Hitzaurre bat eta zortzi kapitulu

2021, azaroak 17

Joan Mari Torreldairen Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta liburuaren barrenak laburtu ditu Joanmari Larrartek Andoainen, Imanol Muruaren gidaritzapean eta entzule andanaren aitzinean.

p003_f02w768

Hitzaurre batek eta zortzi kapituluk osatzen dute Joan Mari Torrealdaik zendu aitzin idatzi eta Joanmari Larrartek ondotik txukunduriko Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta liburua. Eta, horietako bakoitzean, hamaika dokumentu, aipamen, bizipen eta xehetasun biltzen direla nabarmendu zuen atzo arratsaldean Larrartek Martin Ugalde kultur parkeko areto nagusian jendaurrean eginiko liburuaren aurkezpenean. Kapitulu horietako bakoitzean agertzen den informazioa laburtu zuen Larrartek mukuru beteriko gelaren aitzinean, hark hartu baitu liburua «orrazteko» lana. Imanol Murua Uriaren gidaritzapean osatu zuen azalpena, hark idatzi baitu liburuaren hitzaurrea, halaber.

Euskalgintzako, euskal kulturgintzako eta erakundeetako jende andanaren aitzinean egin zuten ordubeteko aurkezpena. Han ziren, bertzeak bertze, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria; Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia; Jakineko Lorea Agirre eta Xabier Eizagirre; Elkarreko Joxe Mari Sors, Jon Jaka eta Antxiñe Mendizabal; Castillo Suarez idazlea; Arantxa Zugasti kazetaria; Txema Auzmendi Euskaldunon Egunkaria-ko sortzaile eta kide izandakoa; EH Bilduko Juan Carlos Izagirre eta Estitxu Elduaien; eta baita Torrealdairen beraren senideak ere, bertze anitzen artean.

Muruak hartu zuen lehendabizi hitza, eta azaldu zuen argazki bat aipatzen duela liburuaren hitzaurrean. 1990ekoa da irudia, Euskaldunon Egunkaria sortu aitzinekoa, eta Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe eta Torrealdai bera ageri dira elkarren aldamenean, «Egunkaria sortzen» dioen oihal baten gibelean. «Hilabete asko falta zitzaizkigun Egunkaria sortzeko, baina prentsaurreko hori hasiera bat bezala zen». Muruak azaldu zuen euskarazko hedabideari forma ematen hasi zirenetik beretik sortu zela aurreiritzi bat: «Ezker abertzalearen menpekoa zela». Baina horri aurka egiten dio, haren ustez, sorreraren aitzineko argazki horrek: irudian agertzen diren hiru gizonek euskalgintzako sektore ezberdinak ordezkatzen zituztelako. «Argazki horrek hori erakusten zuen», Muruaren arabera: Egunkaria ez zela batzuek uste zutena, eta independentea zela, euskalgintzarena. «Batzuei ez zitzaien gustagarri egin», gaineratu zuen. Muruaren ustez, «urrea» balio du argazki horrek, eta ongi laburbiltzen du liburuaren beraren ideia eta Torrealdairen «obsesioa»: Egunkaria gizarte ekimenez sortu zela eta independentea zela adieraztea. «Liburuaren lerro bakoitzaren oinarrian hori ikusiko duzue», aitzinatu zuen atzo. Baina ez «aldarri bezala bakarrik»: dokumentuz, datuz eta informazioz osatuta baizik.

Sorreratik itxierara

Larrartek azaldu zuen berarentzat «zama» eta «ohorea» izan dela aldi berean Torrealdairen liburua txukuntzea, eta familiak emandako «babesa» eskertu zuen. Kapitulu bakoitza aletu zuen ondotik, lau multzotan banatuta. Lehen bi ataletan kokapen bat egiten du liburuak: Egunkaria sortu aitzin egondako aldarri eta proiektuena, batetik, eta garaiko giroarena, bertzetik. Hirugarren eta laugarren parteetan Egunkaria-ren sorrera bera eta historia kontatzen ditu Torrealdaik; Larrartek atzo azaldu zuenez, xehetasun handiz: erraterako, erakunde publikoekin izandako gatazkak azaltzen ditu, eta nola lortu zen lehen aldiz Eusko Jaurlaritzak hedabidea diruz laguntzea. Bosgarren eta seigarren kapituluetan Egunkaria-ren itxiera azaltzen du, «dena da ETA» pentsaera ere kokatuta. Azken bi atalak hildako Egunkaria-ko kideei eta eskertzei eskaintzen dizkie Torrealdai zenak, azkenik.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>