‘Egunkaria’ ixtea eskatu zuela onartu du instrukzio buru zen guardia zibilak

2009, abenduak 17

Euskaldunon Egunkaria ixteko eskaera R28575H guardia zibilak egin zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileari. 2003ko otsailaren 17an egin zuen eskaera hori; hain justu, epaileak agindua eman baino hiru egun lehenago. Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez onartu zuen hori auziko instrukzioa gidatu zuen guardia zibilak.

Eskaera hori egin izanaz ez zela gogoratzen erantzun zion aurrena: «Ez dut gogoratzen hori nik egin ote dezakedan. Miaketak-eta egitea bai, hori nik eskatu nuen, baina ez dut uste itxiera nik eskatu nuenik». Akordatzen ez bazen ere, gertaerak gogora ekarri zizkion Iruinek. Guardia zibil horrek berak instruktore gisa sinatuta 2003ko otsailaren 17an epaileari helarazitako agiria erakusteko eskatu zuen, eta hura ikusita, «hor esaten duenaren arabera eskatu nuen, bai», onartu behar izan zuen R28575H guardia zibilak.

Ez zen «ezertaz gogoratzen» AVT akusazioak eskatuta deklaratzera joan zen guardia zibila. Egunkaria ixteko ez ezik Egunkaria Sortzen SL eta Egunkaria SA ixteko eskatu izanaz ere ez zen akordatzen. Eskaera horien agiriak banan-banan ikusarazi zizkion ordea Iruinek, eta ezin izan zuen begi-bistakoa ukatu.

Euskaldunon Egunkaria-ren eta bost auzipetuen kontrako epaiketaren bigarren eguna izan zen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Herenegungoa ez bezala, saio motza izan zen atzokoa. Pare bat ordu nahikoa izan ziren akusazioek lekuko gisa deitu zituzten hiru guardia zibilek deklara zezaten. Berez lau ziren joatekoak, baina haietako bat gaixo dagoenez, hark urtarrilean deklaratzea erabaki zuen epaimahaiak. Herenegun bezala, atzoko saioan ere ez zuen ezertan parte hartu fiskalak. Une batean epaileari ahaztu egin zitzaion galdeketa egin behar ote zuen galdetzea.

Lekuko gisa deklaratu zuten aurreneko bi guardia zibilak auziko instrukzio burua eta haren laguntzaile lanetan aritu zena izan ziren. Biak peritu gisa ere deklaratzera deituta daude akusazioen aldetik, baina, atzoko saioan argi geratu zen peritu izateko neutraltasun baldintza ez dutela betetzen, beraiek eskatu zituztelako instrukzio garaiko diligentzia gehienak, txostenak egin zituztelako eta enpresak ixteko aginduak galdegin zituztelako.

Instrukzioko guardia zibilak itxiera eskatuz Del Olmo epaileari helarazi zion idatzian dio «ETAren instrumentua» dela Egunkaria, eta erakunde armatuak «instrumentu» hori erabiltzea eragozteko egunerokoa ixteko eskatzen diola. Auzi horren barnean epaileari igorritako zenbait txosteni egiten die erreferentzia testuak, eta honako ondorioa ateratzen du: «ETAk bi helbururekin erabiltzen du Egunkaria SAk argitaratzen duen Euskaldunon Egunkaria. Batetik, euskal kultura eta euskara zabaltzeko erabiltzen du, eta bestetik, ezker abertzalearen ideologia eta propaganda zabaltzeko». Guardia zibilaren sinadura eta guzti dauka agiri horrek, eta honela dio azken esaldian, letra lodiz jarrita: «Behin-behineko neurri gisa, Euskaldunon Egunkaria kazeta ixtea eskatzen da». Arrazoi horiek nahikoak izan ziren Del Olmorentzat, Egunkaria ixteko agin zezan.

Egunkaria-ren itxiera epaileak agindu zuen arren, atxiloketak berak agindu zituela ere onartu zuen instrukzioa gidatu zuen guardia zibilak. Auzia abiatzeko diligentziak egiteko ere berak eskatu zion epaileari, «diligentzia kopuru handi bat», eta berak egin zituen auziak aurrera egin zezan hainbat txosten ere: txosten orokorrak, haiek osatzeko zehatzagoak, akusatuei buruzkoak… «hamarnaka txosten».

Hori guztia kontuan hartuta, argi dago R28575H guardia zibila auzia aurrera eramateko lanean aritu dela, eta, beraz, auziko alde bat dela. Hargatik, polizia hori ezin da peritu izan, akusazioak eskatu bezala. Auziko alde bat ezin baitaiteke auzian inpartzial izan, peritu bati dagokion bezala. Gomez Bermudez epaileak berak ere ondo bereizi nahi izan zituen guardia zibilek lekuko gisa eta peritu gisa egin beharreko adierazpenak. Behin eta berriz esan zuen lekuko gisa ari zela deklaratzen, eta peritu gisa beste egun batean joango denez, gisa horretako galderarik ez egiteko. «Ez iezadazue argiago hitz eginarazi», esan zuen une batean, iradokiz peritu gisa sinesgarritasuna ematen bazieten hura baliogabetzea zailagoa izango zela.

Bigarren guardia zibila deklaratzera sartu zenean, hura ere peritu gisa deituta zegoela ekarri zuen gogora epaileak, eta atzo lekuko gisa besterik ez galdekatzeko eskatu zien aldeei.

Instruktorea ez zegoenean laguntzaile gisa diligentzia eskaerak egiten al zituen galdetu zion Iruinek, eta baietz erantzun zion. Egunkaria auziari buruzko txostenik osatu zuen ere galdetu zion, eta baietz erantzun zion, nahiz eta zehaztu ez zituela laguntzaile gisara egin. Nolanahi ere, aurrekoaren kasu berbera da, diligentziak eskatu eta txostenak osatu baditu, zalantzan dago peritu izateko baldintzak betetzen dituen.

Urtarrilaren 12an hurrengo saioa

Urtarrilera arte ez da beste auzi saiorik izango. Urtarrilaren 12an jarraituko du epaiketak, goizeko saioan. Gero, beste eten bat izango da, eta 25etik 29rako astean jarraituko du, egun bakoitietan goizez eta bikoitietan goiz eta arratsaldez.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>