Sekula baino bateratuago aritzeko deia

2007, abenduak 6

 Orain 17 urte, 1990eko abenduaren 6an, ikusi zuen argia lehen aldiz Euskaldunon Egunkaria-k, euskara hutsezko egunerokoak. Egunkaria sortu zutenei eta haren bilakaeran zerikusia izan zutenei esker ona emateko ekitaldia egin da Durangon.

17 urte geroago, itxita dago Egunkaria, 2003ko otsailaren 20az geroztik. Sorrera ahalbidetu zuten hainbat lagun eta egunerokoak aurrera egin zezan lan egin zuten beste hainbat auzipetuta daude. Epaiketaren zain. 40 urtera arteko espetxe zigor eskaerak dituzte hamabi lagunek Egunkaria-ren alde lan egiteagatik. Baina, auzia ez dela auzipetutako hamabi lagun horie aurkakoa soilik sinetsita daude epaiketa zain daudenak. Egoera are larriagoa dela. Egunkariaixteko erabilitako argudioei erreparatuta, «euskalgintza osoaren» aurkako erasoa dela. Herri oso baten aurkakoa dela.

«Sekula baino bateratuago egon behar dugu datozen garaiotan»,ohartarazi dute Egunkariaren Alde Elkarteko kideek Durangon egindako ekitaldian; epaiketa «geratu beharra» dago. Eta prest egoteko eskatu zuten. Erantzuna emateko. Bide horretan, otsailaren 20an Egunkaria itxi zutenetik bosgarren urtea beteko dela-eta, herrietan ekimenak antolatuko direla iragarri zuten. «Gera dezagun erasoa».

Euskara hutsezko lehen egunerokoaren sorrera ahalbidetu zuen Egunkaria Sortzen elkarteko kide izandakoa da Joan Mari Torrealdai. Auzipetuta dago Egunkaria-ren aurkako auzian. 40 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eskatu dute haren aurka. Eta auziak ekar ditzakeen ondorioek kezkatuta, Egunkaria-ren alde, euskal kulturaren, euskalgintzaren alde aritzeko deia luzatu du. Egunkaria-k eman zuena defendatzeko deia. Hain zuzen, Torrealdairen hitzetan zoriontzekoa da Egunkaria-k euskarari eman ziona, Euskal Herriari eman ziona. « Egunkaria sortu arte, euskalduna erdaldun zen egunero», entzun zen Durangoko Azoka alboko Plateruena Kafe Antzokian Egunkaria-ren sorrera eskertzeko eginiko ekitaldian.

Sorrera garaiak gogora ekartzeko eskainitako bideoak egunerokoaren oinarriak oroitarazi zituen. Euskara hutsezko lehen egunkariak Euskal Herri osoarentzat izan behar zuen. Lurraldetasuna aintzat hartuko zuen, independentea izango zen, eta ohiko egunkariek ematen ez zuten ikuspegia landuko zuen.

Hain zuzen, oinarri horiek batzuentzat deseroso zirelako itxiarazi zuten Egunkaria Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Torrealdairen ustez. «Ez genekien erakunde publikoetatik aparte lan egitea delitu zenik» esanaz salatu zituen auziaren oinarriak. «Ez genekien Euskal Herri osoaren alde lan egitea delitu izan zitekeenik».

Ama izan den emakumearekin  alderatu zuen Egunkaria-ren sorrera aurkezle lanetan aritu zen Onintza Enbeita kazetari eta bertsolariak. 90eko hamarkadako urte horietan umea jaio zedin, ezinezko zirudien ametsa egia bihur zedin lan egin zutenei esker onak eman zizkien. Eta «umeari» eginiko erasoen aurrean euskal gizarteak erakutsitako babesa eskertu zuen. Areago, erasoa are gogorragoa izango dela aurreikusita, herri osoari egin zion umea zaintzeko deia. Bizi izan zen 13 urteetan jaten eman ziotenei ere eman zieten eskerrak atzoko ekitaldian. Sorrera gauzatu zedin herririk herri sortu ziren batzordeei, lehenik. Egunkaria-ren lehen alearen erreplika jaso zuen Debako herri batzordeko ordezkari batek, batzordeetan ibili ziren ehunka lagunen izenean. Martin Ugalde sortzaileak sinatutako erreplika.

Akziodunen ordezkari gisa, Abante konpartsako kide batek hartu zuen oroigarria. «Munduko edozein lekutan irabazirik ematen ez duen enpresa bateko akzioak erostea zorakeriatzat izan dezakete; ez normaltzat. Baina Euskal Herrian normala da», ohartarazi zuen Enbeitak, euskarazko proiektuaren alde dirua eman zutenen ahalegina eskertzeko. «Akzioek ez diete dirurik eman erosleei, baina asko jaso dute trukean; egunero euskaraz bizitzeko aukera jaso dute».

«Ametsa sozializatu, landu eta egia bihurtu zuten» Egunkaria Sortzen elkarteko kideek ere eskerrak jaso eta ikusleen txaloak jaso zituzten, epaiketaren zain daudenek bezala, 18/98 auziagatik espetxeratu dituzten Xabier Alegria auzipetuak eta Carlos Trenor abokatuak, bereziki.

Eta aurrera egiteko laguntza eskatu zuten. Konpromisoa, erantzun bateratua, Ruper Ordorikaren doinuak entzuten ziren bitartean: «Zaindu maite duzun hori».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>