Hamar urte, eta justiziarik ez da egin

2013, urriak 17

Egunkaria-rekin loturiko beste hamar lagun atxilotu zituzten 2003ko urriaren 16an, lehen operazioa egin eta zortzi hilabetera. Hor du jatorria kazetaren aurkako auzi ekonomikoak.

Berrehun guardia zibil behar izan zituzten hamar lagun atxilotzeko. Euskalgintzako hamar langile. Hogei polizia bakoitzeko. Bazekiten haien etxeetan ez zutela armarik aurkituko, ez ziotela gogor egingo. Baina, halere, aurpegiak estalita eta Guardia Zibila zela oihukatuz sartu ziren etxeetan, gauez, atea zabaldu zietenei fokuak aurpegian jarriz, eta armekin mehatxatuz. Etxeko guztiak bortxaz esnaraziz. Atxilotuak eta haien senideak banatuz. Paperak nahi zituzten, den-denak, baita atxilotuenak ez zirenak ere, eta urteetako oroitzapen eta lanak biltzen zituztenak, euskaraz idatzitakoak bereziki. Senideak agurtzen utzi bai, baina nora eramango zituzten, noiz arte argitu gabe atera zituzten etxetik. Inkomunikatuta zeuden.

«Ez dut sekula ahaztuko egun hori», dio Joan Mari Torrealdaik. Zortzi hilabete lehenago atxilotu zuten bera, Egunkaria-ren aurkako lehen operazioan. «Artean ordukoa gainditu ezinik geunden, eta asko sufritu nuen pentsatuz gure lagunek ere zenbat sufritzen ari ziren torturatzaileen eskuetan». Amesgaiztoaren hasiera izan zen Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Diezentzat. Modu horretan hasi zen —atzo hamar urte— Egunkaria-ren auzi ekonomikoa deiturikoa. «Ikusi genuen Espainiako Estatuaren borondatea dena txikitzea zela, ez zela momentuko hanka sartze bat. Helburu bat zuela Aznarren gobernuak. Eta gure aurrean irekitzen ari zen zuloa hondorik gabekoa zela pentsatu nuen».

Egunkaria-rekin lotura zuten enpresen finantzaketa ikertzea zen Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen asmoa. Hark, Guardia Zibilaren «hipotesietan» oinarrituta, frogatu nahi zuen enpresa horiek diru irabaziak ezkutatzen zituztela diru laguntzak jasotzeko; diru hori, gero, ETAri emateko.

Egunkaria ixtea, torturak eta espetxealdi luzeak ekarri zituen aurreneko operazioak. Bigarrenean ez zuten torturarik salatu, baina arrasto sakona utzi du haien guztiengan; bereziki, noiz epaituko zain jarraitzen dutenengan. Luze irauten duen justizia ez baita justizia. «Printzipio hori beste batzuei aplikatu izan diete, ez guri, eta ezta gure inguruko beste askori ere», azpimarratu du Torrealdaik. «Damoklesen ezpata gainean edukitzea zigor erantsi bat da, injustizia izugarria».

Denera zortzi lagun daude auzipetuta, operazio hartan atxilotutako Sors eta Sorozabal, lehen operazioko Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi, eta gerora auzipetutako Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Ordutik igaro diren hamar urteetan, baldintza berezietan bizi behar izan dute haiek eta euren senideek. Aske daude guztiak; horietako batzuk baldintzapean, ondasunak bahituta eta kontu korronteak blokeatuta. Sufrimendua amaitzeko desiratzen daude. «Batzuetan berritu egiten dira barruko minak, eta espektatiba guztiak pikutara joaten dira. Horrelako asko eta asko bizi behar izan ditugu 10-11 urte hauetan. Saiatzen zara ahazten, aurreneko auzia oso ondo joan zelako eta frogatu zelako ez zela deliturik izan. Horrek indarra ematen dizu, baina auzi ekonomiko oraindik hor egoteak ezinegona sortzen dizu», azaldu du Torrealdaik.

Ezinegona eta beldurra. Auzi ekonomikoko zigor eskaerak beste auzian baino askoz handiagoak baitira: denera, 128 urteko espetxe zigor eskaera eta 221 milioi euroko isuna. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren eskuetan dago kasua; Donostian epaituko dituzte zortziak, auzi nagusiko absoluzio epaiaren ostean, Auzitegi Nazionala auzitik inhibitu baitzen. Zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea leporatzen diete zortziei. Dignidad y Justiciak auzitik kanpo utzi zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, Auzitegi Nazionalak ebatzi ostean auziak delitu «terroristekin» zerikusirik ez zuela. Fiskaltza da akusazio bakarra. «Absurdoa da egoera. Fiskaltzak mantentzen baitu Dignidad y Justiciaren planteamendua. Mafiako kideak bezala tratatzen gaitu. Baina argi daukat Egunkaria-n egon ziren pertsona guztiak zintzotasun osoz aritu zirela. Gure kasuan iruzur bat bera ere ez dagoela. Garai batean zabaldutako salaketa batzuetan oinarrituta, hipotesi bat eraiki zuen Guardia Zibilak, beste behin. Eta komunikabide eta sektore batzuek susmo hori ezabatu ere ez dute egiten», salatu du Torrealdaik.

128 urteko zigor eskaera, denera

128 urteko espetxe zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatu du fiskaltzak auzipetuentzat. Hemezortzina urte eta 31 milioi euro Albisuri, Uriari, Auzmendiri, Sorsi eta Torrealdairi, eta hamahiruna urte pasa eta 25 edo 21 milioi euro, hurrenez hurren, Sorozabali eta Furundarenari.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>