Ordezkaritza bakarra zabalik

2009, abenduak 8

Eneko Bidegain (kazetaria) (Oroiminak, Berria)

Ez dut sekula ahantziko nolako jauzian jaiki nintzen goiz hartan. Guardia Zibila Andoaingo, Iruñeko, Gasteizko eta Bilboko egoitzetan sartu zela eta Egunkaria-ko arduradunak atxilotu zituztela entzun bezain laster, tarrapatan hartu nuen Baionarako bidea. Hura zen oraino zabalik geneukan ordezkaritza bakarra. Baina zer egin? Lankideak Andoainen bilduak ziren, eta han ari ziren erabakitzen nola erantzun eta abar. Komunikazio bideak ia moztuak genituen. Baina Baionan ez gintezkeen geldirik egon, eta goizean berean erabaki genuen, Andoainen zeuden lankideek erranen zutenaren zain egon gabe, prentsaurreko batera deitzea, arratsalderako.

Eta telefonoa hartu eta Ipar Euskal Herriko hainbat sektoretako arduradunei deitzen hasi gintzaizkien Egunkaria-ren ixtea salatzera eta Egunkaria-ren aldeko atxikimendua agertzera etortzeko proposatuz. Batzuek oraino ez zuten berria jakina. Beste batzuk beren baitarik etorri zitzaizkigun egoitzara, goiz hartan berean, elkartasuna erakustera. Hedabideak ohartu zirenean Baionako egoitza zela irekirik zegoen bakarra, deika eta deika hasi ziren, eta gu eragileei deika. Segundo bakar bat ere ez hatsa hartzeko, ez eta ere deusetaz ohartzeko. Prentsaurrekoa egin genuen, eta babesa ematera etorri zen eragile eta pertsona ezagun andana zinez eskertzekoa izan zen.

Ondoko oren eta egunetan atxikimendu mezu uholde bat heldu zitzaigun. Elkarretaratze zinez jendetsu bat egin genuen Espainiaren kontsulatuaren aitzinean. Eragileekin, alderdiekin eta hautetsiekin harremanetan sartu ginen. Alderdi abertzale guztiek erakutsi ziguten babesaz gain, gainerako alderdietakoek ere adierazi ziguten osoki arbuiatzen zutela gertatu zena. Akitaniako kontseiluko hautetsi batzuk, besteak beste Frantxoa Maitia (PS) eta Jean Lizar (Berdeak), Baionako egoitzara etorri ziren; Didier Borotra Miarritzeko auzapez eta senatariak (UDF) bere bulegoan hartu gintuen; Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak (PS) beste hainbeste egin zuen.

Gehiago kosta zitzaigun Parisen prentsaurreko bat antolatzea eta Mugarik Gabeko Kazetariak eta Amnesty Internationalen inplikazioa lortzea prentsaurreko horren prestatzen laguntzeko eta haien atxikimendua erakusteko. Nahiko bakarrik utzi gintuzten. Eta hango hedabideek eta kazetariek erakutsi zuten interes falta ere penagarri izan zitzaigun. Orain dute aukera, horiek denek, orduko uzkurtasuna utzi eta Espainiaren jokabide hori irmo eta ozen salatzeko eta horren jakinarazteko beren inguruan, begiak ixten badituzte, Auzitegi Nazionalak bere burua boteretsuago sentituko baitu.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>