Torrealdairi bertsoak

2010, martxoak 15

Otsailaren 28an Gorbeiara Egunkaria-ren aldeko ibilaldia egin zuten hainbat lagunek, eta Juan Mari Juaristik eta Felipe Zelaietak honako bertsoak abestu zizkioten Joan Mari Torrealdai auzipetuari.

Juan Mari Juaristi

Guardia Zibilak sartu zirela

izan genuen albiste,

gerora itxi egin zutela,

geratu ginen hain triste;

heriotzara kondenatuta

artean oraindik gazte…

elkartasunez bildu gara hemen

denok justizia eske,

Egunkaria-k libre behar du

eta auzipetuak aske.

Felipe Zelaieta

Egunon denoi goizean goizik

batzuk ohitura dutenez,

Muruan bertan elkartu gara

Joan Mariri emanez babes.

Injustiziari aurre eginda

pankarta jarrita trabes,

foto polit bat atera ezazu,

fotografoa, mesedez;

argazki asko egiten dira,

baina honelakorik ez.

Felipe Zelaieta

Egun batean aurkitu gendun

Egunkaria itxita,

modu honetan jarrita dago

gaur egungo politika,

Sarri erakutsi digu bidea

euskaran alde jarrita,

hunkigarria da guretzako

Torrealdairen bisita,

orain hitz batzuk botako ditu

mintzatzen be ondo daki ta!

Felipe Zelaieta

Legeak hemen badaki eta

izaten nahiko krudela

Egunkaria itxi egin zuten,

bai atsekabe itzela!

Juan Mari libre egongo zara,

ezin da izan bestela,

eta jakizu Araban ere

euskaldunak badaudela…

Gure omenez jaso ezazu

euskaldun onan txapela.

Juan Mari Juaristi

Berehalaxe dena ixteko

hartu zituzten neurriak,

nahiz ta protestak ez ziren izan

bakanak edo urriak.

Oroitzapenak bizirik daude.

Haiek momentu larriak!

Behingoagatik dena amaitzea

hori eskatzen du herriak,

auzipetuak libre direla

idatz dezala Berria-k.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>