazkari nagusia)

«Manifestazioan parte hartzea ezinbestekoa iruditu zaigu, informazio eta iritzi askatasuna oinarrizko eskubideak baitira, eta horiek urratu direlakoan gaude. Epaiketan eskubide horiek bermatzea eskatzen dugu, alegia, berme juridiko guztiekin eginiko epaiketa izatea exijitzen dugu. Esanguratsua iruditzen zaigu Fiskaltza Nagusiaren jokabidea. Epaileak ere auzia bertan behera utzi beharko luke; hartara, herri honetako hedabide guztiek izango lukete beren jarduna askatasun eta pluraltasun osoz garatzeko eskubidea».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>