Nire aurrekariak (#Egunkariak25)

2015, azaroak 23

Pello Urzelai

Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren 25. urteurrena gertu dagoela [abenduaren 6an, Durangon ospakizun ekitaldi bat izango da], atzera begiratu eta oroimena astintzeko ahalegina egin dut. Orduko begirada berreskuratu nahi izan dut, garai bakoitzak bere kodeak dituelako. Izan ere, maiz desitxuratzen dira oroimenak, garaiko egoeratik eta bizipenetatik urruntzen direnean. Beraz, oroitzapenak freskatzeko nire aurrekarietara jo dut: Euskaldunon Egunkaria sortzear zegoenean Hemen astekarian idatzitakoetara. Izan ere, Egunkaria Sortzen eta Euskaldunon Egunkaria-ren proiektuaren jarraipen estua Hemen astekaritik egin bainuen.

Duela 25 urte atzera eginez, ilusioa hitza ageri da nabarmenduta. 1990eko uztailaren 15ean, zero zenbakia kaleratu zuen Egunkaria Sortzenek (eta 28.000 ale saldu), Donostiako Belodromoan antolatutako festarekin bat eginez. “Igandean Egunkaria-ren zero zenbakia esku artean izan genuen milaka irakurleok gertu sentitu dugu aspaldiko erronka hau, geurea sentitu dugu, eta bide onetik datorrela. Ilusio berri bat zabaldu da –Belodromoan agerikoa zen–, eta horrela izan behar du, proiektu berri honetan partaidetza etengabea izan dadin”. Belodromoko festatik bost egunetara Hemen astekarian argitaratutako hitzak dira, astero idazten nuen Talaian izenburuko zutabean. Euskarazko egunkariaren aldarrikapena aspaldikoa zen. Euskarazko hedabideen zikloa itxi beharra zegoen: irratia eta telebistaren ondoren, egunkaria behar zen. Berandu genbiltzan. Euskaltzaleen irudiko premiazkoa zen. Horregatik, Egunkaria Sortzen taldeak proiektua gorpuztea lortu zuenean –nahiz eta administrazioaren sostengua ez izan, alderantziz baizik– ilusioa piztu zen euskaltzaleen artean.

Zero zenbaki hartatik gutxira, 1990eko irailean, Hemen eta Eguna astekarien zikloa amaituko zen. Euskaldunon Egunkaria-ren garaia hastear zen. Hemen-ek, 1986ko irailaren 26tik 1990eko irailaren 28ra bitartean, astero, egunkari itxurako 211 ale argitaratu zituen. Agurra ez zen tristea izan, Euskaldunon Egunkaria-ren proiektua gertu zegoela jakinaren gainean baigeunden. Gure asmoak darrai, izan zen agurreko editorialaren izenburua. “Ziur gaude hemendik egindako lana alferrikakoa ez dela izango, hemen hazitakoak fruitu emango duela. (…) Hemen-ek izan duen egunkari asmoa ez da hiltzen ale honekin, modu batez edo bestez jarraituko du. Irakurleak berak eramango du [asmo hori] errealitate bihurtu arte. Eta errealitate berri hori gertu sumatzen dugu, agurraren ordu honetan pozten gaituelarik”.

1p.jpg

Hemen-en azken ale hartan, orrialde asko egin genituen Euskal Egunkaria bidean goiburupean. Horien artean, nire sinadura daramaten bi elkarrizketa: bata, Jose Ramon Beloki Eusko Jaurlaritzaren euskal egunkariaren egitasmoaren arduradunarekin; bestea, Joxemi Zumalabe Egunkaria Sortzeneko ordezkari eta Euskaldunon Egunkaria-ren sustatzailearekin. Elkarrizketa haietako pasarte batzuk aipatzea merezi du, garaiko begirada berreskuratzeko.

Egunkaria Sortzen taldearen proiektua gorpuzten ari zela, Eusko Jaurlaritzak azkartu egin zuen bere proiektua. Euskaldunon Egunkaria ez laguntzeko modu bat izan zen. Jose Ramon Beloki proiektu bakarraren aldekoa zen. “Nik garbi daukat euskarazko egunkari bakarra behar dugula. Nire desafioa hori da, euskarazko egunkari bakarra behar dugu, eta ez kapritxoz, irteera bakarra delako. Gauden okasio honetan, nire ustez, okasio oso ona da euskarazko egunkari bat egiteko, eta okasio hori behar dugu ez alde egiten utzi, ez alferrik galdu, eta ez lardaskatu. Hori da euskarazko egunkari bakarraren okasioa”.

2p.jpg

Ondoko orrialdean, Joxemi Zumalabe kexu zen Eusko Jaurlaritzaren jarreraz. “Proiektuak eskatzen zuen garrantzizko erantzun bat administrazioaren aldetik, eta hori ez dugu lortu, oraindik ate joka jarraitzen dugu (…). Inolako erantzunik ez egotea nahiko ulertezina da, gauzak hitz eginez zehaztera iritsi daitezke, eta gero esan ezetz. Harritzekoa da gurekin ez egotea, zubirik txikiena ere ez irekitzea gurekin egoteko. Beste erabaki negatibo bat da Gobernuak hautatzea proiektu alternatibo baten bidea, osatzen ari den proiektu baten aldamenean, kontra ez esateagatik”. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektu alternatiboak, Zumalaren ustez, “gehiago bilatu du gure ekimena deuseztatzea edo ahultzea edo etsipena sortzea gure aldeko jarrera duen sektore zabalean, benetan proiektu bat bideratzen joatea baino”.

Argi mintzo zen 1990eko irail hartan etorkizuneko egunkariaren izaeraz. “Egunkaria behar zela pentsatuz bildu ginen euskaltzale talde zabalak pentsatzen zuen gizartean oinarritutako egunkari bat egin behar zela, ez periodiku gubernamental bat, ez Gobernuak bultzatutako proiektu instituzional bat, mugatua jaio litzatekeena hasiera batetik”.

Babes instituzionalik gabe, posible da egunkaria sortzeko pausoa ematea?, galdetu nion Joxemi Zumalaberi elkarrizketaren amaieran. Haren erantzuna gogoratzekoa da: “Gure ustez, egunkariaren proiektuan garrantzizkoena gizarteak berak eman behar duen babesa da. Hau da, landare honek behar duen ongarria euskaltzaleen munduan, euskal kulturaren munduan lortutako kontsentsu hori. Euskarari gaitz handiena egingo liokeen pausoa sustrairik gabeko bat sortzea izango litzateke. Instituzioen indar ekonomikoan babestuta, baina gizartean txertatu gabeko proiektu baten eta gizartean txertatuta eta ekonomia aldetik zalantza duen proiektu baten artean, bigarrena da euskararentzat onuragarriena eta martxan jartzeko itxaropentsuena”.

3p.jpg

Argia-ko kolaboratzaile gisa eta Hemen-eko kazetari gisa hartutako esperientziarekin jauzi egin nuen Euskaldunon Egunkaria-ra, ilusio handiz, parte hartu eta ekarpena egin asmoz. Nire lehen erabakietako bat erredakzio nagusian integratzea izan zen, eta ez Bilboko ordezkaritzan bilbotarra izan arren. Erredakzio nagusian egonda, kazetari bezala bizi beharreko une historikoak intentsitate handiagoz biziko nituela uste bainuen. 25 urte geroago, bizitakoaz harro, eskerrona baino ez dut euskarazko egunkarian hasieratik lan egin izanagatik eta bertan lanean jarraitzeagatik.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>