Ez ahaztu 2003ko otso-hila

2013, otsailak 20

Pello Zubiria Kamino

(‘Argia.com’) Juan Jose Ibarretxek Ajuria Eneko jauregian konbidatu gintuenean Malores Etxeberria eta biok kafea hartzera 2003ko martxo hartan, esan genion ez genuela ulertzen zertara zetorren gure pelikula hura. Euskaldunon Egunkaria itxi, jende ezagunak horrela mastrakatu…

Zer izan zen? Nor eraso edo mehatxatu nahi zuten gu astinduz? Aparte ez zirela egiak gutaz esandakoak, gu ez ginen hain inportanteak, ez zeukaten zertan agertu beharrik hain astazakil, hain militar txetxeniar, hain epaile turko, hain diktadura usaineko agintari. Ala bai?

Hamar urte pasata, 2003ko otsail hartako egia ez dugu ezagutzen. Ez behintzat osorik.

Zer izan zen gu atxiloturik ginduzkatela Arantzazu okupatzera zetorren Guardia Civil konboi haren kontua, Aranda de Dueron atzerako buelta eman zuen espedizio haren istorioa, egiaz gertatu zela konfirmaturik dagoena? Arrasto gutxi azaldu da. Hori bezala izango dira gehiago. Norbaitek inoiz kontatuko du ea norentzako zen gure bizkar ubelduetan idatzitako mezua.

Egiarik ez bada nagusitu, justizia eta kalteordaina hain gutxi. Hainbeste lanen fruitu sortutako Egunkaria itxi betirako, atxilotuen gorputzak, buruak eta irudia hankapean erabili, absoluzioa eta gaur arte. Espainiako panzerrak ateratzen direlarik kasernatik, zanpatuek garesti pagatutako maniobra borreroentzat dohainik.

Bizi baldin bagara, akaso egunen batean inguratuko zaio batzorderen bateko teknikariren bat kontu haietaz galdezka galdeketatik bueltakoan intzirian ezagutu nuen Iñaki Uriari. Gaur bertan ere beranduegi litzateke atxilotuta geundela arnas-estuka entzuten nuen Luis Goiarentzako, tampax baten erreguka entzunik erotuarazi ninduen Inma Gomilarentzat, beranduegi Martin Ugalderentzat.

Espetxetik irtenda gero, sarritan egokitu zitzaidan ondoan kafea hartzen Julian ‘Kurtxus’ Irastortza. Esaten nion nire buruari egunen batean etorriko zela norbait gure kontu zaharraz galdezka, berdin parlamentario edo BBCko erreportari, eta esango niola: nik presentatuko dizut bat ezagutu behar duzuna, Gurutze Iantzi emaztea hila du ni egondako leku hartan bertan, hark baditu gauza hobeak zuk jakiteko. Minbiziak eraman zuen Irastortza. Aurretik Gurutzeri eta milari moduan, gure ondoren hamar urteotan tortura zerbitzatu diete erretiluan polizia espainiarrek atxilotutako euskaldunei, Inkisizioak zutik dirau XXI.ean.

“Eta hi nola hago?” Eskertuta. Biziari eskertuta, erreka zuloraino iritsi ondoren bigarren aukera eman didalako. Milaka jenderi eskertuta, “Hiltzaile bat bezala” oparitu zigun kantari hari bezala oihua irentsi zuen etxekoandreari, izen bakar bat ezin eman hamabi ziento isilduta. Denei nago eta gaude familia eta koadrila osoa eskerturik. 2003ko otsail hartan sentitutako beroa ez dugu sekula ahaztuko.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>