Malkoa irribarre

2013, otsailak 16

Asier Iturriagaetxebarria

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ko artikulu sorta). Egunkaria itxi zutela hamar urte joan direla eta (hamar urte!), garai hartaz zerbait idazteko eskatu didate. Arrapaladan etorri zaizkit oroitzapenak, ia denboran ordenatzeko astirik gabe: Bilboko Zabalburu plazako delegaziora umemoko bat nintzela sartu nintzen lehen egunekoa, Miguel Angel Blanco hil zutenekoa, Andoaingo erredakzio nagusira astebeterako joan eta bi urte geratu nintzenekoa, Hernaniko Kardaberaz kaleko etxekide eta lankideekin bisitakoak, Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zutenekoa, Fernando Buesa hil zutenekoa, Bilboko Egaña Jeneralaren kaleko oredezkaritzara berriro itzuli nintzenekoa, Bizkaia gehigarri berria egiteko bizkaieraz idazten ikasi behar izan nuenekoa… Zenbat gomuta! Eta gehien-gehienak, onak. Egunkaria-n bizi izandako urte haietan nolabaiteko heldutasunera heldu nintzen eta mundua beste begi batzuekin ikusten ikasi nuen.

Baina oroitzapen txarrak ere ez dira joan, gure Egunkaria itxi zutela-eta, telebistan behin eta berriro ematen zituzten irudiak: betaurreko beltzekin eta harroputz, Martin Ugalde parketik patrol-etik zintzilik ateratzen zen guardia zibilarena; Acebes ministroaren aurpegi lizun hori; Martxelok espetxetik ateratzean zeukan begirada…

Baina bada guztien gainetik buruan iltzatuta daukadan zerbait: Egunkaria itxi ondorengo manifestazioa. Antiguako tuneletik atera orduko negar malkotan nintzen. Hura jendetza, hura elkartasuna, hura euskaraz bizitzeko gogoa eta ilusioa, hura norbere bizi eta gorputzeko atal funtsezko bat lapurtu izanaren sentsazioa eta amorrua! Egunkaria itxi zutela jakin eta ordu batzuk pasatuta, argi neukan proiektua ez zela hilko. Eta manifestazioaren ondoren, oraindik eta gutxiago. Sekula ez gara izan etsitzekoak eta geldi egotekoak.

Handik hilabete batzuetara, Antiguako tuneleko negar malkoa irribarre bihurtu zen. Euskal herritarren ekarpen definiziezinari esker, eta batzuen egoskorkeriagatik eta lan itzelagatik, orain esku artean daukazun Berria sortu zen. Zenbat aldiz galdetu diot neure buruari zer izango ote zen Berria eta euskara hutsezko komunikazioaren esparrua Egunkaria itxi osteko giroa mantenduko balitz.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>