AVTk eta Dignidad y Justiciak fiskalak daukan “pasibitatea” salatu dute

2009, abenduak 24

Dignidad y Justicia eta AVT Egunkaria auziko herri akusazioek Egunkaria-ren aurkako epaiketako lehen bi egunetan Miguel Angel Carballo fiskalak izan duen “pasibitatea” salatu dute, atzo Madrilen egindako agerraldian. Haien arabera, epaiketa galduz gero, “fiskalaren errua” izango da eta, uste dutenez, Espainiako Estatuak 60 milioi euro ordaindu beharko ditu kalteordainetan.

Horrez gain, komunikabideen jarrera salatu dute eta “korporatibismoa” egotzi. Auzipetuen alde jartzea ere leporatu die hedabideei. “ETAren alde egiten dute, biktimak baztertzen dituzte eta askatasun eskubidearen aurka egiten dute”.

Abenduaren 15ean hasi zen Egunkaria-ren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Lehen egunean bost auzipetuek deklaratu zuten -Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Joan Mari Torrealdaik-, eta bigarrenean hiru guardia zibilek. Bi kasuetan fiskalak ez zuen galderarik egin.

Fiskalaren jarrera auzibidean izandako jokabidearen isla izan zen, bere garaian artxiboa eskatu zuelako -defentsak ere bai-, deliturik ez dagoela argudiatuta. Auzibidean Dignidad y Justiciak eta AVTk baino ez dituzte egin zigor eskaerak; 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorra auzipetu bakoitzarentzat -14 eta 15 urte bitarteko inhabilitazioa ere bai-, ETAkoak direlakoan.

Urtarrilaren 12ra arte ez da beste saiorik izango; orduan, kartzelan dauden Egunkaria-ren lekukoek deklaratuko dute. Ondoren, urtarrilaren 25etik 29ra izango dira saioak.

Javier Gomez Bermudez da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado dira beste epaileak.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>