Iñaki Uria: “Auzia bukatu da, baina ‘Egunkaria’ itxita dago, eta ezin da barkatu hori”

2014, ekainak 5

Egunkaria-ko bi kasuetan auzipetua izan da Iñaki Uria: kazetaren itxierakoan eta ekonomikoan. “Zama handia izan da”. Atzokoaren ostean amaitutzat jo du auzia. Eskerrak eman dizkio euskal gizarteari.

uria.jpg

Donostiako Zigor Auzitegiko epailearen erabakiaren berri izatean Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera azaldu zen Iñaki Uria (Zarautz, 1960) Egunkaria-ren auzi ekonomikoko auzipetua. Elkarrizketa asko eman zituen. Tartean, Berria-ri eskainitakoa.

Espero al zenuten epaileak Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatzea?

Bai. Ustezko delituen preskripzioa dagoelako artxibatu du epaileak auzia. Hemen ez dago iruzurrik eta kontuen faltsutzerik. Baina honaino iritsita, eta libre geratzekotan, azkenean nahiago duzu absoluzioarekin geratzea libre. Beti esan dugu errugabeak ginela, eta, kasu honetan, instituzioek ere beti esan dute ez zegoela deliturik. Ez dago heldulekurik.

Absoluzioa emateko, ordea, epaiketara iritsi beharko zen.

Epaiketaren ataritik pasatu gara auzi ekonomikoan, fiskaltzak akusatuen aulkian eseri gintuelako joan den apirilean. Epaiketarik gabe libre geratu gara, eta ondo, jakina; epaiketa bat pasatu behar izanaren tragoa ez izatea ona da.

Bukatu al da auzi ekonomikoa?

Bukatu da. Epaileak artxibatu egin du, eta ez dugu espero fiskaltzak helegitea edo apelazioa aurkeztea. Euskal gizarteak eta instituzioek ez lukete ulertuko. Baina ez dakigu zer egingo duen.

Zigorra jaso duzuen errugabeak al zarete?

Errugabetzat jo gaituzte: auzi nagusian absoluzioa eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta orain Donostiako Zigor Auzitegiak auzia artxibatu egin du. Baina zigorra jaso dugu: Egunkaria itxi zuten, atxiloketak, inkomunikazioa, torturak, 11 urte pasako auzibidea… Horren denaren ondorioak handiak dira, kolektiboki eta pertsonalki. Zama handia eraman dugu 11 urtean. Ez dugu aurkako epairik, bukatu da hau, baina Egunkaria itxita dago. Hori ezin dugu barkatu. XXI. mendean eta Europan itxi zuten. Gure herri honek gaitasuna eduki zuen beste egunkari bat sortzeko, bost milioi euro jartzeko…; txalogarria. Baina Egunkaria itxita dago.

Itxiera kasuko absoluzioaren ondoren auzi ekonomikoa Donostiako auzitegira ekartzeak garrantzia izan al du?

ETArekin loturarik ez zenez, auzi ekonomikoa ez zen sartzen Auzitegi Nazionalaren eskumenetan. Donostiara igorri zuten kasua, eta guretzat ona izan zen hori, bertan dugulako kasua, Madrilerako joan-etorriak saihestuz. Bestetik, hemengo auzitegiak kasu hau aztertzeak badu garrantzia, epaileak gizarteko parte baitira, eta hemen jendeak badaki zer izan zen Egunkaria, eta gure ibilbidea ere publikoa zen.

Absoluzioa eta artxiboa. Espainiako Estatuak ba al du zerbait esateko?

Ez du ezer esango. Absoluzioaren ondoren kalte-ordainak jasotzeko errekurtsoa jarri genuen, baina estatuak atzera bota zuen. Alde horretatik, babestuta geratu zen.

Inpunitatea al dago?

Bai, eta izugarrizkoa. Egunkari bat itxi zuten! Zenbat kostatu zen euskarazko egunkari bat sortzea eta aurrera ateratzea, eta estatuak kolpe batean itxi zuen. Larria da.

Hori ikusirik, zer egin?

Egunkaria itxi zutenean esaten genuena: halakoak gerta ez daitezen baldintza politikoak sortu behar dira herri honetan, burujabetza izateko.

Zer mezu helarazi nahi diozue euskal gizarteari?

Eskerrak eman besterik ez dugu urte hauetan laguntzeagatik. Berotasun hori ez balego, askoz gehiago sufrituko genukeen. Eta Berria sortzeko erreakzio hura ez balego, agian atzetik beste operazio batzuk egongo ziren. Auzi honetan herri bezala heldutasuna erakutsi dugu.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>