‘Egunkaria’-ren auzi ekonomikotik kanpo utzi dute Dignidad y Justicia

2011, abenduak 27

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzi ekonomikotik kanpo utzi du Dignidad y Justicia, eta, ondorioz, ezin izango da herri akusazio gisa aritu. Auzitegi horretako 3. salako magistratuek diote elkarte horrek «zilegitasunik ez» duela auzian parte hartzeko. Argudiatu dutenez, «terrorismoarekin» lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua du Dignidad y Justiciak, eta Egunkaria-ko auzi ekonomikoak ez du horrekin zerikusirik.

Egunkaria-ren aurkako auzi nagusiko absoluzio epaia berretsi zenean, 2010eko maiatzaren 5ean, Espainiako Auzitegi Nazionala inhibitu egin zen auzi ekonomikoan, eskumenik eza argudiaturik, eta sumarioa Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren esku utzi zuen. Terrorismo delituekiko lotura desagertuta, ogasun publikoren kontrako balizko delituren bat baino ez zen gelditzen aipatutako sumarioan, eta hori epaitzeko eskumena Gipuzkoako auzitegiari zegokiola ebatzi zuen.

Aurtengo martxoan, Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztu zen auzian, baina Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko instrukzio epaileak atzera bota zuen elkartearen eskaera, defentsaren eta fiskalaren argudioak —auzia parte hartzeko zilegitasunik eza— aintzat hartuz. Dignidad y Justiciak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen.

Auzitegiak, baina, atzera bota du elkartearen helegitea. Erabakia irmoa da, behin betikoa. Auzian, beraz, ez da herri akusaziorik izango. Fiskalak eta defentsak euren kalifikazioak aurkeztu beharko dituzte orain. Gero, auzitegiak erabakiko du epaiketa abiatu edo ez. Herri akusaziorik gabe, fiskalak ez balu akusaziorik aurkeztuko, auzia itxi liteke epaiketarik egin gabe.

Besteak beste, Espainiako Auzitegi Goreneko bi epai erabili ditu Gipuzkoako auzitegiak bere erabakia argudiatzeko. 1993ko ekinaren 5an kaleratutako epai batean, Gorenak dio «ondo neurtu» behar dela herri akusazioaren parte hartzea, «ezin baita hain modu zabalean interpretatu».

2007ko maiatzaren 3an kaleratutako beste epai batean, berriz, dio herri akusazio gisa aritu nahi duenak «loturaren bat» erakutsi behar duela inputatuekin edo haiei leporatzen zaizkien balizko delituekin. Horretan oinarrituko litzateke, Gorenaren arabera, akusatzailearen zilegitasuna, eta horrek justifikatuko luke akusatzailearen jarrera.

Dignidad y Justiciaren eta auziaren arteko lotura aztertzeko orduan, elkartearen estatutuak hartu ditu oinarritzat Gipuzkoako auzitegiak. Estatutuen bigarren artikuluak dio «terrorismoaren biktimen memoria eta interesak defendatzeko zereginarekin» sortu zela Dignidad y Justicia.

Magistratuek azaldu dutenez, «ezin da begien bistatik kendu» auzi ekonomikoa auzi nagusitik eratorria dela eta auzi horretako epaia absoluzioa izan zela. Dioenez, Dignidad y Justiciaren helburuak ez dauka loturarik aipatutako balizko arau hausteekin —ogasunaren kontrakoak—, eta haren interesen kanpo gelditzen dira. Magistratuen ustez, auzi ekonomikoak ez lioke eragingo elkartearen helburu bati berari ere.

Zortzi urteko amesgaiztoa

Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ren kontra agindutako bigarren polizia operaziotik dator auzi ekonomikoa deiturikoa. Aurrenekoa izan eta zortzi hilabetera, Egunkaria-rekin eta Martin Ugalde kultur parkearekin lotutako zortzi pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak. Bost egunez inkomunikatuta eduki ondoren, aske gelditu ziren denak, gehienak bermea ordainduta. Urte batzuk geroago, inputatu batzuk auzitik kanpo utzi zituzten, baina beste batzuk inputatu zituzten. Azkenean, zortzi lagun jarri zituzten epaiketaren bidean: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egitea egotzi zieten, eta alor ekonomikoan ETArekin harremana izatea. Haien kontra urte askotako espetxe zigor eskaerak egin zituen Dignidad y Justicia elkarteak. Baina auzia, terrorismo delituekiko loturatik libre, Gipuzkoako auzitegiaren esku gelditu ostean, berriz tramitatu beharra dago.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>