‘Egunkaria’-ren epaiketaren “historia eta intrahistoria”

2010, ekainak 23

«Batez ere auzipetuengatik» egin du Pello Urzelai kazetariak Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika liburua. «Haiek merezi dute bizi izandakoaren lekukotasuna idatzita gelditzea. Sentitu dutena, sufritu dutena, borrokatu dutena». Atzo aurkeztu zuen liburua Urzelaik, Martin Ugalde Foroan. Aurrean zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga auzipetuak, eta alboan Martxelo Otamendi. Txema Auzmendik ez zuen aurkezpenera joateko modurik izan.

au.jpg

(argazkian, Martxelo Otamendi, Iñigo Iruin, Pello Urzelai, Iñaki Uria, Jose Mari Elosua, Xabier Oleaga eta Joan Mari Torrealdai, atzo, Andoainen).

Auzipetuak ez ezik, haien senitartekoak ere izan ziren aurkezpenean, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Egunkaria-ko langile ohi batzuk, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Gipuzkoako Ikastolen elkarteko zuzendaritzako kide Arantxa Manterola eta Txumai Iturria, eta Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, besteak beste.

Epaiketan defentsa lanetan aritu ziren Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua abokatuak ere Martin Ugalde kultur parkean izan ziren atzo. Liburua haientzat ere «omenaldi txiki bat» izatea nahi dute, Urzelairen hitzetan: «Kasu paradigmatikoa da agerian uzteko Espainiako sistema judizial eta polizialaren gehiegikeriak. Balio du desmuntatzeko gezur eraikitzaileen andamiaje guztia». Hori hala gertatzearen protagonista abokatuak dira, eta horregatik, haien lanak ere kontatzea merezi zuela iruditu zaio Urzelairi. Otamendik aipagai izan zituen bi abokatu horiek eta defentsako gainerakoek epaiketaren azken egunean egin zuten defentsa sutsua.

Liburuko protagonistak auzipetuak eta abokatuak diren arren, Auzitegi Nazionalean epaitu zituztenak ez zirela bost horiek bakarrik izan azpimarratu zuen Urzelaik: «Egunkaria-rekin era batera edo bestera bat egindako guztiak» epaitu zituzten.

Historia eta intrahistoria

Epaiketako egunetara mugatuta dago liburuko kronika. Epaiketaren «historia eta intrahistoria» kontatzen ditu, egunez egun antolatuta, eta xehetasun ugarirekin. Batetik, epai gelan gertatutakoa kontatzen du. Komunikabideetan jasota gelditu zen historia, modu pausatuago batean. Baina ez hori bakarrik. Horretaz gain, epaiketaren «intrahistoria» kontatzen du, alegia epaiketaren inguruan Auzitegiko korridoreetan gertatutakoak, pasadizoak, elkarrizketa erreserbatuak, protagonisten bizipenak… Horiek guztiak batzeko, epaiketa amaitu ostean elkarrizketak egin ditu idazleak protagonistekin -auzipetu eta abokatuekin-.

Gertakizun horietako batzuk ere kontatu zituen Urzelaik, epaiketako saioen bideoen laguntza eta guzti. Bideo haietako batek aretoan bildutakoak asaldatzea ere ekarri zuen. Irudi batean agertu zen peritu gisa deklaratzen ari ziren guardia zibilek Egunkaria ETAren zerbitzura aritzen zela argudiatzeko froga gisa esan zuenean «komunikabide gisa zabaltzeko amoa eta gizartea euskalduntzekoa» zituela.

Ondo amaitutako historia kontatu du Urzelaik, esnaera pozgarria izan duen amesgaiztoaren historia. Nolanahi ere, gogoan izan zuen «amesgaiztoa» ez dela erabat amaitu, auzi ekonomikoa epaiketara bidean delako. Dena dela, amets egiten jarraitzeko beharra azaldu zuen, garai batean Egunkaria-rekin egin bezala. Izan ere, bere arabera, «amets egiten badugu beteko dugu ametsa».


‘Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika’

– Egilea. Pello Urzelai Agirre, Berria egunkariko Politika sailaren arduraduna. Epaiketa bertatik bertara jarraitu zuen.

– Orrialde kopurua. 146.

– Salneurria. 12 euro. Berria-ko harpidedunentzat eskaintza berezia egin dute: 6 euro

– Nola eskuratu. Hiru modu daude liburua eskuratzeko. www.berria.info webgunearen bitartez egin daiteke eskaera, batetik. Bigarrenik, 943 30 43 45 telefonora deituta eska daiteke. Eta, hirugarrenik, harpidetza@berria.info helbide elektronikoan eska daiteke. Horietako edozein modutara eskatuta ere, etxean jasoko da. Liburua ez da liburu dendetan salduko, eta Berria-ren bitartez bakarrik eskura daiteke.



Pello Urzelai: politikaren bueltan

Pello Urzelai Agirre (Bilbo, 1961) ibilbide luzeko kazetaria da, eta politikari lotuta egin ditu ibilbide horretako pausorik gehienak. Gaur egun, Berria egunkariko Politika saileko erredaktore burua da. Egunkaria auziko epaiketaren saio guztiak jarraitu zituen.

Politika sailari lotuta egin ditu Berria-ren sorreratik orain artekoak, eta gisa berean ibili zen Egunkaria-n ere, euskarazko kazeta sortu zutenetik Guardia Zibilak indarrez itxi zuen arte. Aurretik, Hemen astekarian lan egin zuen eta Argia-ko kolaboratzaile ere izan zen. Su-etenaren apustua liburua idatzi zuen (Egunkaria, 1999) eta Konponbidearen talaia bloga elikatzen du 2005eko urriaz geroztik.



3482335.jpg

(Amesgaiztoa liburuaren aurkezpeneko une bat)



3482344.jpg

(Martxelo Otamendi Egunkaria-ko auzipetu ohi eta Berria-ko zuzendaria eta Pello Urzelai liburuaren egile eta Berria-ko kazetaria, liburua aurkezten).

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>