Zazpi urte, hamaika buruhauste

2010, apirilak 11

Euskarazko prentsari kolpe gogorra eman zion Guardia Zibilak duela zazpi urte, Euskaldunon Egunkaria itxita. Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen agindua lortu zuten horretarako, ordurako aski ezagunak ziren agiriak erabiliz hainbat txosten idatzita. Euskarazko egunkari bakarra ETArekin lotzeko frogak bilatzeari ekin zion gero, baina ez zuten ezer berririk aurkeztu. Hala ere, ez zioten beren eginahalari utzi. Aurrera jarraitu zuten, eta, fiskala kontra izan arren, epaiketa egitera iritsi ziren. Auzi gelan ere tinko egin zuten beren tesien alde, eta azken unean txosten gehiago ere idatzi zituzten, betiko tesiak errepikatuz.

Zazpi urteko bidea izan da, bide malkartsua. Une baikorrak izan dira —fiskala auzia artxibatzearen alde agertu zenekoa, adibidez—, baina une horiei erabaki ezkorrek jarraitu diete. Egunkaria-ren kontrako epaiketa egitea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, fiskala kontra azaldu zen arren, eta bihar jakingo da epaia. Amaieraren hasiera izan daiteke, epaia bat edo beste izanda ere Gorenean helegiteak jartzeko aukera dagoelako, batetik, eta Egunkaria-ren auzi ekonomikoa ere auzitegietan dagoelako, bestetik.

Akusatuen aulkian bost lagun eseri diren arren, auzia abiatu zuten 2003ko otsailaren 20 hartan hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak: Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Fermin Lazkano, Luis Goia, Inma Gomila eta Xabier Alegria. Inkomunikatuta eduki zituzten guztiak, bost egunez, eta tratu txarrak eman, eta torturatu egin zituzten. Zubiria ospitalera eraman behar izan zuten.

Epailearen aurrean deklaratu ostean, libre atera ziren Otamendi, Lazkano, Goia eta Gomila, eta gainerakoak preso sartu zituzten. Apurka-apurka espetxetik atera ziren guztiak. Uria atera zen azkena, 2004ko abuztuan. Uria libre atera zenean preso jarraitu zuen Alegriak, Udalbiltza auzia-gatik.

Inma Gomila, Luis Goia eta Fermin Lazkano 2004ko azaroaren 4an utzi zituen sumariotik kanpo Del Olmo epaileak. Auzipetze autoa kaleratu zuen orduan, eta gainerako zazpi lagunez gain, Joxemi Zumalabe ere auzipetu zuen, zeina hilda baitzegoen. Zubiria eta Alegria, berriz, 2009ko uztailaren 30ean gelditu ziren auzitik kanpo. Salak jakinarazi zuen ez zituela epaituko, aurrenari egozten zitzaion delitua preskribituta zegoelako eta Alegria akusazio berberekin epaitu zutelako 18/98 auzia-n.

Irizpide aldaketa

Fiskalaren jarrera aldaketa izan da auzi honen ezaugarri nagusietako bat. Lau urtean Egunkaria-ren eta ETAren artean lotura bazegoela esanez auzibidean aurrera egitearen alde azaldu ostean, Egunkaria ixteko arrazoirik ez zegoela esan zuen 2006ko abenduaren 14an. Frogarik ez zegoela eta auzipetuak errugabeak zirela esan zion epaimahaiari, eta, beraz, ez zela epaiketarik egin behar. Miguel Angel Carballo fiskalak irizpide horri eutsi zion aurrerantzean, eta epaiketan hitza hartu zuen kasuetan, auzipetuen errugabetasuna defendatzeko hartu zuen.

Fiskalaren erabakiaren kontra, epaiketa egitea erabaki zuen, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta akusatuen aulkian eserarazi zituen Torrealdai, Uria, Auzmendi, Oleaga eta Otamendi.

Biharko epaiaren ostean ikusiko da Egunkaria-ren auzi ekonomikoarekin zer gertatzen den. Une honetan Auzitegi Nazionalean dago auzi hori, prozedura laburtuaren bitartez, epaiketa hasteko zain. Zortzi lagun daude auzipetuta, iruzur ekonomikoa egitea egotzita: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena.

Iruzkinik ez »

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. | TrackBack URI

Iruzkina idatzi

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong> .

; ?>