Armaz josita geunden

2013, otsailak 15

Luis Karlos Garcia

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ko artikulu sorta). Guardia Zibila gaur berriro etxera etorriko balitzait, ez ninduke gau hartan bezala lo seko aurkituko. Gaur, orduko hartan legez, goizeko hirurak irian txirrina joz gero, irakurtzen topatuko ninduke, Interneten galduta, ziur. Demagun, hemerotekari beha, Egunkaria itxi ondoren Espainiako Gobernuko eledun Mariano Rajoyk euskal erakundeek Egunero kazetari diru laguntzak ematea «arras inmorala» zela esandakoak leitzen. Hara! Hitzok botatzen ari zela —euskarazko egunkaria itxi eta lau egunera—, Barcenas auziaren paperen arabera, «lehen seihilekoa» jaso zuen. 12.620 euroko huskeria. Antza.

Antza, ETArekiko lotura egiaztatzeko frogen xerka altxarazi ninduten makarrez beteriko gau hartan. Eta, tira, egoitza armaz beterik bazegoen ere, haiek ohartu ere ez.

Kaputxadunek ez zioten elkarri ezer esaten. Finak ziren zer egin ederki dakienaren plantak egiten, telesailetako polizia moderno antzo. Profesional arduratsuak. Baina xarma atoan desagertu zen, Joxemi Zumalabe zenaren NANaren kopia bat lau toles eginda aurkitu eta Real Madrilek Europako Kopa irabazi balu bezala ospatu zutenean…

Onena goiz-alban etorri zen. Halako batean, TMEO komikiaren azal bat paretatik kendu eta froga erabakigarrien zakura sartu zuten. Akabo! Ibarretxe tiene armas químicas, zioen aleak, ohiko trufa ukituarekin. Gogoratu: Irak inbaditzeko propaganda kanpaina doilorraren sasoia zen, eta, era berean, urte erdi geroago plana aurkeztuko zuen lehendakaria deabrutzekoa ere bai. Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar Azoreetara joateko maleta prestatzen ari zen garaia ere bazen… Bai eta, agidanez, PPko buruzagiaren belagile nagusi Pedro Arriolak 120.000 euro poltsikoratzekoa ere. Betiere moralaren izenean!

Guardia Zibilak Ibarretxeren ustezko suntsipen handiko armak besterik ez zuen atzeman zazpi orduko miaketan. Alabaina, lagunok, armaz josita geunden: duintasuna eta prestutasuna, kazeta zein komunikazio egitasmo haietan erruz zirenak. Zenbaitzuek orain amestu ere ezin izango luketena.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>