Blanca Urgell: berandu, makal eta ilun

2010, otsailak 4

Xabier Letona (Argia.com)

Ahozko auzia bukatutako egun berean plazaratu zuen agiria Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek. Zuzenbide estatuko instituzioen arteko delako begirune horri begira behar zen garaian agian, Guardia Zibilak eta epaile instruktoreak zapalduko herritarren giza eskubideekiko ardura eta kezka erakustearen aldetik berandu, makal eta ilun. Badirudi zerbait adierazi gura zuela Kultura Sailak eta aspalditik espero zen, baina kale egin du. “Justiziak behin-betiko amai dezala auzia” desio du Urgellek, baina absoluzioari edo errugabetasunari inongo aipamenik egin gabe. Edozein epaiketan espero behar dena da hori, behin betiko amaitzea. Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares Ibarretxe auzian epaileen aurrean eseri zirenean zenbat bider entzun diegu PSE-EEko buruzagiei justiziari lana egiten utzi behar zitzaiola, baina ziur zirela bi buruzagiak errugabe zirela?

Egunkari bat ixtea eta auziaren izaera gehienez “kezkagarria” iruditzen zaio Urgelli. Bakarrik kezkagarria. Zazpi urtez luzatzea “justizia egiteko modurik egokiena” ez dela berresten du. Eskerrak! Eta hori denbora guztia iragan behar izan da “auzi honen gainean hegaka dabiltzan dudak argitzeko”. Eta zein aldetara argitu dira zalantzok?

Auzi honek “bizikidetza linguistikoari” baino, bizikidetza demokratikoari eraso dio lehenik eta behin. Eta ez, Urgell anderea, ez dira “Euskadiko zenbait herritar”, zazpi urtetan Eusko Legebiltzarrak, biltzar nagusiek, dozenaka udalek eta gizartearen gehiengo oso zabalak erakutsi du PPk haizatutako operazio honen aurkako jarrera. Gizartearen gehiengo oso zabalak ez du dudarik izan, eta Jaurlaritza osatzen duen PSE-EEko askok ere ez. Odon Elorza absoluzioaren alde agertu zen, Urgellen menpeko Ramon Etxezarreta ere argi mintzo izan da auziaren desegokitasunaz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek auzia artxibatzea eskatu zuten PSEko botoak alde… Kasu honetan, nor ote zen euskara “nahi ez ditugun eta bidegabekoak diren konnotazioetara” bideratu zuena?

Bai, lerro artean irakurrita eta borondate asko jarrita, badirudi kultura sailburuak auzipetuen aldeko zerbait iradoki nahi duela. Ez du lortu. Euskal gizartean halako kezka sortzen duen auziak Lopez lehendakariaren parte hartze zuzena eskatzen du. Kale borroka-ren ondorioz erretako edukiontzien aurrean salaketa sutsuak egin eta auzi honetan beste aldera begiratzeko gai den lehendakariak, euskara eta libertatea-ren lehendakariak, beste aukera bat galdu du.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>