Gehiengo sindikalak, EAJk eta EAk ere deia egin dute bihar Bilbora joateko

2009, abenduak 18

«Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako epaiketa erabateko zentzugabekeria juridikoa da», euskal gehiengo sindikalaren iritzian. Horregatik, larunbatean 17:00etan Autonomia kaletik abiatuta Egunkaria libre! lelopean egingo den manifestaziora joateko deia egin dute ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk, elkarrekin argitaratu duten oharrean. EAJk ere gauza bera egin zuen atzo, beste ohar batekin, baita EAk ere. Hainbat gizarte mugimenduk ere manifestaziorako deia egin diote gizarteari, hala nola Lokarrik eta Topagunea euskara elkarteen federazioak.

Aurretik gutxitan gertatu zena birritan gertatuko da denbora gutxian. Alderdi abertzale guztiak eta gehiengo sindikala elkarren ondoan manifestatuko dira, hiru hilabetean bigarren aldiz. Urrian gisa bereko manifestazio bat egin zen Donostian, Eskubide guztien alde lelopean, ezker abertzalearen kontra Espainiako Poliziak egindako operazioa salatzeko, eta bihar Bilbon batuko dira, Egunkaria libre! lelopean. Desberdintasunik ere bada: aurreneko protesta horretarako deia gehiengo sindikalak egin zuen, eta biharkorako deia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren bost auzipetuek egin dute. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi eta Martxelo Otamendi han izango dira manifestazioan, epaiketako lehen bi egunak bizi-bizirik dituztela. Izan ere, asteartean hasi zen epaiketa akusatuen deklarazioekin, eta asteazkenean jarraitu zuen. Egunkaria ixteko eskaria egin zuela onartu behar izan zuen asteazkeneko saioan guardia zibil batek, akusatuen beraien aurrean.

Auzipetuak Madrilen jaso duten babesa handia izan da. Eta olatu bilakatu nahi da babes hori bihar. Auzipetuak babesteko, euskalgintza babesteko eta mota honetako erasoak geratzeko eskatzeko aldarri izatea nahi lukete.

Alderdi politikoek ere manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Herenegun ezker abertzaleak, Aralarrek eta EBk igorri zuten oharra deialdiarekin bat eginez, eta atzo EAJk eta EAk egin zuten bat.

EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea buru eramango duen ordezkaritza izango da Bilbon, auzipetuek deitutako manifestazioarekin bat eginda.

Eusko Alkartasunak ere bat egin du deialdiarekin. Pello Urizar idazkari nagusia buru izango duen zuzendaritzako ordezkaritza bat Bilbon izango da: «Egunkaria-ren itxierak bultzada politikoa izan zuen, eta helburua herri honetako kultura eta euskara kriminalizatzea izan zuen. Halaber, adierazpen eta prentsa askatasunaren aurkako eraso argia izan zen».

Lokarrik ere manifestaziora joateko deia egin du. Erantzun argi, jendetsu eta askotarikoa nahi luke izatea oinarrizko eskubide eta askatasunen alde, eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.

Euskalgintzako alor ugarik egin dute bat deialdiarekin. Kontseiluaz gain, atzo Topaguneak ere manifestaziorako deia egin zuen.

Atxikimenduak

Kontseilua

Topagunea

ELA

LAB

ESK

EILAS

EHNE

Hiru

Udalbiltza

EAJ

Ezker abertzalea

Aralar

EA

Ezker Batua

Zutik-eko Gorripidea ildoa

Bai Euskal Herriari

AAM

Ezker Gogoa elkartea

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>