Bateratzeko ahalmena

2009, abenduak 20

Pello Urzelai (Berria)

aaas.jpg

Itxieraren bidegabekeria lotuta dago, ezinbestean, itxieraren helburuarekin, neurri horren bidez indargabetu nahi zutenarekin. «Egunkaria librea zelako itxi ziguten. Egunkaria sortzeko libertatea hartu genuelako zigortu gaituzte zazpi urte hauetan», auzipetuek nabarmendu dutenez. Euskarari eta euskal hiztunei lehen euskarazko egunkari osoa emateko atrebentzia izan zuten auzipetuek eta beste hainbat lagunek. Instituzioetatik independentea. Sare sozialean oinarrituta. Urte askotan eta oso garai ezberdinetan euskalgintza eta kulturgintza astindu duen sare sozial hori oinarri hartuta. Euskaltzalea, independentea, aniztuna, militantea, bateratzeko nahia zuena, Euskal Herria osorik eta naturaltasunez hartu eta erakusten zuena. Horrelako proiektua itxi zuten. Eta Egunkaria itxi zutenean, 2003ko otsail hartan, agerian gelditu zen kolpe hark Egunkaria bera eta haren sortzaile, arduradun eta langileak baino askoz gehiago ukitzen zituela. Besteak beste, euskara berari, euskararen eta euskal kulturaren aldeko egitura eta ekimen orori, eta Euskal Herria irudikatzeko eskubideari ere eraso zioten. Hortik etorriko zen gizartearen erantzun zabala.

Bai lehen, bai orain, Egunkaria auziak biltzen dituen elkartasuna eta sostengua ez da oinarritzen soilik kausa bidegabe bat salatzeko nahian edota auzipetu jakin batzuekiko atxikimenduan. Haratagotik dator eta haratago doa haren bateratzeko ahalmena. Kausa justu bat da, noski, baina gehiago ere bai. Auzitegi arrotzek baldintzatutako egoera bidegabe bati amaiera emateko nahia ere bada. Bestelako egoera justuago baten abiapuntua izateko gogoa. Eta gatazkaren oinaze iturri diren osagaiak gainditu eta desagertzeko bidean jartzeko itxaropena ere bai.

2009. urtearen amaiera honetan, Egunkaria libre! aldarriak bat egiten du Euskal Herria libre! aldarriarekin, egoera eraldatzeko gizartean nagusi den nahiarekin. Bilbon bildutako milaka eta milaka herritarrak eta beste milaka asko ere ez dira konformatuko «salbuespen» batekin auzi honekin. Egunkaria auziaren konponbidea norabide baten sinboloa da. Baina gakoa ez dago Madrilen. Kasurik hoberenean, basamortuko oasi bat ez bihurtzeko gakoa, indarrak bateratzeko ahalmena egoera errotik aldatzeko norabidean erabiltzeko gaitasuna izango da. Egunkaria libre! aldarriarekin bat eginda, Bilboko kaleetan izan diren politikariek badakite egungo egoerari buelta emateko aukera berri bat zain dagoela, baliatzeko zain. Guztiek dute erantzukizuna azkartu eta bururaino eramateko.

Beste auzi batzuen kasuan gertatu den bezala, Egunkaria auzian ere auzipetuen aldeko elkartasunak eta mobilizazioak ez die balio izango horiei bakarrik. Denen eskubideen alde egindako lana ere bada. Bidea egiten laguntzen duena.

Halaber, auzipetuek nonahi -Auzitegi Nazionaleko epai-gelan ere- euskararekin eta Egunkaria-ren proiektuarekin erakusten ari diren konpromisoak, ez du bakarrik balio haien duintasuna aldarrikatzeko eta defentsarako, baizik eta euskaldun guztion duintasun eta defentsarako ere bai.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>