Zer zigor jaso dituzte dagoeneko, epaiketa hasi aurretik? (eta 14)

2009, abenduak 14

Imanol Murua Uria, Sustatu.com

Bihar hasiko den epaiketan bost atxilotuak errugabetuko balituzte ere, eta ondoren egitekoa den auzi ekonomikoaren epaiketan ere inor zigortuko ez balute ere, Auzitegi Nazionalak dagoeneko oso gogor zigortu ditu Egunkaria, Egunkaria-ko auzipetuak eta Egunkaria-ren akzionistak, harpidedunak eta irakurleak. Hara, epaiketa egin aurretik ere Espainiako Auzitegi Nazionalak dagoeneko ezarri dituen zigorrak.

Atxiloketak. Hemeretzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak guztira, hamar 2003ko otsailaren 20ko goizaldean, bederatzi urriaren 16ko operazioan. Guztiak inkomunikatuta eduki zituzten, Guardia Zibilaren esku, epailearen aurrean deklaratzera bidali arte.

Torturak. Otsailaren 20an atxilotutako hamar lagunetatik zazpik tratu txarrak jasan zituzten: burua plastikozko poltsaz estaliz itolarria eragin batzuei, pistola lokian jarrita tiro egiteko plantak egin, lehertu arte flexioak eginarazi, kolpeak barrabiletan, laido sexualak… Bostek aurkeztu zituzten salaketak eta salaketa guztiak artxibatuta daude.

Espetxeratzeak. Sei auzipetu izan dira espetxean Egunkaria auziagatik. Iñaki Uriak 17 hilabete eta erdi egin zituen Aranjuezko espetxean. Xabier Alegriak 21 hilabete eta erdi, Soto del Realen: zortzi hilabete eta erdi egin ondoren 50.000 euroko bermea jarri zion epaileak, baina ez zuen ordaindu, Udalbiltza auziagatik espetxean jarraitu behar zuelako; 2004ko abenduaren 4an utzi zuten aske, bi auziengatik berme bana ordainduta. Xabier Oleagak zortzi hilabete eta erdi egin zituen Navalcarneron, Pello Zubiriak ia hilabete Soto del Realen, eta Joan Mari Torrealdaik eta Txema Auzmendik hiru aste eta erdi, Soto del Realen baita ere.

Bermeak. Zazpi auzipetuek eta beste zortzi inputatuk dirutza ordaindu behar izan zioten Espainiako Auzitegi Nazionalari baldintzapean aske gelditu ahal izateko: 450.000 euro Uriak; 50.000 Alegriak; 30.000 Oleagak eta Otamendik; 18.000 Inma Gomilak; 12.000 Zubiriak, Torrealdaik, Auzmendik, Fermin Lazkanok, Luis Goiak, Joanmari Larrartek, Joxe Mari Sorsek, Mikel Sorozabalek, Mikel Azkunek eta Xabier Legarrak. Guztira, ia 700.000 euro. Auzipetu gehienek astero, hamabostero edo hilero epaitegira edo polizi etxera joan behar izan dute sinatzera, eta Espainiako Estatuaren mugetatik irtetea debekatua izan dute. Martin Ugalderi, Egunkaria SAko ohorezko lehendakariari, diru kontuak blokeatu zizkioten, eta hil zen arte ez zizkioten desblokeatu.

Itxia eta likidatua. Euskarazko egunkari bakarra itxi egin zuten. «Badaezpadako» neurri gisa hartu zuen erabakia, auziaren instrukzioaren hasieran. Enpresa itxi eta Egunkaria kaleratzea debekatu zuen aurrena, eta enpresa likidatzeari ekin zion gero, administratzaile judizialaren laguntzaz. Gaur egun, likidatuta daude Egunkaria SA enpresa eta talde bereko beste hainbat enpresa, hala nola Atez Ate, Tolosaldeko Komunikabideak, Ardatz eta Herri Informazioa. Itxita gelditu dira, betiko, bihar hasiko den epaiketan gertatzen dena gertatzen dela.

Langileak. Egunkaria ixteko erabakiak 180 langile inguru utzi zituen kalean, Egunkaria SAko eta taldeko beste enpresetako kideak barne. Haien artean atera zuten Egunero behin-behineko egunkaria, lau hilabetez, Berria egunkaria jaio zen arte. EKT enpresa argitaratzaile berriaren aurreneko akziodunak izan ziren Egunkaria-ko langile ohiak.

Irakurleak eta akziodunak. Ohiko egunkaririk gabe utzi zituen 15.000 erosle eta 50.000 irakurle Del Olmoren erabakiak. Haietako asko enpresaren akziodunak ere baziren: milatik gora akziodunen ekarpenei esker jaio zen Egunkaria 1990ean, eta milaka akziodun zituen itxi zutenean.

Egunkari berrirako dirutza. milaka herritarren, elkarteren eta erakunderen ekarpenei esker sortu ahal izan zen Egunkaria-k utzitako hutsunea bete zuen egunkari berria: 4.595.900 euroko kapitalarekin abiatu zen Berria, 2003ko ekainaren 21ean, Egunkaria itxi eta lau hilabetera. 24.404 herritarrek eta gizarte eragilek erosi zituzten akzioak.

Auzibidearen kostu ekonomikoa. Egunkaria-ren auzibideak, epaiketa barne, 500.000 euroko kostu ekonomikoa izango duela aurreikusi dute auzipetuek. Laguntzaile ugariren ekarpenei esker egin ahal izango diote aurre kostu horri.

Egun bat falta da; bihar hasiko da epaiketa.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>