‘Egunkaria’-ren alde elkarretaratzea egiteko, Durangoko Azoka etengo dute 15 minutuz

2009, abenduak 3

Egunkaria libre! aldarrikatu nahi duenak ez du aukera faltarik izango asteburu honetan. Durangon (Bizkaia) bi elkarretaratze egingo dira: bihar (ostirala) aurrena eta igandean bestea.

Landako erakustazokak profesionalentzat eta haurrentzat irekiko ditu ateak bihar, eta hori baliatuz, hezkuntza arloan lanean aritzen direnek elkartasuna adieraziko diete Egunkaria auziko bost auzipetuei -Joan Mari Torrealdairi, Iñaki Uriari, Txema Auzmendiri, Xabier Oleagari eta Martxelo Otamendiri-. Eguerdian azokaren alboan bildu eta elkarretaratzea egingo dute.

Igandean beste elkarretaratze bat ere izango da toki eta ordu berean. Azoka hustu, plaza bete ekimena antolatu dute, eta izenak dioen bezala, Landako erakustazokako korridoreetan atzera eta aurrera ibiliko den jende guztia handik atera eta alboko plazan zabalduko duten pankartaren atzean batzea izango da helburua. Deialdia Egunkariaren Alde Kultur Elkarteak egin du, eta babes handia jaso du. Ekimenarekin bat egin dute azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri elkarteak. Hilabete baino gehiago daramate Egunkariaren Alde Kultur Elkarteak eta Gerediaga elkarteak elkarretaratze hori antolatzen argitaletxeetako eragileekin. Esanahi berezia izango du elkarretaratze horrek. Izan ere, duela 19 urte abenduaren 6an kaleratu zen Euskaldunon Egunkaria-ren aurreneko zenbakia, eta Durangoko Azokari buruzkoa zen titular nagusia.

Gero eta gertuago dago Egunkaria auziko epaiketa. Euskarazko kazeta bakarra itxi eta ia zazpi urte bete direla, abenduaren 15ean hasiko dira auzi saioak, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hurrengo egunean jarraituko dute saioek, baina urtarrilera arte etena egingo dute horren ostean. Bost auzipetuentzat 12 eta 14 urte bitarteko zigorrak eskatzen dituzte Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek. Fiskaltza, berriz, auzia artxibatzearen alde dago, ez duelako inolako deliturik ikusten.

Auzia salatzeko, nazio manifestazioa antolatu dute auzipetuek hilaren 19rako, Bilbon. Manifestazio horretarako deia egiten ari dira herriz herri Egunkaria-ren aldeko batzordeak. Gaur, esate baterako, deia egiteko, argazki jendetsua aterako dute Andoainen (Gipuzkoa).

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>