Entzun dezatela herri honen epaia: ‘Egunkaria’ libre!

2010, urtarrilak 26

Igone Lamarain eta Unai Larreategi (EHEko kideak)

Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako lehen epaiketa bukatzear den honetan, epaiaren zain egotea baino gehiago euskaltzaleoi gure ezinegona kalean bizitzea, konpartitzea, adieraztea dagokigula uste dugu.

Guztiok amets egiten dugu absoluzioarekin, baina amestetik harago, badirudi orokorrean euskaltzaleok epaituak absolbitu egingo dituztela sinesten dugula. Gure irudikoz, behintzat, transmititzen ari garen normaltasun egoerak ez du beste arrazoirik.

Baina gu, behintzat, ez gaude normal, ez gaude lasai, eta ametsa amesgaizto bihurtzeko arriskuak sortzen digun ezinegona eta amorrua askatzeko premia latza daukagu. Horregatik, Euskal Herrian Euskaraz elkartean, gaur, urtarrilaren 26an, mobilizazio eguna egitea erabaki dugu. Egun honetan herri zein auzo ezberdinetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten dizuegu gure moduan sentitzen zareten euskaltzale guztiei.

Zazpi urte igaro dira jada Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra itxi eta Espainiar Estatuak herri honen kontrako erasoaldi berria abiatu zuenetik. Zazpi urte pasa dira orduko gobernuaren menpeko epaitegi berezien aginduz, polizia espainolak Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zuenetik. Zazpi urte Egunkaria-ko ordezkariak atxilotu eta basatiki torturatu zituztenetik. Zazpi urte Egunkaria-ko langileak kalean gelditu zirenetik. Itxiera, atxiloketa eta torturekin nahikoa ez, gainera, eta zazpi urte behar izan dituzte epaiketari ekiteko. Zazpi urteko sufrikarioa ezarriz hamaika pertsona eta familiari. Zoritxarrez, ez da ur horretatik edaten dugun lehen aldia euskal herritarrok, 18/98+ makrosumarioan eta besteetan ere, zoritxarrez, beste hainbat adibide bada.

Espainiar Estatuak badaki herri honen asimilatze prozesua bururaino eramateko bi kontu amaitu beharra daukala; alde batetik, euskaraz bizitzeko nahia, eta, bestetik, herri mugimendua. Hor kokatzen da bete-betean Egunkaria-ren itxiera, hor kokatzen dira lehendik ere ezagunak diren erasoak eta hor kokatzen da herri akusazioak darabilen argudio nagusia. Zeinak esaten duen euskaraz bizitzearen alde administraziotik kanpo egiten den jardun guztia ETAk aginduta egiten dela. Zer gertatuko litzateke, beraz, epaileak argudio hori bere egin eta Egunkaria-ko auzipetuak zigortuko balitu? Zenbat herritar, eragile, proiektu jarriko lirateke jomugan?

Horregatik erabaki dugu epaiaren zain egoteke Espainiar Estatuari argi eta garbi esatea harro gaudela bai herri mugimenduko kide izateaz bai eta euskaraz biziko den herria berreraiki nahi izateaz. Horretarako, Gasteizen eta Iruñean dauden espainiar Gobernu ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak antolatu ditugu gaur, urtarrilaren 26an, Gasteizen 19:00etan eta Iruñean 19:30ean. Entzun dezatela gu behintzat aspertuta gaudela beraien errezetekin, eta gaur eguneko gure jarduna mantentzeaz gain, proiektu eta asmo berriekin herri euskalduna indartzeko asmoa daukagula. Zapalduta bizitzeari uko egin, zutitu eta euskaraz bizitzeko hautua geroz eta sendoagoa izan dadin eragiten ari garela.

Hizkuntza txiki batek arnasa hartzeak min ematen die. Zergatik ote? Diktaduratik demokraziara pasatu omen ginen, baina mina berdin-berdin ematen badie, funtsezko ezer aldatu ote da benetan?

Euskarari erasorik ez, Egunkaria libre!

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>