Manifestaziora joateko deia egin du Kontseiluak, «ezer ez delako aldatu»

2009, abenduak 17

 aa1.jpg

Urteek aurrera egiteak ez ditu gauzak aldatu, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera. Egunkaria-ren itxiera eta zuzendaritzako kide batzuen atxiloketa euskararen eta euskal kulturaren aurkako erasoa izan zen, eta, zazpi urte geroago, ez dauka dudarik horrela dela oraindik ere. Kalera ateratzeko, orduan bezainbeste arrazoi badaudela argi du.

«Orduan euskalgintzako kide hauek, gure kideak, bortxaz eraman zituzten eta bidegabekeria hori salatu genuen manifestazioaren bitartez. Orain ere Madrilen daude. Epaitzen ari dira, eta berriro ere erantzun bat emateko premian gaude». 2003ko otsailaren 22ko Donostiako manifestaziora Kontseiluak deitu zuen, atxilotutako hamar lagunek inkomunikatuta jarraitzen zutela. Etzi Bilbon eginen den manifestaziora auzipetuek berek deitu dute, baina Kontseiluak babes osoa erakutsi dio. Dei zabala egin nahi izan du Mendigurenek, auzipetuen etorkizuna baino haratago euskal kulturaren etorkizuna dagoelako jokoan. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Autonomia kaletik.

Manifestazio honi babesa emateko euskalgintzako hainbat ordezkarirekin agertu zen Mendiguren prentsaren aurrean, tartean Kontseiluko zuzendaritzako kideak. Ondoan izan zituen Euskal Herriko Ikastolen presidentea Koldo Tellitu, EKTko kontseilari ordezkaria Joanmari Larrarte, Elkar megadendetako zuzendari nagusia Jon Jaka, EHEko Unai Larreategi, Euskal Konfederazioko eleduna Sebastian Castet, Emuneko Leire Muxika, Bertsozale Elkarteko Aritz Zerain eta AEK-ko Aurkene Urrosolo.

Mendigurenek gogoratu du 2003ko Donostiako manifestazioa inoiz izan den handiena izan zela. Kopuru bat ematera ez bazen ausartu ere, handiena izan zela ez dauka dudarik. «Oraingoan ere gutxienez maila horretako erantzuna eman behar dugu, orduko olatuari jarraipena emanez».

Mendiguren Madrilen izan zen herenegun, auzipetuei elkartasuna adierazteko, baita epaiketaren lehen egunari kasu egiteko ere. Bertaratu zirenei Espainiako Segurtasun Indarrek ez zietela harrera ona egin kontatu du; salatu egin du, halaber, bildu zirenen herenei baizik ez zietela sartzen utzi epaiketa aretoan, nahiz eta lekua denentzat egon. Epaiketan errandakoa, aldiz, ongi ikusi zuen, eta itxaropentsu dago Kontseiluak eskatzen duena lor daitekeelako. «Absoluzioa edo artxibatzea eskatzen dugu, baina hori bukaeran baizik ez dugu jakingo». Asteartean Madrilera joan zen ordezkaritzari dagokionez, Mendigurenek begi onez ikusi zuen. Hain ordezkaritza zabala biltzea pozteko modukoa da, haren erranetan. «Babes talde izugarrizkoa izan zen. Ez da egunero horrelakorik lortzen».Manifestaziora joateko deia egin duen bezala, Mendigurenek herritarrak animatu nahi izan ditu auzipetuei babesa emateko interneten bidez. www.egunkaria.info eta www.berria.info web orrietan eman daiteke.

Gero eta atxikimendu gehiago

Egunak pasatu ahala, gero eta gehiago dira larunbateko manifestazioari atxikimendua erakutsi dioten eragileak. Epaiketa hasi zen egunean Aralarrek eta Ezker Batuak herritarrei deia egin zioten manifestazioan parte-hartzeko. Atzo beste eragile batzuen txanda izan zen. Ezker abertzalearen ustez, Espainiako Estatua Euskal Herriari egiten ari zaion eraso zabalaren barruan dago Egunkaria-ren aurkako auzia. Horretarako, eskura dauzkan tresna guztiak erabiltzen dituela argi utzi nahi du; komunikabideen itxiera barne. Egunkaria-renaz gain, horren froga eman ditu Egin, Egin Irratia eta Ardi Beltza.

Udalbiltzaren arabera, Egunkaria-ren epaiketa sekula egin behar ez zen bertze bat da. Akusatuen aulkian dauden bost lagunen delitu bakarra euskara eguneroko prentsara eraman izana da, haren ustez. Hizkuntza eskubideak eta prentsa askatasuna urratuz, «inkisizioaren garaia» itzuli dela uste du. Haren aurka laster hasiko den epaiketa ere horren eredu dela ez dauka dudarik. «Kasu batean zein bestean, injustiziaren adibide gordinak dira. Gordinegiak isilik egoteko».Bai Euskal Herriari ekimenak ere, «milaka arrazoi» ikusten ditu larunbatean «Egunkaria libre» oihukatzeko Bilboko kaleetan. Haren ustez, bada garaia euskal herritar guztiak ohartzeko Espainiako auzitegiek ez diotela justizia arrazoiari men egiten. Interes politikoen arabera funtzionatzen duela argi du. «18/98, Ardi Beltza, eragile sozialen nahiz politikoen aurkako epaiak, eta oraindik gelditzen diren Egunkaria auzia eta Udalbiltza auzia; zenbat herritar kartzelatu behar dituzte beraiek jarritako joko arauak errespetatzen ez dituzten horiek?».

AAMk ere Bilbora joateko deia egin du, Egunkaria auzia beste hainbat eskubide urraketen adibide delako; politikoak, biltzeko eskubidea, manifestatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna, besteak beste.Gisa berean Zutik-eko Gorripidea ildoak bere atxikimendua erakutsi nahi izan dio manifestazioari, «dena ETA da» aitzakiarekin «ez hankarik ez bururik ez duen adierazpen askatasunaren aurkako erasoa delako».

Atxikimenduak

Kontseilua

Udalbiltza

Ezker abertzalea

Aralar

Ezker Batua

Bai Euskal Herriari

AAM

Zutik-eko Gorripidea ildoa

Ezker Gogoa elkartea

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>