Zer dago gezurraren atzean?

2010, apirilak 14

Lorea Agirre (Berria)

Dena gezurra zen, hori da egia. Zazpi urteko kalbarioa igaro eta gero, hala aitortu digute. Arrazoia izatea baino plazer handiagorik ez omen da bizitzan. Arrazoi genuen, eta ikaragarri pozten gara kartzelako bidean jarriak ziren gure bost lankideengatik. Bai horixe. Baina arrazoi bagenuen, dena gezurra, zikina, bidegabekeria eta legez kanpokoa izan bazen, zergatik egin zen?

Hona orain zazpi urteko eszena bat: Joanmari Larrartek, bost egun inkomunikatuta egon eta gero, Juan del Olmo epailearen aurrean bi ordu daramatza deklaratzen. Azkenerako Del Olmok, zutitu, eta besoak mahaian bermatu ditu: «Larrarte jauna, zuk diozun hori guztia paperetan dago. Baina zer dago paper horien atzean?». Horra egunkari bat ixteko justiziak behar dituen frogak. Guardia Zibilaren tesi interesatuak nahiko direnean, zertarako?

Orain justizia egin omen du Espainiako Auzitegi Nazionalak, dena ondo bukatu ei da, pozteko omen gaude. Epaiak argitu du egia. Euskaldunontzat justiziarik balego inoiz ez zukeen horrelakorik gertatu behar. Ondo bukatzeko ez zukeen inoiz hasi behar. Eta nola egongo da bukatuta auziaren bigarren zatia gezurtatzeke dagoenean oraindik?

Poztu egiten gaitu, baina haserre egon nahi dugu, eta aldeko epaiak amorrarazi ere egin gaitu. Egunkaria itxi eta likidatu, bi operaziotan 19 lagun atxilotu, horietatik zazpi torturatu, horietatik sei espetxeratu, 700.000 euro bermeetan ordainarazi, 180 langile kale gorrian utzi, 15.000 erosle eta 50.000 irakurleri egunkaria kendu, milaka akziodunen ekarria deuseztatu, auzibidean 500.000 euro inguruko gastua eginarazi eta egunkari berria sortzeko 4.600.000 euroko dirutza jarri behar. Horra triskantzaren zenbaki batzuk. Eta zer esan kostu humanoaz, umiliazioaz, kulturgintzako lanak utzi eta akusazio faltsuetatik defendatzen buru-belarri jarri beharraz, urteetan egindako lana hankapean ikusteaz… Nola liteke epaile bakar batek horrelako izugarrikeria egiteko eskumena izatea? Nola jaten da orain hark egindako guztia ez-legezko zela dioen epaia? Eskerrak eman behar ote diogu Auzitegi Nazionalari?

Zer zen, bada, Egunkaria, ez bazen euskaldunok normalago, besteak adina, izaten laguntzen zigun tresna. Euskararen normalizazioa adierazten zuen Egunkaria-k. Eta zer da, bada, normalizazio linguistikoa, ez bada normalizazio soziala: hitz egin ahal dezadan nire hizkuntzan nire lurrean. Eta zer da, bada, normalizazio linguistikoa, ez bada normalizazio kulturala: sortu eta jaso dezadan nire hizkuntzan. Eta zer da, bada, normalizazio linguistikoa normalizazio pertsonala, ez bada: bizi ahal nadin nire hizkuntzan susmopean eta mehatxupean egon gabe. Zer da, bada, normalizazio linguistikoa, ez bada bizikidetzaren lehen urratsa: euskaraz jardun eta horregatik irainik ez jasotzeko eskubidea onar diezaguten. Besteen pare. Ez gehiago, ez gutxiago. Egunkaria euskararen normalizazioa zen, eta, beraz, Euskal Herriarena, euskararen herriarena.

Martin Ugalderen hitzak: «Nik normala izan nahi dut». Gerra, familiaren sakabanaketa, kontzentrazio eremuak, erbestea eta umiliazioa ezagutu, eta 82 urte zituela Egunkaria auzia-n inputatu izateko arriskuan izan zenaren desioa. Beti herrenka, beti itsusi, beti behetik gora begira, beti ukatua. Guk ere normalak izan nahi dugu, edota normala izateko aukera izan bederen.

Arrazoi dugula esanda ez da mina sendatzen, ez amorrua arintzen, ez egitasmo txikitua berrosatzen. Ostikoka hartutako zakurrak laztan bat nahikoa ote du esker oneko agertzeko? Poza, haserrea, amorrua. Horiek denak batera. Eta laugarren sentipen bat: harrotasuna. Euskal komunitatekook egin genuen Egunkaria, eta gero Egunero, eta ondoren Berria, eta geurok lortu dugu Auzitegi Nazionalean gezurraren gainetik egia gailentzea. Harro egoteko moduan gaude.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>