Pello Urzelai: “Sistema juridikoa auzitan jartzen duen kronika da”

2010, ekainak 23

Iritsi zaio Pello Urzelai Berria-ko Politika saileko erredaktore buruari Amesgaiztoa liburua aurkezteko eguna. Egunkaria auziaren epaia kaleratu bezain laster heldu zion lanari, «erlojuaren aurka» berak dioen bezala, erabakia eta liburuaren argitaratzearen artean ahal bezain tarterik txikiena utzi nahi zuelako. Liburua aurkeztea baizik ez zaio falta, eta horretarako prestatzen ari dela, tarte bat hartu du Berria-ko galderei erantzuteko.

amesg2.jpg

(Martxelo Otamendi Egunkaria-ko auzipetu ohi eta Berria-ko zuzendaria, eta Pello Urzelai, Andoainen, liburua aurkezten).

Zertarako balioko du liburu honek?

Batetik, oroitzeko. Memoria zaindu beharra dago, eta gauzak nola gertatu ziren zehaztasunez gogoratu. Ikasgai batzuk atera daitezke epaiketa honetatik eta liburu honetatik. Juridikoki ere ekarpena egiten du kasu paradigmatiko bati buruz ari delako. Espainiako sistema juridikoa auzitan jartzen duen kronika da. Hori argi azaltzen saiatu naiz.

Idazterakoan zein izan dira kontuan hartu dituzun irizpideak?

Liburu irakurterraz bat egin nahi nuen, jendearekin bat egin dezakeena, saioen bilduma batetik abiatu auziaren beste aldea erakusteko.

Norentzat liburua da?

Egunkaria auziari buruz interesa daukan edozeinentzat. Ez da aditua izan behar hori irakurtzeko. Egunkaria auzia zuzenbide fakultateetan erakutsi beharko litzateke, eta, horretarako, liburu hau egokia izan daiteke gaian sartzeko edo hurbiltzeko.

Zergatik diozu fakultateetan erakutsi beharko litzatekeen kasua dela?

Gertatu behar ez ziren gauzak gertatu dira. Azken finean, liburu hau egin behar ez zen epaiketa baten kronika da. Epaiketara iristea izan da burugabekeria bat. Eta, gainera, badaude larritasuna erakusten duten elementuak, tortura eta horri auzitegiak erantzun eza. Abokatuen lanari esker, elementu horiek agerian gelditu dira, eta auzitan jarri. Epaia ez da bakarrik absoluzioa, baizik eta onarpen bat hainbat gauza gaizki egin direla eta egiten direla Auzitegi Nazionaleko esparru horretan.

Epaiketa denboran bizitako anekdotak ere tartekatu dituzu eduki juridikoaren artean. Kazetari gisa zer da gehien narbamenduko zenukeena?

Alde humanotik badaude hainbat. Hor daude auzipetuen lekukotasunak torturari buruz. Baina horrekin batera berezia izan zen Joxe Azurmendiren lekukotasuna Joan Mari Torrealdai lagunari buruz galdetu ziotenean. Momentu hori nola kontatu zuen bereziki hunkigarria izan zen. Bestetik, nabarmentzekoa da nola Guardia Zibilaren perituek deklaratu zuten egunean agertu zen horien burua. Nolabaiteko kontrola eta babesa eman zien. Modu diskretu batean erakusten zuen ez zela agente batzuen kontua, buruzagitza tartean zegoela.

Epai horrek eragina izanen du datozen gisa bereko epaiketetan; adibidez, Udalbiltzarenean?

Uste dut epaiak mugarri bat jarri duela. Udalbiltza auzian zigorra jartzea zailago jarri dio. Badaude elementu orokor batzuk, Egunkaria auzian ikusi direnak; adibidez, Poliziaren txostenak osatzeko modua. Hori hankaz gora jarri da Egunkaria auzian. Horrek balio dezake akusazioa ahultzeko Udalbiltzaren kasuan, baina baita beste auzi batzuen kasuan ere. Modu baikorrean, pentsa daiteke lehen absoluzioa dela zailena horrelako epaiketetan. Bigarrena ez litzateke halako berria izango. Baina hori ere, auskalo.

3482333.jpg

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>