Txema Auzmendi: «Argi genuen inork ez zigula esango zein bide politiko hartu behar genuen»

2009, abenduak 16


Euskal kulturari laguntzeko, eta Elizak euskal kulturgintzaren aldeko lanean beti izan duen presentziari eusteko. Horretarako sartu zen Egunkaria-ren proiektuan Txema Auzmendi. Administrazio Kontseiluko idazkari izateko proposamena horregatik onartu zuela azaldu zion epaileari akusatuen eserlekutik. Gaur egun jesuita izaten jarraitzen du euskaltzaleak. Kulturaren alde aritu zela beti, gainerako akusatuak bezala. Ez zuela inoiz Egunkaria-ren proiektutik ideologia konkretu baten alde egin eta ez zirela inoren menpe aritu. «Oso argi genuen inork ez zigula esango zein bide politiko hartu behar genuen; dela eskuma, dela ezkerra, dela erdibidekoa. Guk geuk bagenuen erabakitzeko gaitasuna. Eta, ez balitz hala izan, utzi egingo nuke guzti hura».

Bere «kultur militantziagatik», oinarri hori beti oso argi izan duela nabarmendu du Auzmendik. «Euskal hiztunek osatutako gizartearen zati handi bat ordezkatzen zuen gure proiektua inork kontrolatzea aberrazioa litzateke, onartezina, eta utzi egingo nuke berehala». Izan ere, horrek, proiektuari berari zentzua kenduko liokeela uste du jesuitak.

Egindakoaz harro

Eta gustura aritu zen Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluan. Proposatu zioten kargua handiegi zitzaiola uste zuen arren eta ardura beste batek hartzea nahiago lukeela hasieratik bazekien arren, harro dago egindako lanaz. «Nahiz eta bizitzen ari garen egoera gogorra izan, poz handia dut egin genuen proiektuagatik».

Bere aurretik deklaratu zuten gainontzeko lau epaituen hitzak berretsi zituen. Abokatuaren eskariz, Egunkaria Sortzenen zein akziodunen batzar baten akta bana erakutsi zituzten, eta berak, idazkari zenean idatzi zituela azaldu zuen, eta, han agertzen diren erabakiak talde bakoitzeko bileretan hartu zirela.

Egunkaria-ren zuzendarien izendapenei buruzkoak dira bi akta horiek. Pello Zubiriak zuzendari izateko prestutasuna urtebeterako azaldu zuela jasotzen dute aktek. Eta, epe hori igaro ondoren, Administrazio Kontseiluak Iñaki Uria izendatu zuela ordezko kargu horretan.

Torturak

2003ko otsailean Egunkaria itxi eta guardia zibilek atxilotu zutenean jasandako tratua azaltzeko eskatu ziotenean, berez mehe duen ahotsa urratu zitzaion Auzmendiri. «Ahal badut bai», erantzun zion abokatuaren eskaerari. «Saiatuko naiz».

Torturen kontakizun zehatza saihesten saiatu zen hasieran, oraindik gogorregi egiten zaiolako. «Ni ez ninduten jo besteak bezala. Besteek kontatu didate zer egin zieten eta niri ez. Baina oso gogorra izan zen dena. Umiliagarria izan zen tratua erabat. Animaliak ere horrela tratatzea ez dago ondo. Baina pertsonak…».

Inkomunikatuta izan ondoren epailearen aurrera deklaratzera eraman zutenean, epaileari esan ziona errepikatu zuen atzo: «Esan nion justizia eta eskubideen alde egiten duen pertsonak egoera hori bizi beharko lukeela zer den jakiteko. Ezin da azaldu».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>