Ez lurperatu ‘Euskaldunon Egunkaria’

2014, urriak 17

Pello Zubiria Kamino (Argia)

Ez dezagun estali hilotz itsusi hori. Denon bistan egon dadila. Seguru haren ustel kiratsak inkomodatuko dituela bihotz oneko sinestunak eta demokrazia guay honen propagandistak. Ikuskizun polita ez du ematen, kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean. Baina ez genuke utzi behar inpunitatez eta amnesiaz lurperatzen.

Zorionak eta besarkada bana Egunkaria Auzia 2 artxibatzen ikusi duzuenoi, aurretik Egunkaria Auzia 1 errugabetze orokorrarekin bukatzeak askeago egin zintuztenoi bezala. Lehenbiziko epaiketaren ateetan berea preskripzioz ixten ikusi nuen honek hurbiletik sentitu dut gero zuek sentitutako lasaitze handia. Zuen familien ondoan sufritu du gureak zuen kalbarioko bidea, hainbeste drama txiki eta tragedia handiz betea.

Karpeta itxitako baten itxura duen kasuari, ordea, odola dario oraindik. Asko beharko luke 2003ko otsailaren 20an emandako aizkorakadaren arrakalak orbaintzeko.

Non dira egun hartatik falta diren diru guztiak? Ez dakit badenik ere galera izugarri haren kontabilitaterik. Ez dut entzun Madrildik inor hurbildu denik haien galdezka.

Zertan dira Egunkariaz, hartan parte izan edo lagundu zuten beste enpresez eta zepo mixerable hartan harrapatu gintuzten pertsonez zientoka orri, minutu, hitz eta iruditan zabaldutako irainak? Konpontzeko keinurik txikienik ikusi ote zaio irain-ereileetako inori?

Argitu gabe diraute geure soinetan jasandako tortura eta tratu txarrek. Bihotzez eskertuta nago torturak salatuz ahalegindu zirenei ikerketa egin zedin, harik eta epaile espainolek formulismo hipokriten artean ito zuten arte. Adorez borrokatu zarete salaketaren bidean, jakinik aurrean dagoela aste honetan bertan El Pais egunkari progreak “Un Estado dentro del Estado” definitu duen gorputz militarra. Ez da oraindik sortu ez progrerik eta ez liberalik, ez apezpiku, ez epaile, ez ararteko, ez lehendakari, ez diputatu, ez ofiziozko bakegile, ez kristorik, horiei kontuak eskatuko dizkienik. Kontuak eskatu, diot: nork amestu horiek kontrolatzea…

Egunkaria-ren hilotzak abisatzen digu funtsean ezer gutxi aldatu dela Espainian 2003tik euskaldunokiko. Orduan guk kontatutakoen berdinak kontatu ditu geroztik beste askok, garrasi, haluzinazio, usain, jipoi, oinaze. Orduan bezala hedabide bat ixteko, nahi den edozein enpresa edo proiektu hondoratzeko, esku libreak dauzkate Madrilgo kuarteletan.

Ez hobiratu, arren, Euskaldunon Egunkaria. Ez, behintzat, zer egin zuten-ziguten jakin eta berriro beste inori egingo ez diotela bermea eskuratu arte.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>