Pello Zubiria: “Eraso guzti hauen azken jomuga Ibarretxe lehendakaria da”

2003, otsailak 28

ARGIA astekariko zuzendariaren ondoko Pello Zubiria herenegun askatu zuten hamabi mila euroko bermepean eta Euskal Herrira goizaldeko ordu txikietan iritsi arren atzo DEIAren galderei erantzun zien. Kartzelatuta egon den hilabetean bere osasun egoerak kezka handia eragin du baina ez zaio animorik falta aurrera egiteko.Joseba Arruti, Deian

Nola gogoratzen duzu atxilotu zintuzteneko momentua?

Ez nuen ezer ulertzen eta ez nuen gertatutakoa espero, inondik inora. Dena den, Hernanira itzuli naizenean auzoko batzuk esan didate jende berezia ikusten zutela hemen inguruan azkenaldian, eta epailearen autoa irakurrita jakin dut gai hau duela urtebete eta erditik zebilela bueltaka.

Zer jazo zen gau hartan?

Goizaldeko ordu batean sartu ziren nire etxera asaltoko tropak bailiran. Emaztea eta bi haurrak egoera horretan ikustea gogorra da. ETArekin harremanetan egoteagatik atxilotzen nindutela esan zidaten eta, nik ETArekin loturarik ez dudanez eta sekula izan ez dudanez, ezin nuen ulertu zer jazotzen zen. Etxea desmantelatu zidaten, nire ordenagailua eraman zuten, hogei urteko nire agenda pertsonala ere bai, eta hori oso mingarria egin zitzaidan. Handik Argiako egoitza miatzera eraman ninduten, eta argi geratu zen bazekitela nora joan.

Noiz jabetu zinen Egunkariarekin lotutako operazioa zela?

Galdeketetan. Madrilera egin genuen bidaia galdeketa hutsa izan zen eta beti esan dudana errepikatu nien orduko hartan ere: Gezurra dela Egunkaria Sortzen-en eta Egunkariaren lehenengo urteetan ETArekin inolako harremanik zegoela. Egunen batean norbaitek azaldu beharko du gezur hori.

Zuk aspalditik ez duzu inolako loturarik izan Egunkariarekin…

Hala da. Argiako zuzendaritzat jo ninduten preso hartzerakoan, nahiz eta ezaguna den jada ez nagoela ardura horretan ia bi urte baineramatzan bajan. Egunkarian hilabete batzuk baino ez nituen egin eta horregatik ez nuen asmatu zer ari zen gertatzen.

Zer gogoratzen duzu inkomunikatuta egin zenituen egunetaz?

Esan didatenez, ­ze begiak itxita gindoazen­, Guardia Zibilaren egoitza nagusira sartu gintuzten. Orduak pasatzen hasi ziren. Bi arazo nituen: batetik, ezin nuen onartu gertatzen ari zena eta, bestetik, daukadan gaitz kronikoak kezka eragiten zidan. Erreuma berezi bat dut, hilgarria izan ez arren oso inkapazitantea dena eta eguneroko bizitzan, ariketa eta dieta aldetik, zorrotza izatea eskatzen duena. Alde horretatik aurrerapausu nahiko handia emana nuen eta bat-batean zulo batean horrelako egoeran aurkitzearen ondorioz nahastu eta buruarekin hormaren aurka joka hasi nintzen.

Zer gertatu zitzaizun?

Hasieran ez nuen arazorik izan baina oihuak entzuten hasi nintzen. Ez dakit grabazioak ote ziren. Egunkariaren hasieran nirekin elkarlanean aritutako emakumezko baten negarrak entzun nituen eta Iñaki Uria ere negarrez eta jota bezala. Ez dakit egiazkoa izan zen, baina hala entzun nuen. Ni ez naiz oso gizon balientea, baina oihuka hasi nintzen: «Iñaki, jo al haute?». Hor hasi zen kontziente izan ez naizen bi eguneko nire peripezia.

Inolako tratu txarrik jaso al zenuen?

Ez dakit. Ospitale klinikora eraman nindutela dakit eta, horko parterik ez dudanez, ez dakit zer gertatu zen. Handik Guardia Zibilaren egoitzara itzuli ginen eta gero Gregorio Marañon ospitalera. Erreanimazioan egon nintzen, bronkoneumonia eta zenbait konplikazio izan nituelako. Mediku forentseak esan zidan nire burua hiltzen saiatu nintzela.

Hala zabaldu zen…

Nik ez dut sekula nire burua hiltzeko saiakerarik egin eta horretarako motiborik ere ez dut izan. Tarte horretan zer jazo zen ez dakit, nahasmen handi bat baitaukat. Badakit epailearen aurrean deklaratu nuela eta Egunkariaren sorrerari buruz hitz egin niola.

Zer esan zenion?

Garai hartan gauzak nola egin ziren azaldu nion eta beste edonork paper batzuetan bestelakorik badio gezurretan dabilela ere bai.

Zein egoeratan egon zara ospitaletik ateratakoan?

Ospitalean, hasieran, gaizki egon nintzen. Emazteak eta lagunek dakite nola nengoen. Gero Soto del Real-eko presodengi handiko erizaintza psikiatrikora eraman ninduten. Psikiatriko deitzen badiote ere, han denetarik dago: “monoa” pasatzen ari diren drogazaleak, angustia handia duten edadetuak… Hor beste modu batera tratatua sentitu naiz.

Zer irizten diozu jasotako elkartasun oldeari?

Emazteari esker izan dut horren berri. Kartzelatik irtetean eman didate karta pila bat. Egunkaria itxi zutela zortzi egun beranduago jakin nuen eta ezin nuen sinistu. Oraindik ezin dut sinistu itxi dutenik. Emazteak eta anaiak kontatu zidaten Donostian manifestazio erraldoia izan zela. Martin Ugalderen egoera ere demen-tziala dela jakin dut.

Euskal Herriaren aurkako erasotzat jo izan da operazio hau…

Badirudi beste zeozeren parte bat dela, baina zail egiten zait momentuon zein jokoren parte den baloratzea. Politikoak egunotan ari dira guzti hau baloratzen. Hemen joko bat dago eta, nire ustez, gezurra badirudi ere, eraso hauen azken jomuga Ibarretxe lehendakaria da. Hori argi eta garbi esan behar da. Ez da erraza gertatzen dena ulertzea.

Nola baloratzen duzu EAEko erakundeen jokabidea auzi honetan?

Begirunea erakutsi dute eta Martxelo Otamendi eta nire emaztea Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordera deitu izana esanguratsua da alde horretatik, batik bat Madrildik Martxelo irainka ari zirenean. Itxaropen pixka bat utzi dit guzti horrek.

Ze sentsazio geratu zaizu kartzelako bizimodua ezagututa?

Oso sentsazio inhumanoa. Politiko guztiek egin beharko lukete bi asteko stage edo egonaldi bat kartzelara hura zer den ikusteko. Euskal Herrian zein zurrunbilo daukagun pentsarazten dizu horrek. Esaterako, bermearen notifikazioa jasotzera eraman nindutenean sei neska gazte aurkitu nituen bertan eta azentoagatik euskaldunak ziren inpresioa eman zidan. Elkar musukatu ginen. Orduan pentsatzen duzu ea nola den posible horrelako neska gazteak han ikustea eta batek daki zenbat denborarako gainera. Momentuon kartzela daukat buruan sartuta. Euskaldunok zerbait egin beharko dugu egoera honi buelta emateko, eta ez bakarrik abertzaleen artean.

Zein da zure egoera fisikoa?

Egin dudan barauarekin eta eman dizkidaten antibiotikoekin hezurrak nahiko bigun mantendu ditut. Oso argal atera naiz, eta nire burua telebistan ikusi dudanean 60 urteko aitona bat ematen dudala iruditu zait, 45 izan arren.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>