Denborak ez du ahaztu

2013, otsailak 19

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Harridura eta haserrea sortu zituen Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak, eta berehalakoa izan zen kultur, kirol, gizarte eta gainerako esparruetako jendearen erantzuna. Hamar urte geroago, atzera begiratua egin du Berria-k haietako batzuekin.

GALDERAK

1. Noiz eta nola izan zenuen Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren berri?

2. Gertatutakoaren inguruan zein hausnarketa egingo zenuke hamar urte geroago?

JOSE ELORRIETA ELAko idazkari nagusi ohia

«Estatuaren inpunitatearen adibide izan zen; inpunitate horrek oraindik ere badirau»

1. «Ez naiz zehazki gogoratzen nola jaso nuen berria, baina argi daukat estatuaren inpunitatearen adibide bat izan zela, eta tresna nazional bati eginiko eraso zuzena. Hainbat jenderen eskubideak urratu egin ziren. Zorionez, gizartearen erantzuna itzela izan zen, orduko giro politikoa egokiena izan ez arren. Baina denak elkartu ginen, Euskaldunon Egunkaria denon proiektu bat baitzen.

2. «Fase berri batean gaude, baina estatuaren inpunitatea hor dago. Adibidez, presoen egoera. Eta hor Rafa Diez gogoratu nahi dut, hona iristeko lan handia egin zuena. Halere, baikor naiz».

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Normaltasun itxura eman nahi izan zioten horrelako bidegabekeria bati»

1. «Etxean izan nuen albistearen berri, dei bati esker. LABeko egoitzara joan, eta zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Operazioaren lehen irudiak iritsi zitzaizkigunean, Martin Ugalde kulturgunea guardia zibilez josita ikustea izan zen gogorrenetakoa; bat ez zetozen bi irudi ziren».

2. «Normaltasun itxura eman nahi izan zioten horrelako bidegabekeria bati. Hori guztia gertatu arren, herri gisa aurrera egin genuen, eta horrek sekulako meritua duela esango nuke. Orain hamar urte nork esango zuen horrenbesteko aurrerapausoak emango genituenik?».

AMETS ARZALLUS Bertsolaria

«Leioako fakultatean izan nuen albistearen berri, eskuetan eguneko alea nuela»

1. «Leioan kazetaritza ikasten ari nintzen orduan, eta autobusean joaten nintzen bertara. Autobusean sartu baino lehen Euskaldunon Egunkaria hartu nuen eskuetan, eta fakultatera iritsi ginenean, albistea ahoz aho zebilen jada. Eguneko alea eskuetan nuela izan nuen albistearen berri».

2. «Herri honetan sarritan ahaztu ohi dira horrelako gertakari latzak. Badirudi ohitu egiten garela bidegabekerietara, eta ez gaituztela asaldatzen. Ahazmen horrek ez du gertakariaren benetako dimentsioa ikusten uzten. Berria aurrera atera behar dugu orain, ezinbesteko tresna delako. Jendeak ez du hainbesteko ardurarik jartzen egunerokoan».

IÑAKI GOIRIZELAIA EHUko errektorea

«’Barkamen’ hitza merezi dute ondorio guztiak pairatu behar izan dituztenek»

1. «Ingeniaritza eskolako bulegoan nengoen, eta Acebesen hitzak entzun nituen euskaldunon askatasunari erreferentzia eginez. Nik Egunkaria-n idazten nuen, eta ez nuen ezer ulertzen: Acebesen arabera, nire alde egindako operazio bat zen, baina askatasunez idaztea debekatzen zidan».

2. «Oinarrizko eskubideen aurkako eraso bortitza izan zela frogatu zen. Denon bateratzea beharrezkoa da horrelako erasoak daudenean, eta azken hamar urteotan erantzun zabala izan da Egunkaria-ren alde. Barkamen hitza merezi dute ondorio guztiak pairatu behar izan dituztenek».

KARMELE JAIO Idazlea

«Herri honek duen erantzuteko gaitasuna ezin da desaktibatu, ezin da ahuldu»

1. «Goizean irratia piztu, eta gorputz osoa astindu zidan albisteak. Ezin nuen sinetsi. Sakon-sakoneko amorrua sentitu nuen; bidegabekeria handien aurrean bakarrik sentitzen duzun amorru mota hori. Euskalgintza osoaren kontrako eraso bortitza izan zen».

2. «Jendearen erantzuna sekulakoa izan zen. Hamar urte pasatu dira, eta hor dago Espainiako Audientzia Nazionalaren epaia. Baina egindako mina eta auzi ekonomikoa ere bai. Herri honek duen erantzuteko gaitasuna ezin da desaktibatu, ezin da ahuldu, eta arrisku hori ikusten dut».

ABEL BARRIOLA Pilotaria

«Pentsaera pluralaren aurkako ekintza izan zen; euskararen aurkako eraso garbia»

1. «Gehienek sentitu zutena sentitu nuen nik ere: amorrua eta haserrea. Gure kulturaren aurkako zapalkuntza iruditu zitzaidan euskarazko egunkari bakarra horrela ixtea. Pentsaera pluralaren aurkako ekintza izan zen; euskararen aurkako eraso garbia».

2. «Hasieratik pentsatu genuena hala zela baieztatu da denborarekin; euskal kulturaren aurkako erasoa izan zela, alegia. Ideologia politiko ezberdineko euskaldun asko elkartzeko ere balio izan zuen ekintza hark; eta Espainiako nazionalisten inguruan ere izan ziren ahots kritikoak. Errespetua zapaldu zuten Egunkaria itxita».

IÑAKI PERURENA Harri-jasotzailea

«Botereak edozein astakeria egiteko aukera zeukala erakutsi zuen itxiera hark»

1. «Harrigarria izan zen albistea, eta oraindik gogoan daukat egun gutxi geroago Donostian zer-nolako jende uholdea izan zen. Bere txarrean, astakerien aurrean oraindik ere biltzen garela erakutsi zuen erantzunak. Inpotentzia sortu zigun itxiera hark, botereak edozein astakeria egiteko aukera zeukala erakutsi zuelako».

2. «Indarraren arrazoiak arrazoiaren indarra azpian hartzen du beti, zoritxarrez, denborak arrazoiari indarra eman arren. Toki guztietan antzeko zerbait jasaten du indar horren pean dagoenak, eta hala gertatu zen Egunkaria-ren kasuan ere».

JOXERRA GARZIA Irakaslea eta idazlea

«Badaezpada ere, ni ere maleta eginda egon nintzen bizpahiru hilabetean»

1. «’Ez da posible’. Hori izan zen erreakzioa; sinesgaitza zen egoera, eta indignaziora pasatu ginen gero. Nik inoiz ez dut ikusi jendea mugitzeko grina eta behar hori. Zuzendari izateko hautagaien artean egon nintzen ni, eta paper guztietan nengoela abisatu zidaten. Badaezpada ere, ni ere maleta eginda egon nintzen bizpahiru hilabetean. Baietz esan banu, Pello Zubiriak adinako erruarekin egongo nintzen bere lekuan».

2. «Hain ebidentea zen esaten zuten ezer ez zegoela tartean… Badirudi nola edo hala esan dutela operazio hura ez zela egin behar, baina beste kasu batzuetan oso handiak izaten dira kalte-ordainak. Kasu honetan, ordea, ez dakit zein kalte-ordain eman behar diren; moralak, batez ere. Zor handia dago pertsonekin».

RUPER ORDORIKA Abeslaria

«Hasiak ziren AEK, ‘Egin’ eta hainbat elkarterekin, eta beste katebegi bat izan zen itxiera»

1. «Zurrunbilo batean sartuta jaso nuen albistea. Hasiak ziren AEK, Egin eta hainbat elkarterekin, eta beste katebegi bat izan zen Egunkaria-ren itxiera. Oso ondo diseinatutako aburu batzuen ondoren hartu zuten erabakia, nahiz eta inork ez zuen uste hain urrun iritsiko zenik errepresio diseinu hura. Ia hiru hilabetetik behin jasotzen genuen ustekaberen bat, eta euskararen mundura gerturatuz joan ziren gainera».

2. «Hamar urte atzera egitea baino nahiago dut aurrera begiratzea, gauza asko daudelako eginkizun. Euskalgintza buru handirik gabe aritu da lanean alor askotan, itsu-itsuan, eta hortik ere ikasi egin behar da. Oso joera biziatuak zeuden, eta urte dezente lehenago horretaz jabetu behar zutenak ez ziren jabetu. Iritsiko da gogoeta hori egiteko garaia ere».

AMAIA ZUBIRIA Abeslaria

«Nahasmen garaia izan zen, eta oso haserre geunden denok; ikaragarria izan zen»

1. «Ez dakit non nengoen albistea jaso nuenean, baina gogoan daukat gauza asko gertatu zirela garai hartan, Pepe Reiren kontua tartean. Nahasmen garaia izan zen. Kantaldi handi bat egiteko deitu zidaten berehala, eta nabari zen oso haserre geundela denok. Ikaragarria izan zen dena».

2. «Gertatutakoa ez da ahaztu behar, eta aldarrikapenak ere ez dira alde batera utzi behar. Gauza asko gertatu dira gerora; atxiloketak, Martin Ugalderen gaixotasuna, mobilizazioak… Gauza larri asko gertatu ziren, eta gertuko pertsonak neuzkan tartean».

Elkartasun mezuak eta esandakoak 

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>