‘Egunkaria’, urte askoan!

2015, abenduak 5

Iñaki Uria (Euskaldunon Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria izana)

Atzera begira 25 urte, sorrera uneko pozak gailentzen bazaizkigu ere, ezin uka sorrera minak ere handiak gertatu zitzaizkigula. Itxierako minen ezberdinak, noski, baina handiegiak hainbeste urtean gure barnean gordetzeko.

Ezezkoak eta ukoak ugariak gertatu zitzaizkigun. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Egunkari Publikoaren txorimaloa kontrajarri zion Euskaldunon Egunkaria-ren egitasmoari. Eta kalte handia egin zion. Mina egin zigun. Zuzendari bila ibili ginenean ere, asko, gehiegi, izan ziren jaso genituen ezezkoak.

Etxe barruan ere ez gentozen denak bat. Egunkaria-ren sorrerak zartatuak eragin zituen Argia-ko talde sortzaile paregabean. Aurrera egin genuen, zorionez.

Ez ziren euskaldun eta euskaltzale guztiak gurekin. Instituzioetatik gu baino gertuago, edota haien diru-laguntzetatik gu baino menpekoago ziren euskaltzale batzuk ez ziren gurekin izan. Mandatuarekin etorri zitzaizkigun egitasmoa aurkeztera gindoazen bezperatan. Atzera egiteko. Aurrez aurre jarriko zitzaizkigula bestela. Ez zen samurra izan. Aurrera egin genuen, zorionez.

EAJ eta PSE-EEren gobernuak genituen Eusko Jaurlaritzan. Ardanza lehendakariaren eta Joseba Arregiren garaia zen. Ajuria Eneko Itunaren garai hasi berria.

Jaio behar zuena, jaio zen ordea. Udazkenean, udaberriko kanpainan agindu bezala. Nekez, sufrimenduz, indarrez. Txikia, ahula, itsusia atera zitzaigun. Baina munduan zen ederrena zen gure begietarako. Poza, ilusioa eta adorea ziren nagusi gure artean.

Hamarkada oso bateko gure prestaketa lanak, urtebete meteoriko batean mamitu ziren 89ko Durangoko Azokatik 90eko abenduaren 6ra bitartean. Egunkaria Sortzen Talde Eragilea osatu; kazeta-egitasmoa egin; enpresa eta bideragarritasun egitasmoak egin, hauek onartu; Egunkaria Sortzen Kultur Elkartea sortu, Egunkaria Sortzen SLa sortu, Egunkaria SA sortu; egoitza bilatu, Lasarteko egoitza atondu; sozializatze eta diru-biltze kanpaina egin; Belodromoko Azken Festa antolatu; uztailaren 15eko Zero Zenbakia prestatu eta gauzatu; kazetariak bilatu, kazetarientzat ikastaroa prestatu, hautatutako kazetariekin egunkari simulakroak egin; zuzendaria bilatu, zuzendaria bilatu, zuzendaria bilatu; lantzamendu kanpaina prestatu eta burutu; Lasarteko egoitzan sartu… lau zenbaki zero egiteko aukera besterik ez, hauek osatzeko gai izan ez… eta Euskaldunon Egunkaria erditu genuen ordura arte euskal prentsa zen Argia-tik. Ordura arte bertan metatua genuen guztia arriskuan jarri izanaren ziurtasun eta ausardiarekin.

Abenduaren 6an, Euskaldunon Egunkaria-ren Konstituzio egunean.

Egin-eko errotatibara joan ginen Lasarteko lanak bukatutakoan. Guraso berriak jaio berria eskutan hartzerakoan bezala, urduri, pozik eta harro ginen errotatibaren zarata eta tinta usain bero eta sarkor hartan. Eskuak belztu eta begiak boligrafo gorri bilakatu arren, maitasunez begiratu genion jaio berriari. Zoriontsu, topa egin genuen eta bizitza luzea opa izan genion, nahiz eta jakin urtebete edo gutxiagorako gerta zitekeela gure apustua. Oztopoak, ukoak eta ezezkoak baino indartsuagoak ziren irribarre eta zorion txinparta haiek. Sekulakoa zen Argia-ren bueltan Egunkaria sortzeko sortu genuen ekipo hartan partaide izatea.

Antzeko harrotasuna sentituko nuen handik hamahiru urtera, otsailaren 20 hotz hartan, euskaldunoi Egunkaria itxi zigutenean. Inkomunikazio eta tortura egunen ondoren kartzelara pasa nindutela jakin nuen Egunkaria itxi eta, hurrengo egunean bertan, Egunero izeneko egunkaria argitara eman zutela nire lankideek Itxia, baina ez isildua izenburu ederra jarrita. Ez genuen halakorik espero, nahiz eta gertutik ezagutu genuen 98ko sanferminetan Egin-en itxiera. Hala eta guztiz ere gure jendeak jakin zuen erreakzionatzen eta Egunero argitaratzen. Lasai geratu nintzen nire ziegan. Bat-batean, semeak aiton bihurtu izan banindu bezala, lana ondo egina genuela sentitu nuen. Harro sentitu nintzen Egunkaria-n hazi eta hezitako gure jendeaz.

Gure ondoko belaunaldia heldua genuen. Izan ere Egunkaria-k bost belaunaldi bildu zituen bere baitan sorrera hartan. Ez da txikikeria. Arrakastaren beste ezaugarrietako bat da. Belaunaldi eta pentsamolde ezberdinen artean batera eta elkarlanean jarduteko gaitasuna. Gure aurreko hiru belaunaldi ordezkatzen zituzten Martinek, Joan Marik eta Joxemik. Geure belaunaldikoekin etorritako hurrengoek sortuko zuten Egunkaria berria: Egunero izenekoa, eta ondoren, BERRIA egunkaria.

Eroritako arbola zaharretik sortutako adaxka. Ez bakarra gainera. Egunkaria-ren sorreraz geroztik izandako loraldirik ederrena izan zuen euskal prentsak Egunkaria-ren itxieraren ondoko hiruzpalau urteetan. BERRIAz gain Hitza-k zabaldu ziren eskualdez eskualde.

Sorrera batean zein bestean herritarren erantzuna izan zen oinarrizkoa. Errealitateak eta egoera politikoak ezarritako EZezkoaren aurrean, egitasmoa pentsatu, bideragarritasuna bilatu, ilusioa piztu, aniztasuna eta baterakoitasuna praktikatu, ausardia, adorea eta lana, lana eta lana izan dira Euskaldunon Egunkaria-ren arrakastaren giltza.

Duela 25 urte bezala garai zailak bizi dituzte egun ere Egunkaria-rekin batera irautea lortu edo ondoren sortutako hedabide berriek. Gaurko instituzioetako gobernuentzat, urruti daude euskarazko komunikabideak, eta euskara oro har, lehentasun bihurtzetik. Euskarazko komunikabideak sustatzeko diru-laguntzak ez dira nahikoak, krisi ekonomikoak ez du amaierarik eta komunikabideen negozio eredua bertan behera erori da.

Zabaltasuna eta baterakoitasuna. Profesionaltasuna eta militantzia. Euskaltzaletasuna eta naziotasuna. Independentzia… Egunkaria-ren sorrerako argitasuna, adorea, indarra, tinkotasuna eta ausardia beharko dituzte egungo BERRIA, Argia, Hitza, Hamaika, Goiena, Gaur8, Euskal Irratiak eta gainontzeko euskal kazetek, egitasmo berriak asmatu eta aurrera ateratzeko.

Urte askoan!

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>