Iñigo Iruin abokatuaren adierazpenak

2005, martxoak 18

Egunkariaren Babes Taldearen aurkezpenean bildu garenok ikuspegi juridiko batetik gure kezka azaldu beharra daukagu:

  • Alde batetik, Egunkariaren kontrako bi sumarioak Auzitegi berezi batean, hau da Entzutegi Nazionalean, bideratzen ari direlako, eta bestetik 1998. urtean hasita, Euskal hiritarren multzo zabal bat, oinarrizko eskubideak eta askatasunak urratuta, eszepzio-egoeran jarri duten operatibo polizial-judizialen artean kokatzen direlako: orain arteko operazioen azken kate-begia dira.
  • Auzitegi berezi horren helburua duela gutxi eman zuen aditzera Gela Penaleko Lehendakari izendatu berri duten Javier Gomez Bermudezek bere kargua hartu zuenean: “Auzitegi Nazionalak terrorismoaren kontrako borroka juridikoa du helburu”. Eta borroka hitza azpimarratzen dut, epaileez ari garela.

Esaldi horrek filosofia bat adierazten du eta auzibide penalean eredu berri bat sortuko du: Egunkariaren kontrako sumarioan erabiltzen ari den eredua. Hauek ditu, besteak beste, bere ezaugarriak:

  1. Auzibide penala delikuentzia jakin baten kontrako borroka-une bilakatzen da epailearentzat
  2. Delitu-ekintzaren ikerketa inpartziala eskatzen duen informazio prozesu izan beharko lukeena, eta aldi berean, epailea egiaren ikertzaile inpartzial izango lukeena, auzibide erasotzaile bilkakatzen da eta epailea inputatuaren etsai, ez du gertaeraren egia bilatzen, inputatuaren delitua baizik.
  3. Ez da delitu-ekintza zehatz bat ikertzen, gertaera sozio-politiko oso bat baizik, kulturarekin eta euskararen hedapen eta erabilerarekin zerikusia duena.
  4. Ez dira delituak ikertzen pertsonak baizik. Delitu-gertaera zehatzik ez dagoenez, salatuaren bizitzara edo bere kokapen politiko edo ingurunera jotzen da, eta balorazioak egiten dira salatuaren subjetibotasun subersiboaz edo antijuridikoaz.
  5. Ondorioz, zigortu nahi da, ez egin duenagatik, izateagatik baizik.
  6. Azken finean, prozesu penala tresna politiko bilakatu nahi da, eta horrela, kontsentsu politiko batek (kasu honetan, pacto antiterrorista delakoarenak) epaileak aurkezten dituen hipotesiei falta zaizkien frogak ordezkatzen ditu.
  7. Horrela, garantiarik ez duen eredu bilakatzen da.

Eredu hori da Egunkariaren kontrako sumarioetan ikusten dena, hainbat irizpide eta jardueratan, hala nola:

1. Eragin politiko-poliziala

Garbi geratu da sumarioaren eragilea Guardia Zibila dela. Guardia Zibilaren eskariz, Egunkaria ixtea eskatzen duen autotik hasita, Guardia Zibilak berak egindako informe pertsonalen arabera, zortzi pertsona prozesatzea erabakitzen duen agindura iritsi arte.

Guardia Zibila Epailearen laguntzaile izatetik prozesuaren motor nagusi izatera pasatzen da eta Epaileak ekimen eta erabaki horiei forma juridikoa besterik ez die ematen. Paper trukaketa garbi bat ikusten da.

2. Ikerketa irizpideak edo froga mota

Epaileak aitortzen du ez dagoela froga zuzenik.

Epaileak zeharkako frogetara edo indizio-frogetara jotzen du. Frogen artean subjektiboena da hori, eta Auzitegi Konstituzionalak berak behin eta berriz esan du arriskutsua dela froga mota hori.

Zantzu, susmo huts edo usteen artean eta indizioetan oinarritutako ziurtasunaren artean muga ez da ia ikusten, eta epailea libre da muga hori gainditzeko edo ez gainditzeko.

Indizio-frogak Egunkariaren sumarioan dokumentuak dira, eta ezaugarri hauek dituzte:

  • Gutxi dira, Egunkaria sortu zenetik 14 urte igaro badira ere.
  • Aspaldikoak dira nabarmen (1990.urte ingurukoak)
  • Ez dute elkarren arteko loturarik. Soilik elkarren ondoan jarritako dokumentuak dira.
  • Ez dago ETAk Egunkarira bidalitako agiri bakar bat, ezta alderantziz ere.
  • Egunkariaren proiektua aipatzen duten 3.pertsona anonimoenak dira.
  • Hautaketa diskriminatzailea egiten da, baztertu egiten baitira salatuen aldeko agiriak.

3. Ikerketan erabilitako balorazio-irizpideak

  • Dokumentuak aztertu eta baloratu Guardia Zibilak egiten ditu jarrera ideologiko garbi batetik gainera. Adibidez, esaten dutenean Euskal Herria fikzioa dela edo ordenamendu konstituzionalarekin bat ez datozen ideak jatorrian ETA dutela.
  • Dedukzio-prozesua espekulazio hutsezkoa da. Posibilitate hutsezko ustea da, ez da probabilitatezkoa ere. Formatoa hau da: susmoa + susmoa = froga.
  • Balorazio-logika gaiztakeriazkoa da, adibidez, Egunkariak ez baditu ETAren agiriak argitaratzen, harekin duen lotura ezkutatzeko egiten du. 1996an agiriak argitaratzen hasten denean, talde terroristaren ortodoxia eta doktrina onartu dituen froga bilakatzen da.
  • Absurdoaren logika hori areagotu egiten da ETAren eta Egunkariaren arteko lotura ekonomiko-finantzieroak ikertzerakoan huts egiten dutenean. Egunkaria itxi zen egunean esan zen ETAk diru transferentziak egin zituela eta Egunkaria diru horien zuriketarako enpresa zela. Hilabete beranduago onartu zen ez zela ordura arte ikerketarik izan, baina hasiko zirela ikertzen. Hilabeteak igaro ondoren, emaitzen faltan, iusita heriak bildutako dirua, eta pertsonen eta kultur elkarteen diru laguntzak izan zirela proiektua bideratu zutenak, batera lotsarik gabe esaten du epaileak “herri diru-bilketa horiek talde terroristaren ohiko jarduera direla”.

4. Ideologia izaera duen auziperatzea

Auziperatzea ideologikoa da, argi eta garbi. Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak behin eta berriz esan dute, ez lotura ideologikoa eta ezta helburu politikoak ETAren helburuekin bat etortzea ere, ez direla delitu. Hala ere, epailearentzat Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta soziala, euskara, ikastolak…ETAren proiektuan daude eta haien alde lan egitea auziperatzeko argudio bilakatzen da.

Horrek guztiak arbitrariotasun juridikoak ekarri ditu, eta hori dela eta, sumarioan astakeria prozesalen adibide garbiak daude. Hala nola: Martin Ugalde zenari erakunde armatuko kide izateko delitua egotzi nahi izana, osasun arazoak tarteko, lortu ez bazen ere, edo delitu bera leporatuta, 10 urte lehenago hil zen Joxemi Zumalabe prozesatu izana.

Zentzugabekeria horiek guztiak dira gure kezkaren arrazoi, eta hala azaldu nahi izan dugu ekitaldi honetan.

Mila esker.

Iñigo Iruin

Abokatua

Bilbon, 2005-03-18

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>