‘Egunkaria, hamar urte geroago’ dokumentala

2013, otsailak 17

Hamar urte beteko dira asteazkenean Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Eta egun horretan bertan ETB1ek dokumental bat estreinatuko du: Egunkaria, hamar urte geroago (hau da). 2003. eta 2008. urteetan grabatutako elkarrizketekin zein berriki hartutako testigantzekin osatu du lana K2000 ekoizpen etxeak.

Maite Ibañez da dokumentalaren zuzendaria, eta Berria-ri dokumentalaren nondik norakoak azaldu dizkio: «2003. eta 2013. urteen artean hartutako irudiak eta hitzak bildu ditugu lanean. Hasteko, atxiloketen uneak, Donostiako manifestazioa, Bartzelonako elkartasun uholdea eta tortura salaketak agertzen dira, orduko artxibo irudiekin».

Elkarrizketa ugari Katalunian

2008. urtean hainbat elkarrizketa egin zituzten, epaiketa egin aurretik. «Itxierarekin adierazpen askatasunari egin zitzaion urraketa azaldu nahi genuen. Eta, horretarako, hainbat kazetari elkarrizketatu genituen». El Periódico de Catalunya-ko sortzaile eta zuzendari Antonio Franco elkarrizketatu zuten Bartzelonan. TV3ko kazetari David Bassarekin hitz egin zuten. Luis Maria Anson ere itxieraren aurka mintzo da. Euskal Herrian Josu Juaristi (Gara), Pablo Muñoz (Noticias), Pedro Ontoso (El Correo) eta Txetxo Yoldi (El País) kazetariak elkarrizketatu zituzten, Egunkaria auzia-ren harira. «Haiekin adierazpen askatasunaz mintzatu ginen».

«Dokumentalaren beste begirada bat ikuspuntu juridikoa da». Horretarako, honako lagun hauek elkarrizketatu dituzte: Santiago Vidal Jueces para la Democraciako epailea, Josep Maria Loperena Bartzelonako abokatua, Garbiñe Biurrun epailea eta John Vervaele zuzenbidean aditua. «Kataluniatik emandako ikuspegia interesgarria da, Euskal Herrian begi asko zabaltzeko. Gainera, kontuan hartu behar da Katalunian elkartasun mugimendu handia izan zela Egunkaria-ren inguruan», dio dokumentalaren zuzendariak.

«Euskararen aurkako erasoa» da lanak ematen duen beste ikuspegi bat. Eta, horretarako, Bernardo Atxaga eta Ignasi Riera idazleak elkarrizketatu dituzte.

Auzipetuen 2008ko hitzak jasotzen ditu lanak, sufritu zituzten torturak barne. Aurten egin dituzten elkarrizketetan, berriz, honako gai hauek landu dituzte: nola dagoen auzi ekonomikoa eta Estrasburgoko epaia Martxelo Otamendiren tortura salaketen inguruan. «Ordaintza edo konponketaren gaia ere mahai gainean jarri dugu». Azkeneko elkarrizketak otsailaren 8an egin zituzten Berria-ko erredakzioan, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendirekin.

Dokumentala oraingoz soilik ETB1en emitituko dute, baina Ibañezek onartu du ETB2n ematea ere «interesgarria» litzatekeela. «ETB2ko ikusleak gaiarekiko ezezagutza gehiago izan dezake. Ahalegina egingo dugu».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>