‘Egunkaria’-ko bostak

2009, abenduak 10

Abenduaren 15ean hasiko da Egunkaria auziko bost auzipetuen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Euskalgintzan ibilbide oparoa duten bost euskal herritar epaituko dituzte Euskaldunon Egunkaria-n egindako lanagatik, ETAko kide izatea leporatuta.

JOAN MARI TORREALDAI (Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohia, Jakin-eko zuzendaria eta euskaltzaina)

Euskal kulturgintzan erreferentzia

Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942) Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria zen hura itxi zutenean. Martin Ugalderekin eta Joxemi Zumalaberekin batera Egunkaria Sortzen taldeen bozeramaile izan zen. Behin Egunkaria kalean, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko kide zela, Kontseiluko Editorialeko lehendakaritza hartu zuen Torrealdaik. Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakari izendatu zutenean Kontseiluko lehendakaritza hartu zuen.

Jakin pentsamendu aldizkariko zuzendaria da 1977az geroztik. Aurrez ere, 1964-1969 aldian Jakin-eko zuzendaria izan zen. Tartean, 1973-1974 aldian, Anaitasuna astekariko zuzendaria ere izan zen. Arantzazun frantziskotar izateko ikasten ari zela hasi zen Jakin-en aurreneko lanak argitaratzen. Tolosako (Okzitania) Institut Catholique-n Teologian lizentziatu zenean, ordena erlijioso hartatik aldendu zen, eta orduan egin zen Jakin taldeko kide. Jakin-en 1977az geroztik urtez urte argitaratu dituen euskal liburu produkzioaren azterketa eta katalogoa erreferentzia dira euskal liburugintzan.

1977an Euskal idazleak gaur liburua kaleratu zuen Torrealdaik, eta hogei urtera obra haren jarraipentzat jo daitekeena plazaratu zuen: Euskal kultura gaur. XX. mendeko euskal literatura eta liburugintza ezagutzeko ezinbesteko erreferentzia dira bi obra horiek.

Martin Ugalderen elkarrizketa biografikoaren egilea ere bada (Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribiara, 1998), baita euskararen eta euskalgintzaren aurkako erasoak jasotzen dituen El Libro Negro del Euskera (1998) liburuarena ere.

2004an Imanol Murua, Gipuzkoako alkate biografia argitaratu zuen 1985etik 1991ra bitartean Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zenari buruz. 2009an argitaratu du azken liburua, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren karietara, Imanol Murua Uriarekin batera: Euskaltzaindia. Ekin eta Jarrai.

Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Parisko Institut d’Etudes Socialesen, eta Informazio Zientzietan EHUn. Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktore Deustuko Unibertsitatean: Frankismoko zentsurari buruz egin zuen tesia.

Euskaltzain urgazlea da 1975etik, eta euskaltzain oso 2007tik. 2009ko urrian egin zuen sarrera hitzaldia. Usurbilen bizi da (Gipuzkoa).

IÑAKI URIA (Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari ohia, Egunkaria-ko zuzendari izandakoa eta Hamaika Telebistako zuzendaria)

Kazetari, zuzendari, kontseilari ordezkari

Iñaki Uria (Zarautz, Gipuzkoa, 1960) euskalgintzan aritu da beti. Medikuntza ikasketak hasi zituen arren, euskalgintzan murgildu zen. 1980an Susa literatura aldizkarian idazteari ekin zion. Euskal Filologia ikasten ari zen garai hartan, eta 1982an hasi zen Zeruko Argia izatetik Argia izatera pasatu berria zen aldizkarian. Argieroen taldea osatu zuen han, Joxemari Ostolaza, Joxemi Zumalabe zena, Pello Zubiria, Josu Landa eta Jon Barandiaranekin. Lehen hiru urteak oso biziak eta gogorrak izan ziren. Haietako inor ez zen aldizkarian egindako lanetik bizi. Zubiriak eta Landak bezalaxe, euskarazko eskolak ematen eta itzulpenak egiten irabazten zituen sosak.

Argia-ren proiektua sendotuta zenean, eta Zumalabek puntua jarrita, euskarazko egunkaria sortzeko ahaleginetan hasi zen Uria, beste hainbatekin batera. Egunkaria Sortzen talde eragilea sortu zuten 1990eko urtarrilean. Urte hartako abenduaren 6an argitaratu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren lehenengo zenbakia, eta Uria zen zuzendariordeetako bat -zuzendaria, Zubiria-. 1992 eta 1993 bitartean, berriz, zuzendaria. Martxelo Otamendik egunkariko zuzendaritza hartu zuenetik, Uriak Egunkaria-ko kontseilari ordezkari kargua bete zuen.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sorreran ere parte hartu zuen, eta presidente izan zen, Egunkaria-ren izenean.

Eskualdeko egunkariek 2001eko abenduan ekin zioten bideari, Tolosaldean, Egunero-rekin, eta Uria izan zen sortzaileetako bat. 2006tik Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko zuzendaria da. Zarautzen bizi da (Gipuzkoa).

XABIER OLEAGA (Egunkaria-ko zuzendariorde ohia eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban komunikazio aholkularia)

Kazetari beteranoa

Xabier Oleaga (Erandio, Bizkaia, 1956) gazte-gaztetatik hasi zen euskararen munduan murgiltzen, euskara irakasten. AEK-ko sortzaileetakoa izan zen.

Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian hasi zen kazetari. Ondoren, Egin egunkarira pasatu zen, eta 1990ean Egin-eko zuzendari izendatu zuten. Bi urte geroago kargua utzi, eta kazetari lanetan jarraitu zuen han.

1995etik Egunkaria-n egin zuen behar, zuzendariorde gisa.

1997tik aurrera ikastolen munduan dabil: Partaide ikastolen elkartean jardun du, zuzendaritza batzordeko kide eta komunikazio arduradun gisa, eta 2009tik Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban komunikazio aholkularia da. Oleagak urteak egin ditu Orereta ikastolako lehendakari karguan. Errenterian bizi da (Gipuzkoa).

MARTXELO OTAMENDI (Egunkaria-ko zuzendari ohia eta Berria-ko zuzendaria)

Hamarkada bat zuzendari

1993tik kazetaren itxiera arte Egunkaria-ko zuzendaria izan zen Martxelo Otamendi (Tolosa, Gipuzkoa, 1957), eta 2003ko ekainetik Berria-ko zuzendaria da. 1977an ekin zion euskalduntze lanari: Tolosako gau eskoletan lehenik, AEKn jarraian eta Udal Euskaltegian gero. 1984an izan zuen lehen harreman zuzena euskal komunikabideekin, Egin egunkarian idazten hasi zenean.

1987tik 1989ra, ETBn aritu zen lanean, Tolosako Udal Euskaltegian bi urteko eszedentzia eskatuta. Jaioterriko Galtzaundi Euskara Taldean ere murgildu zen. ETBn barne ekoizpena eragiteko aukera izan zuen bi urtetan, eta Boisera (AEB) jo zuen ondoren. Tolosako euskaltegira lanera itzuli zen handik, eta ETBko Babel programa egin zuen urtebetez. Euskaltegia utzi, eta Egonean giro magazinea zuzentzeari ekin zion ETBn; 1991. urtea zen.

1993ko ekainaren 9an ekin zion Egunkaria-ko zuzendari lanari. Eskualdeko egunkariek 2001ean ekin zioten bideari, Tolosaldean Egunero-rekin, eta Otamendi izan zen sortzaileetako bat.

Tolosan bizi da.

TXEMA AUZMENDI (Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkari ohia, kazetaria eta jesuita)

Prentsan eta irratian

Txema Auzmendi (Ordizia, Gipuzkoa, 1949). Egunkaria Sortzen herri ekimeneko bultzatzaileetako bat izan zen, eta, hasieratik, Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen, 2003ko otsailaren 20ra arte.

Jesulagundian 1968an sartu zen -1978an apaiztu zen-. Bilbon hasi zituen goi mailako ikasketak, Deustun. Han lizentziatu zen Filosofian; Alemanian, berriz, Teologian. Herrien eskubideei buruz egin zuen tesia. Urtebetez Filosofia eskolak eman zituen Deustun, eta gero Azpeitira joan zen, Loiolara (Gipuzkoa).

Hiru urte egin zituen Azpeitian Iraurgi ikastetxean irakasle, 1985etik. Gero, Donostiara joan zen, eta 1988an ekin zion saioak egiteari Herri Irratian. Jende xumea, baztertuak, gobernuz kanpoko erakundeak… denetarik pasatu da hark zabaldutako mikrofonoaren aurretik. Donostiako Herri Irratiko zuzendariordea izan zen. Joan den abuztuan egin zuen azken irratsaioa. 21 urte egin ditu Herri Irratian.

Orain Kataluniara joatekoa zen aldi baterako, baina epaiketa bukatu artean Loiolako santutegian egongo da.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>