Otamendiren torturen auzian kontuan hartuko dute ‘Egunkaria’-ko epaia

2011, irailak 14

Martxelo Otamendiren torturen auzia aztertzen ari den Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kontuan hartu du Egunkaria auziko epaian torturen inguruan jasotakoa. Martxelo Otamendiren abokatu Iñigo Iruinek eskatuta hartu du erabakia. Eskaera 2010eko maiatzean egin zuen Iruinek, Auzitegi Nazionaleko epaia jaso eta aste gutxira. Irailaren 9an kaleratu ebazpenean, Estrasburgoko auzitegiak Otamendiri jakinarazi dio epaia aintzat hartzen duela, eta, horrekin batera, Espainiako Gobernuari 2012ko urtarrilaren 16ra arteko epea jarri dio azalpenak aurkezteko.

Espainiako auzitegietan bide guztiak egin ondoren, Otamendik 2008ko irailean aurkeztu zuen Espainiaren kontrako salaketa Estrasburgon, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikiluan oinarrituta. Artikulu horren arabera, hitzarmena sinatu duten estatuek bi derrigorrezko betebehar dituzte: batetik, ez egitea torturarik edo tratu txarrik —inolako salbuespenik gabe—, eta, bestetik, eskubide horren urratzearen «ikerketa eraginkorra» egitea. Eta bigarren puntu hori da, hain zuzen, Egunkaria-ko epaia aurkeztuz defentsak argudiatu nahi duena eta Estrasburgok kontuan hartu duena.

2010eko ekainaren 12an kaleratutako epaiaren arabera, auzipetuak atxilotuta eta inkomunikatuta egon ziren aldian, instrukzio epaileak ez zuen egin «baldintzen kontrol judizial nahikorik, ezta eraginkorrik ere». Era berean, sinesgarritasuna eman zien auzipetuen tortura testigantzei. Hala dio epaiak: «Epaituen deklarazioei dagokienez, nabarmentzekoa da inkomunikazio aldian jasaniko tratu txarren eta torturei buruz epaituek eginiko salaketak bat datozela auzitegiko medikuek atxilotze zentroetan haiek aztertu eta gero eginiko txostenekin —ahozko saioan xehe kontatu zituzten horiek, eta, hori baino lehenago, instruktorearen aurrean ere bai, eta epaitegietan salatu zituzten—. Halere, auzitegi honek ezin du ondorio juridiko penalik izango duen konklusiorik egin horretaz, baina egiaztatu du ez zela nahikoa eta behar bezala kontrolatu judizialki nolakoa izan zen inkomunikazio aldia».

Ibilbide judiziala

Epaiaren pasarte hori jaso du Estrasburgoko auzitegiak, eta, horrekin batera, Otamendiren salaketak Espainiako auzitegietan izandako ibilbide judiziala zehatz aztertu du. Bereziki, Juan del Olmo instrukzio epailearen jarrera jaso du. Kontakizunean azaltzen denez, Del Olmok ez zuen ikertzeko ekimenik hartu Otamendi atxilotuta zegoenean, auzitegiko medikuaren txostenen berri izan arren. Halaber, ez zuen bidali salaketa Madrilgo epaitegira, eta salatzaileak eskatu zuenean, kontra azaldu zen, sumarioa sekretupean zegoela argudiatuta. Otamendik berak jarri behar izan zuen salaketa Madrilgo epaitegian, eta Del Olmok hiru hilabetez atzeratu zuen deklarazio judizialaren lekukotasuna bidaltzea. Kontakizunarekin jarraituz, Madrilgo epaitegiak ez zion inoiz era pertsonal eta zuzenean hartu deklarazioa Otamendiri, eta ez zituen onartu akusazioak aurkeztutako hainbat froga. Estrasburgoko auzitegiak nabarmendu duenez, artxiboa soilik oinarritu zen auzitegiko medikuaren deklarazioan eta aztarna fisikorik ez egotean.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>