Itzulpen okerretatik, mezu okerrak

2010, urtarrilak 31

Egunkaria-ren aurka Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketan froga gisa aurkeztu diren euskarazko itzulpen gehienak okerrak dira. Zentzugabeak. Nahasiak. Hala ondorioztatu dute Begoña Montoro eta Oskar Arana itzultzaileek, Egunkaria auziko defentsaren eskariz egindako txosten batean. Idatziz aurkeztu diren froga eta dokumentuek eragindako arazoak ikusita landu dute txostena. Eta ateratako ondorioak kezkagarriak dira oso.

Perituen ustez, Auzitegian froga gisa aurkeztu diren dokumentuen itzulpena «ez da fidagarria», ez duelako islatzen euskarazko jatorrizko testuek diotena. Guardia Zibilaren itzulpenetan egindako oker «etengabeek» jatorrizko testuen ulermena zaildu egiten dutela diote. Eta Auzitegi Nazionaleko interpreteek itzulpen horien gainean egindako berrazterketak ere ez dira batere zorrotzak. Gainera, oker batzuk bestelako «intentzioz» egin direla uste dute, eta Guardia Zibilak jatorrizko idatzietan ez dauden ideiak agertzeko asmoa izan duela sumatu dute. Itzultzaileek argi ohartarazi dute: itzulitako agiriak irakurtzen dituen erdaldun batek ez luke sekula jakingo jatorrizko testuen edukia zein den.

Txostena bi zatitan banatu dute egileek. Alde batetik, Guardia Zibilak itzuli eta berrazterketarik izan ez duten testuen egokitasuna aztertu dute. Eta, bestetik, Auzitegi Nazionaleko interpreteek Guardia Zibilaren itzulpenen gainean egindako alderaketak berraztertu dituzte. Txostena egiteko, HAEEk erabilitako IZO itzulpen zerbitzu ofizialaren irizpideak erabili dituzte.

Akatsak nonahi atzeman dituzte. Auzitegian gaztelaniara itzulita aurkeztu diren agiri batzuetan jatorrizko testuetako esaldiak eta hitzak itzuli gabe utzi dira. Beste batzuetan, jatorrizko testuetan ez dauden hitzak, esaldiak eta ikur ortotipografikoak gehitu zaizkio itzulitakoari (galdera ikurrak, parentesiak, kortxeteak…). Itzultzaile taldeak adibide ugari aurkitu ditu froga gisa aurkeztu diren txosten, dokumentu eta idatzietan: deklinazio, sintaxi eta aditzetan akatsak, jatorrizko testuen zentzua aldatzen duten itzulpen traketsak…

Aurkitutako akatsek kasu batzuetan jatorrizko esaldien zentzua aldatu egin dute, eta, beste batzuetan, mezua bera ulertezin bilakatu dute. Esaldien zentzua aldatzen dituzten itzulpen traketsekin jatorrizko testuen esanahia «goitik behera moldatu» egin dela diote perituek. Esaterako, jatorrizko agirietan galderak direnak baiezko esaldi bihurtu dituzte gaztelaniako itzulpenetan. Egitura bakoitzaren autonomia zaindu edo bitarteko batzuk partekatu? honela itzulita dago: En cada estructura, hay que cuidar la autonomía o desarrollar algunos medios. Hiztegiaren erabileran ere oker ugari atzeman dituzte. Eta akatsekin mezu nahasiak eman dira itzulpenetan: onetsi, habilitar omen da; ordezkatzen du, delega, eta zuzentzaile taldea honela itzuli dute gaztelaniara: equipo de dirección.

EH: EHAS

Itzulpen okerrak ez dira hitz soiletara mugatzen. Hainbat kasutan gaztelaniara eraman diren esaldiek ez dute zerikusirik jatorrizko testuetan agertzen direnekin, eta maiz, Guardia Zibilak edo, kasuan, Auzitegiko interpreteek hitzen esanahia asmatu eta esaldiak bere kasa interpretatu dituzte. Esaterako, EH sigla (Euskal Herria) EHAS sigla (alderdia) bilakatu dute gaztelaniara itzuli dutenean. Gauza bera gertatu da euskarazko hitzen deklinazioarekin, esaldiaren zentzua erabat aldatuz: Koordinakundeak joko handia eman dezakeela esaldia horrela itzuli dute: Hasta ahora los de la Coordinadora han dado un gran juego.

Baina, oker batzuk bestelako «intentzioz» egin direla pentsatzen dute perituek. Izan ere, agiri askotan, jatorrizko testuetan agertzen ez diren ideiak itzulpenetan azaltzeko intentzioa sumatu dute. El Periodico egunkariak kaleratutako informazio bati aipamen egiten dion idazkiaren itzulpena oso esanguratsua da: Askoz jota ondorioztatu daiteke KASek eta ETAk bazutela informazioa egunkari berriaren sorrerari buruz esaldia, esaterako, modu honetan itzuli dute: Apunta mucho que podría salir más información acerca de la relación de KAS y ETA con la creación del nuevo periódico. Eta beste adibiderik ere bada: Lorpenen artean aipatu zuen egunkariaren salmentak kontrolatzen duen OJD erakundearen auditoria igaro zuela, horrela itzuli dute: Mencionó entre los logros que se controla la venta de la organización, de OJD y que se ha pasado la auditoría.

Perituen txostena: itzulpen akatsak

– Jatorrizko testuan ez dauden hitzak eta esaldiak gehitzea. Josemi Zumalabek azken bilera oroitu zuen, honela itzulita ageri da: Josemi Zumalabe recordó con agrado la última reunión.

– Gramatika akatsak. Ene uste apalean honela itzulita dago: En nuestra opinión en la estantería; Lepoa eginen nuke… omen da Me jugaría mi inmolación que…; Arinkeria, berriz, prisa; gidoilari, conductor; onetsi, habilitar; euskerari buruz, adecuándolo al euskera; erran, errar; molde, movil; errespetu, errepasu; foru, foro; …

– Datuak eta denbora. Datu zehatzak idazteko orduan ere oker ugari daude. Hala, aurtengo defizita honela itzuli dute: el déficit del año pasado; handik ordu erdira, de entonces a una hora; 40.000-43.000 irakurle, berriz, 60.000 lectores omen da gaztelaniaz.

– Deklinazioa. Euskarazko deklinazioa ulertzeko zailtasunak atzeman dituzte itzulpenetan. Ergatiboa nominatibo pluralarekin nahastu da: koordinakundeak joko handia eman dezakela, honela itzuli da: hasta ahora los de la coordinadora han dado un gran juego… Zenbaki gramatikalekin ere gauza bera: pertsona baten esku esaldia en manos de unas personas itzuli da. Izen propioak eta hitzen arteko nahasketa agerikoa da: amaitzeko, batzarrari dagokionez esaldia En lo referente a las comisiones esaldian bilakatu dute, eta Kimua Iparraldeko argitalpenari izena aldatu eta brote deitu diote.

– Sintaxia. Poliziaren itzulpenetan sintaxi akats ugari daude: …nazioaren egitura politikoarentzat esaldiaren itzulpena omen da …para la politica de estructuración nacional.

– Jatorrizko testuetan ez dauden ideiak. Aipatutako paperetan badirudi ‘Egunkaria’-ren zuzendariari buruzko informazioa ematen zela dioen idazkia honela itzulita ageri da frogetan: En esos papeles que el director de ‘Egunkaria’ era y no era el que ofrecía información a ETA. Edo honako esaldia: nahasmena sortu nahi izan da ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren errealitate garbia eta gardenari buruz, Se ha querido hacer una mezcla sobre la realidad limpia y clara del ‘Euskaldunon Egunkaria’.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>